Arratzu mundura zabalik
2021-07-29 08:42 Kultureawww.turismoarratzu.eus aktibo dago.
Arratzuko Udalak www.turismoarratzu.eus webgune turistiko barria zabaldu dau, Udalaren garapen turistiko iraunkorreko estrategiaren barruan. Ardatz nagusia landa-ondare naturala konserbetea da, Urdaibaiko Biosfera Erreserbearen bihotzean eta bere ondare arkeologikoa, historikoa eta kulturala berreskuratu eta balioestea. Intuitiboa eta nabegetako erraza dan atari turistiko honetan, Done Jakue Bideak eta Arratzuko seme kuttuna dan Manu Leguineche kazetari eta idazleak be badaukie euren atala.
Arratzun asko baloretan dogu geure ondarea eta berreskuratzeko eta konserbetako lanean gabiz. Udalan baliabideak bilatzen doguz herriari bizia emoteko, herriko ekonomia sortzeko, gure ondareari balioa emongo deutson turismoa lortzeko, geure garapen-estrategiaren indarguneetako bat bihurtuz. Arratzuren potentzialaz konbentziduta gagoz, Urdaibaiko gune turistikoetako bat izateko baliabideak eta kokapen bikaina doguz, nabarmendu dau Josu Sabin Olano Arratzuko alkateak.
www.turismoarratzu.eus webgunean, bisitari digitalek herriak eskaintzen dituan zerbitzu eta ondare eta natura-baliabide guztiak topau leikiez. Webgune barriak Arratzuko auzoak ezagutzeko aukerea emoten dau, besteak beste, Belendiz-Zabala, torre-banderizo baten gainean eregitako baserriakaz; Arrolako oppiduma lako aztarnategi arkeologikoak, 2. Burdin Arokoak eta Arrolagune Interpretazino Zentroa; hainbeste argazkietan agertzen dan Artzubiko zubi ederra, baso-inguruneagaz mimetizauta, ingurumen-balio handikoa; Santo Tomas eleizea, gurtza leku lez eta Santiagorako erromesei aterpe emoteko eregitakoa; edo Artzubiko harestia, basogune bitxia eta benetako santutegia Urdaibaiko Biosfera Erreserbearen testuinguruan. Webguneak bertako eskaintza gastronomikoa be nabarmentzen dau. Herriko Taberneak etxeko janari bikaina eskaintzen dau, bertoko baserritarren lehengaiakaz egina.
Turismo aktiboa be Arratzuko eskaintzearen parte da, mobikortasun iraunkorrean aitzindari dan herri honetan. Herriko bidegorrien sare zabalaz eta kultura eta natura-bisita gidatuez edo bertako mendi-bide, landa-bide, ibilbide osasungarri eta Arratzuko landatasunean sartzen zaituen ibilbideez gozetako modua eskaintzen dau, oinez edo bizikletaz.
Webgune turistikoan Manu Leguineche nabarmendu dogu, geuretzat, herri baten ondarerik handiena bizilagunak dira eta horregaitik dogu seme kuttun kazetari, idazle eta persona handia izan zan Manu Leguineche, beti Arratzu gogoan izan ebana, mundu osoan zehar ebilenean be dino Josu Sabin Olano Arratzuko alkateak.
Atari barria euskeraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri, nabegetako erraza da eta gailu desbardinetara egokitzen da.
www.turismoarratzu.eus
Webgunean Busturialdea-Urdaibai eskualdeko baliabide turistiko nabarmenenak be ezagutzeko aukera dago, azken batean, bisitari digitalek esperientzia atsegina izango dabe. Herria in situ ezagutzeko eta gozetako gonbita da webgune barria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!