Euskerazko unibersidade-liburuak egiteko deialdia martxan
2021-08-05 10:21 Euskerea berbagaiUEUk sustatzen dau diru-poltsea, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz.
Unibersidadeko ikasketak egiten dabizanek behar-beharrezkoak ditue liburu espezializaduak eta ikasgaietako edukiak batzen dituenak. Euskeraz be eskaintza zabala eta gaurkotua egon daiten, UEUk hiru diru-poltsa sortu ditu, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Deialdi honen bidez, euskerazko unibersidade-liburu barriak bultzatu nahi ditue.
UEUk lantzen dituan ikasgai guztietako liburuak onartuko ditue: antropologia, antzerkia, arkitekturea, artea, bertsolaritzea, ekonomia, filosofia, fisikea, glotodidaktikea, historia, hizkuntzalaritzea, ikasketa klasikoak, informatikea, itzulpengintzea, kazetaritzea, komunikazinoa, kimikea, fisikea, klimatologia, literaturea, matematikea, musikea, natur zientziak, osasuna, pedagogia, psikologia, sexualidadea, soziologia, soziolinguistikea, zuzenbidea, kultura-gaiak, folklorea eta gastronomia. Hortik kanpoko alor batzuk be kontuan hartuko ditue.
Nahi daben autoreek parte hartu leikien arren, orain arte unibersidadeko liburuetan ibili ez diranak animau ditu UEUk batez be, idazleen zerrendea ahalik eta luzeena eta anitzena izan daiten, eta gazteek lekua egin deien. Hortaz, autore gazteen lanak gehiago balorauko dira, baita kide gazteak dituen lantaldeek idatzitakoak be.
Urriaren 10era arte hartu leiteke parte deialdian. Poltsa bakotxaren irabazleari 3.000 euro emongo deutsez, eta akordioak urtebete izango dau. Jakina, liburuak oso-osorik euskeraz idatzi beharko dira.
Behin epaimahaiak proposamen guztiak aztertuta, abenduan jakin eragingo dau UEUk ze hiru proiektu aukeratu dituan. Argibide gehiago eta deialdiaren oinarriak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!