Busturialdeko 'Bisita historikoak', abuztuan be martxan
2021-08-04 08:09 KultureaArrola, Forua, Tribisburu, Ereñozar eta Katillotxu ezagutzera emongo ditue.
Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez, Busturialdeko ondare arkeologiko eta historikoa ezagutzeko antolatzen diran Ibilbide historikoak abuztuan be egin ahal izango ditue herritarrek, bisiten egutegiak ez dauelako oporrik hartu. Eskualdeko antxinako biztanleen aztarnak eta bizimodua ezagutzeko aproposak diran bost proposamen dakarz egitarauak.
Gidariaren azalpenak entzuteaz gan, parte-hartzaileek gune arkeologiko bakotxeko ikerketa-zuzendariakaz berba egin ahal izango dabe. Honeek dira bost ibilbideak:
- Arrolako oppidum-a (Arratzu): Abuztuaren 9, 14, 16, 22, 23 eta 29an. Orain dala 2.500 urteko gotorleku eta bizilekuaren aztarnak. Tabletaren bidez errealidade areagotuan ikusi leiteke zelakoa zan ingurua han jentea bizi zanean.
- Foruko herrixka erromatarra: Abuztuaren 4, 8, 11, 15, 18, 25 eta 28an. Kasu honetan be, errealidade areagotuan ikusteko modua dago. I. mendean hasita, inguruko biztanleen eta urruneko merkatarien topaleku izan zan Forua.
- Tribisburuko nekropolia (Bermeo/Busturia): Abuztuaren 6, 13, 20, 22 eta 27an. Hildakoen errautsak eta hareei lotutako objektuak lagatzeko hamar gune topau ditue adituek.
- Ereñozar gaztelua (Ereño): Abuztuaren 5, 7, 12, 19, 21, 26 eta 30ean. San Migeleko baseleizea hartzen dauen tontorrean, gotorlekua egon zan Erdi Aroaren hasikeran, baita nekropolia be.
- Katillotxuko estazino megalitikoa (Sukarrieta): Abuztuaren 5ean eta 19an. Historiaurreko dolmen bi eta hilobi kolektiboak topau ditue. 2005 eta 2008aren artean zaharbarritu eta bisitarientzako egokitu zituen. Hiru egitura tumular be badagoz, baina oraindino ez dira sakontasunez aztertu.
Bisitaldi gidatuon inguruko argibide gehiago eskuratzeko edo izena emoteko, BizkaiKOA-ren webgunera jo leiteke. Bestela, eskuorriaren PDFa online dago hemen.
Beste alde batetik, Foru Aldundiak jakitera emon dau irailean berrekingo deutsiela Bizkaiko Foruen zin-bidea ezagutzeko ibilaldiei. 2018tik antolatzen da Gernikako Arbolatik harago izeneko jarduera hori, Bizkaiko Jaunak Foruen zina egiteko erabilten eban bidea eta monumentu esanguratsuak erakusteko. Bilbon hasi eta Bermeon amaitzen zan bidea, Gernikatik pasauta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!