Babes bereziko kultura-ondasun izentau dabe Asparrenako (Araba) Marutegi gaztelua
2021-07-30 13:45 KultureaMarutegiko gaztelua, Portillakoagaz batera, EAEko Erdi Aroko gaztelu bakarrenetakoa da.
Marutegiko gaztelua, bere izena daroan mendigune harritsu baten tontorrean dago eta ondo mugatutako esparru bi ditu: Alde batetik, behealdean, eraikin handi baten aztarnak dagoz, 31 metro luze eta 12 metro garai, 1,5 metroko lodierako hormakaz, harresi lez espazioa zarratuz. Beste alde batetik, goiko esparru batean dagoz torrea, jagoteko-talaia eta gotorlekuaren azken defentsea. Gazteluaren barrualdeak maila bi zituan.
Marutegiko gaztelua, Portillakoagaz batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Erdi Aroko gaztelu bakarrenetakoa da. Arkeologia-gune hori aparteko garrantzia dauen ondasuna da, ikerketarako eta dibulgazinorako aukera handiak baititu eta ondare-balio garrantzitsuak batzen baititu:
· Gaztela eta Nafarroako erresumen arteko mugako gazteluetako bat da, Arabako Erdi Aroan. Gaztelu multzo honek elementu monumentalak dituan arren, ez da oso ugaria.
· Aztarnategiaren egoereak sasoi haretako elementuak berreskuratzeko aukerea emoten dau.
· Okupazino-eredu ez autonomoa da, gaztelu-sarea osotzen dau eta guztiek beteten dabe erresumearen defensea eta jagote-funtzinoa, defensarako eta lurralde-egituraketarako katean maila bat gehiago izanik.
· Dimensino txikiak dituanez, osorik landu daiteke eta erraztu egiten da ikerketea, balioa emotea eta zabaltzea.
· Kokapen horreetan estratigrafia gitxi izaten bada ben, gaztelua ondo aztertzeko moduko egiturak ditu.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan inskribiduko dau Marutegi Gazteluaren Eremu Arkeologikoa eta babes bereziko kultura-ondasun izentapenaren onarpena jakinarazoko deutse Asparrenako Udalari, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!