Hizkuntza eskubideei lotutako 246 intzidentzia batu ditu Elebidek urtebetean
2021-08-02 07:57 Euskerea berbagai2019agaz alderatuta, eskubideen urraketa gehiago egon dira 2020an.
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren, hau da, Elebideren, 2020ko datuak batzen dituan txostena onartu dau Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak egunotan. Igaz, 246 intzidentzia erregistrau zituen herritarrek Elebiden, hizkuntza eskubideen urraketei lotuak, hau da, 2019an baino 52 gehiago.
Intzidentzia guztiak banan-banan aztertu ondoren, 213 hartu ditu kontuan Elebidek: 196 keja, 11 konsulta, lau iradokizun, eskaera bat eta gomendio bat. Kejen artean, aitatzekoa da euskerea ezin erabilteari lotutakoak izan dirala 194, hau da, danak bi izan ezik.
Hizkuntza eskubideen urraketak salatu diran kasuen % 85 arlo publikoan emoten dan zerbitzuari lotutakoak izan dira 2020an. Erdiak inguru EAEko administrazino publikoaren kontrako kejak dira, baina badagoz foru aldundien kontrakoak be. Esate baterako, 2019an, Bizkaiko Foru Aldundiak hiru salaketa jaso zituan Elebiden, eta 2020an bost izan dira. Lekuan lekuko administrazinoetan be, urraketen jokerea goruzkoa da, eta Espainiako Gobernuen ordezkaritzen kasuan, aurreko urtean baino keja bat gitxiago erregistrau da.
Arlo pribaduan, ostera, 26 keja batu ditu Elebidek. Gehienbat, merkataritzan, osasungintzan, finantza eta aseguru zerbitzuetan eta kulturan salatu ditue herritarrek urraketak.
Batutako salaketa guztien % 94,7 modu aproposean konpondu ditu Elebidek, hau da, salatzailea konforme geratu da emon deutsen urtenbideagaz. Beste zazpi lagun ez dira pozik geratu Elebidek egindako kudeaketeagaz. Azkenik, 27 kasutan Elebidek ezin izan dau urtenbiderik topau, erreklamazinoa jaso dauen erakunde edo enpreseak ez dauelako erantzun.
2020an faktore barri bat agertu da hizkuntza eskubideen eta honeen urraketan eragin nabarmena izan dauena, Covid-19a hain zuzen be. Erakunde eta enpresa ugarik zerbitzuak eta arretea euskeraz emoteko zailtasun gehiago izan ditue pandemia hasi zanetik, eta horrek herritarren salaketak areagotu ditu. 2020ko txostenean Elebidek jaso dituen intzidentzien % 20k Covidak eragindako larrialdi egoereagaz dabe zerikusia.
Aurretik Kontseiluak eta Behatokiak salatu izan daben legez, Elebideren txostenean be garbi ikusten da euskerea izan dala galtzaile Covid-19ak ekarritako egoera barrian. Pandemiari lotutako keja guzti-guztiak, 44, euskal hiztunek ipinitakoak dira, ezin izan dabelako euskerea legez jagoken moduan erabili.
Elebidek 15 urte bete ditu dagoeneko, EAEko herritarren hizkuntza eskubideak jagoteko lanean. Intzidetzia gehien 2015ean batu zituan, 789, baina hurrengo urteotan nabarmen egin dau behera Elebidera joten dabenen kopuruak.
Hiru dira Elebideren zereginak: Hizkuntza eskubideak sustatu eta bermatzea; berme hori eraginkorra izateko prozedurak martxan jartea; eta konponbideak ezarteko ardurea daben erakundeakaz alkarlana bilatzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!