Gernikarte erakusketea digitalean dator aurten
2021-08-03 10:20 KultureaBusturialdeko artisten lanak QR kode baten bidez ikusi leitekez.
Formatu barria ez eze, barritzailea dakar 2021eko Gernikarte erakusketeak. Busturialdeko sortzaileen obrak erakusteko urtero antolatzen da, baina aurten ez dabe leku fisiko baten ipini, eremu digitalean baino. Hau da, artelanak ikusi nahi dituenak gailu elektroniko bat beharko dau. Karteletan eta sarean zabaldu daben QR kode baten bidez sartu ahal izango da erakustoki digitalera.
Gernika-Lumoko Udalak azaldu dauenez, artea arlo digitalagaz konektetako eta herritarrentzat zein artelanak ikusi gura dituaen guztientzat eskuragarri egon daitezan hartu dabe Gernikarte digitalean egiteko erabagia. Irailaren 17ra arte egongo da erakusketea eskuragarri.
Busturialdeko artisten lanari autortzea egitea eta lantzen dituen formatu ugariak gizarteratzea da Gernikarteren asmoa. Aurten, eskualdeko 30 artista baino gehiagoren obrak ikusi leitekez: argazkiak, pinturak eta eskulturak, besteak beste.
Honeek dira artistak: Aitor Arana, Angela Lopez, Beatriz Quintanilla, Belen Foruria, Borja Uriona, Eulogio Ormaetxebarria, Fernando Malaxetxebarria, Gemma Uriarte, Gema Intxausti, Iñaki Unamuno, Ionan Berasaluze, Iraia Ladislao, Jesus Burgos, Jesus Diez, Jon Ber, Jose A. Uriguen, Juanjo Aretxederreta, Julen Munitis, Lide Kaltzada, Luis Iriondo, Maitane Azurmendi, Marimar Agirre, Marije Dapousa, Olatz Landa, Ricardo Abaunza, Rosa Mari Sanchez, Ruben Petralanda, Jose Ramon Erezuma, Ube, Tasio, Jesus Ladislao, Maria Vallejo eta Zulema Fernandez.
Iraia Ladislaok diseinau dau 2021eko Gernikarteko kartela, baina erakusketea iragarri baino gehiago egiten dau aurtengoak: kartelaren erdi-erdian dago artelanak ikusteko sarbidea emoten dauen QR kodea.
Bestetik, Gernikarteri zabalkundea emon eta gaztetxuen artean artearen inguruko interesa sortzeko, Gernika-Lumoko Merkatarien Alkarteak lehiaketea antolatu dau 12 urte bitarteko neska-mutilentzat, Artista bat zara! lemapean. Borja Urionak sortutako txantilloietan oinarrituta, parte-hartzaileek artelanen inguruan daben ikuspegia edo interpretazinoa erakutsi beharko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!