Joxelu Treku: 'Lau abesti Loinatz Abesbatzagaz batera grabau doguz'
2021-08-02 08:05 BarriketanOskarbi taldearen sortzaileetakoa.
Ez Dok Amairuko partaide izan zan Oskarbi eta Benito Lertxundigaz batera bakarrak dira talde horretakoak martxan dabizenak. Egunotan hamabigarren diskoa atontzen dabiz. Dozena bat piezagaz osotutako disko barria udagoienean plazaratzea da asmoa. Bilboko Euskalduna Jauregian 12 kantu eskaini zituen oraintsu eta horreetatik 8 udagoienean plazaratuko daben disko barrikoak izan ziran. Disko barriko kantu gehienak azken urteotan Oskarbiren faktorian sortutakoak dira, melodiak, gero talde lanean aberastutako ahots harmonia eta musikeagaz aberastuta. Gainera, Oskarbiren lau abesti Loinatz Abesbatzagaz batera grabau ditue.
Oskarbi taldean hamar kide dira, horreetatik hiru taldekide barriak, aurten bertan hasi diranak: 6 ahots, gitarrea, akordeoia, flautea, biolina eta pianoa.
1.- Zelako harrerea izan zenduen Aurrera Fest-aren barruko Bilboko kontzertuan?
Taldekideok bikain pasau genduan, oso gustora geratu ginan eta publikoak be gozau ebalakoan nago baina bai nabarmenduko neuke entzule gitxi egon zala.
Ganerakoan, Oskarbi taldearen 55. urteurrenean gagoz eta disko barria be udagoienean plazaratuko dogula gogoan hartuta, pozarren gagoz. Gainera, Euskalduna Jauregia egokia da holako kontzertuetarako eta zurtz eginda geratu ginan akustikeagaz eta.
2.- Talde klasikoa da Oskarbi, gorabeherak gorabehera, plazan ibili dan taldea zarie...
Duda barik. 1966. urtean hasi ginan, euskal kanta barriaren pizkundean eta, beraz, 55 urte egin doguz. Beti hariari helduta, euskal kantuaren hariari helduta eta euskal kantu barrien sorkuntzan. Gugan eragin handia izan eban Ez Dok Hamairuk, lau urtean ibili ginan alkarregaz Euskal Herri osoan eta gaur egun, bitxikeria legez baino ez bada be, Benito Lertxundigaz batera, martxan gabizan bakarrak gara.
3.- Disko barriko 8 kantu eskaini zenduezan Euskalduna Jauregian. Ezustekorik hartuko ete dogu?
Hamabigarren diskoa izango da eta lan horrek barrikuntzak dakarz, izan be, disko barriko kantu zerrendan, ia danak Oskarbik sortutakoak dira, ahotsek dabe lehentasuna eta lau kantutan Loinaz Abesbatzagaz batera kantetan dogu, gure kantu ezagunenetakoak dira baina aparteko indarra gehitu deutsegu, oskarbiren polifoniari gehitu jako abesbatz on baten polifonia eta buztarketa horrek ezin gauza txarrik ekarri. Esperantzari gure kantu historikoa sano ezbardina da Loinaz abesbatzagaz kantauta, aberastu egiten dau, beste mundu bat sortu dogu.
4.- Berbak Joxanton Artze, Juan Gartzia, Otxoteko, Joxelu Treku, Kamusarri eta Gandiagarena erabilten dozuez. Zeri kantetan deutsazue?
Atzera egin eta Gandiaga landu dogula nabarmenduko deutsut, 20 bat kantutan Gandiagaren poesiak sartu doguz baina beste poeta batzuk be ahaztu barik; Artzegaz beti gustora eta orain be poema bi musikatu deutsaguz, Juan Gartziaren beste bi, otxotekorena beste bat, neureak bi edo hiru dira, oso oker ez banago, eta Kamusarri be sartu dogu.
