Joseba Segura: 'Fedearen familia bidezko transmisinoa galdu egin da'
2021-07-29 13:32 KultureaEmakumearen ahotsa Eleizearen erabagimen-guneetan be agertu behar da.
Sabino Arana Fundazinoak argitaratzen dauen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren 69. zenbakiak azterketa sakona jaso dau euskereak bihar-etzi euskal gizartean izango dituan aukera eta erronkei buruz, hainbat arlotako adituen eskutik.
Ale berezi honetan, ondokoen ekarpenak jaso dira: Erramun Osa, Euskaltzaindiako Sustapen batzordeko idazkaria eta euskaltzain urgazlea; Xabier Barandiaran, Deustuko Unibersidadeko irakaslea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia arduraduna; Ibon Zugasti, Prospektiker erakundeko zuzendaria; Gorka Espiau, Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendaria; Iñaki Iurrebaso, UPV/EHUko irakaslea; Andoni Eizagirre, Mondragon Unibersidadeko irakaslea eta Ion Muñoa, Deustuko Unibersidadeko irakaslea; Ane Urizar, Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzietako ikertzailea; Aitor Montes, medikua, Felix Zubia, Donostiako Ospitaleko ZIU medikua eta Jon Zarate, Farmaziako doktore eta NanoBioCel (UPV/EHU) erakundeko ikertzailea; Arantza del Pozo, Vicomtech enpresako Hizkuntza eta Ahots Teknologien Saileko zuzendaria; Xabier Arregi, UPV/EHUko IXA eta HITZ ikerketa-taldeetako kidea; Igor Leturia, Elhuyarreko hizketa-teknologien arduraduna eta Josu Aztiria, Elhuyarreko Adimen Artifiziala Hizkuntzan unidadeko koordinatzailea.
Etorkizunean, hizkuntzearen lekua bermatzea da helburua, zeregin bizia eta eraginkorra izan daian, ez testigantzazkoa.
Ale bereziaren aurkezpenean, Mireia Zarate Sabino Arana Fundazinoko presidenteak azpimarratu dau Hermes aldizkariaren ale honen helburu nagusia euskerearen erabilereari lotutako etorkizuneko jokerak aztertzea izan dala, egun darabilgun hizkuntzea bizibarritzeko prozesuan kontuan har daitezan.
Andres Urrutia euskaltzainburuak gogorarazo dau Akademiak askotariko lankidetzak dituala, horreetako bat Sabino Arana Fundazinoagaz, betibe euskerearen eta euskal kulturearen inguruabarrean. Lan arlo horri jagokonez, ohiko bihurtu jaku erakunde bioi mintegi-jardunaldiak antolatzea eta horreen lekukotzea eskaintzea papelezko euskarrian eta linean. Oraingo honetan, igazko garagarrilean eginiko mintegiaren emoitza oparoa, askotariko eretxiz eta ekarpenez osotu baita, kaleratu dogu, etorkizuneko euskal gizartean begiradea jarrita. Euskerea eta euskal kulturea etorkizuneko ingurumarian ardatz hartuta, eleaniztasuna, kultura aniztasuna eta teknologiak barriak jorratu dira zenbakian.
Hermes aldizkariaren zuzendari Olga Saezen ustez, euskerea Euskadiko biztanleen egiazko hizkuntza bilakatu behar da. Belaunaldi barriak euskeraz eskolatu dira azken 40 urteetan baina kaleko erabilereak ez dau ezelan be herritarren hizkuntza-ezagutzea islatzen, baina teknologia barriek aurrera egiteko eremu bat eskaintzen deuskue eta gazteen belaunaldiek bultzatu behar dabe erabilera esparru horretan.
Bestalde, Pedro Ontoso kazetariak alkarrizketea egin deutso Joseba Segura Bilboko gotzain izentau barriari. Alkarrizketan, Segurak ondokoa ohartarazo dau: Fedearen familia bidezko transmisinoa galdu egin da, Euskal Autonomia Erkidegoan beste leku batzuetan baino sekularizazino azkarragoa bizi dogu eta horrek zerikusia dauka pentsamolde erlijiosoa izatetik inportantzia handiko pentsamolde politikora igaroteagaz, beharbada, euskal nortasuna erdigune bihurtu daneko pentsakera batera aldatzeagaz. Joseba Seguraren ustez, apurka-apurka eraldaketea biziko dogu kultura-arloan, baita Eleizearen ikuspegian be eta horrek aukera asko ekarriko ditu Euskal Herrian tradizionala ez dan fede-komunidadea berreregiteko. Antza danez, komunidade hori ez da hain zaharra izango baina oraingoa baino askoz txikiagoa izango da. Eta, akaso, ez da lehengoa bezain garrantzitsua izango. Gotzainak azpimarratu dauenez, emakumearen ahotsa Eleizearen erabagimen-guneetan be agertu behar da.
Era berean, eutanasiaren inguruko eztabaideari jagokonez, Bilboko gotzainak hauxe adierazo dau: Legebiltzarrak gai honen inguruan erabagiak hartzeko dauen legebidezkotasuna onartuta, ulergarria da Eleizeak beste eretxi bat izatea ‘ondo’ hilteari buruz.
Eleizeak euskerearen garapenaren eta bizibarritzearen alde egindako beharrari jagokonez, Segurak autortu dau zailtasunak egon badagozala, pastoraltzako eragile euskaldunen gero eta ahultasun handiagoagaitik” eta nabarmendu dau “ahalegin handia egin behar dabela abadegaiek euskerea ikasteko prozesuan, euren familiak, jatorriz, ez baitira euskaldunak.
69. zenbaki honetako lan grafikoa Izaskun Araluzea Itza artisteak egin dau eta Txetxu Berruezo argazkilariak irudiztatu dau Bilboko gotzainari egindako Alkarrizketea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!