Antxina txoriei eta natureari kantetan geuntsen, antza, eta holakoakaz gabiz. Barrietan, barriz, Oskarbi taldearen berezitasunak nabarmentzen doguz, zer garen eta nondik gatozen, Trinidadea, barriz, herri kantua da, Sakanako kantua gure eran emona. Artzeren poema bi, azken aroko poesia, hain zuzen be. Soin barriko koplak, Otxotekorenak; Amets herri eta Nigatik negar, maitasun kantua, txeloagaz jota, duo bikaina, Juan Gartziaren berbakaz egindako kantuak.
5.- Taldean hamar lagun zarie, horreetako hiru aurten batu dira taldera. Nortzuk dira?
Hamar ez, zortzi izan gara Bilboko kontzertuan baina Astigarragan eta Beasainen emondako kontzertuetan 10 izan gara. Barrikuntzak dira neska kantari bi eta pianista bat batu jakuzala.
6.- 55 urteko ibilbidean, 30 bat kide izan ditu taldeak baina Treku eta Maritxalar zarie hasieratik egon zarienak. Ze gogoeta eragiten deutsu horrek?
Bitxia da, azterketa edo ikerketa sakona beharko leuken gaia [Barreka]. Gure ibilbidean alkar elikatzen ibili gara eta gorabeherak be izan baditugu be, ondo konpondu gara, musikazale amorratuak gara, gure tradizinoak eta gure kantu zaharrak eta gure poetak maite doguz eta uste dot hori dala botikarik onena eusteko. Gu ez gara profesionalak, musikea ez da gure ogibidea, pasinoa da, ilusino faltarik ez dogu eta jarraitzeko gogoa da gure indarra.
7.- Oskarbi taldearen 50. urteurrena ospatzeko liburua plazaratu zenduan: Doinu zaharren aritik, euskal kantu berriaren bidean. Oskarbi taldea 1966-2016. 400 orrialdeko liburu mardulean taldearen kantaldi, kantu, partaide eta ibilbide zabal kronologikoa agertzen dira....
Bai. Urteurren seinalatua zan, makinatxu bat kantaldi eskaini genduzan eta beti izan dodanez zeozertxu idazteko gogoa, hortxe izan neban aukerea materiala batu eta alkarrizketak egiten emondako prozesu luze baten ondoren, geure ibilbideko mugarriak, helburuak, amesak, diskoak eta bestelakoak jorratzeko. Gaur egun, esperientzeak, kantaldiak eta pilotu egiten jatzuz eta segurutik beste gauza batzuk idatziko nituan baina...
8.- Liburuan ez dagozan zehetasunetatik zer idatziko zeunke orain?
Anekdota bat kontauko deutsut. Gaztetan, zelatatuak sentiduten ginan, polizia, zentsurea eta holakoakaitik eta gure betiko praktikotasuna erakutsi genduan, izan be, barri bat heldu jakun Gipuzkoako Gobernadore Zibilarena esanaz, emazteak kantaldi bat egin gura ebala Astorian eta orduantxe pentsau genduan, momentu aproposa zala hori Iparraldera kantetan joateko baina pasaporterik ez geunkanez, tratua eskaini geuntsan, kantaldia emongo genduala, zentsura barik, dana euskeraz baina trukean, pasaporteak behar genduzala. Holan egin genduan eta txistu batzuk entzun arren, oso gustora geratu ginan.
9.- Udagoienean disko barria plazaratuko dozue baina hortik aurrera Oskarbik jarraituko ete dau?
Betiko koplak dira. Askotan, gure artean esaten dogu taldeari agur esateko ordua be badala baina hagaitik edo besteagaitik, beti eusten deutsagu eta urte batzuetan plazan ibiliko garela pentsetan dot. Pozik gabiz eta zergaitik itxiko dogu bertan behera taldea, oraingoz ez behintzat.
10.- Euskal kantagintzearen panoramea zelan ikusten dozu?
Indartsu. Beste aro bat da hau, ez da gu sortu ginanekoa, helburuak eta egitekoak be goitik behera aldatu dira baina euskal kantu barriaren haria ez dala eten uste dot eta hori poztekoa da.
Mobimentu handiko boladea bizi dogu, jente asko dabil eta musika estilo ugari jorratzen ditue. Gainera, emakume gazte asko sartu da, baita taldeburu be eta egiten daben ekarpena itzela da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!