EUDELek eta Euskaltzaindiak alkarlanean jarraituko dabe
2021-07-28 13:18 Euskerea berbagaiOnomastikearen arloan erakundeei laguntzeko akordioa da.
Euskadiko Udalen Alkarteak (EUDEL) eta Euskaltzaindiak hitzarmena barritu dabe gaur, Bilbon. Hitzarmenaren helburua Euskal Udalen Alkarteko kide diran lekuan lekuko erakundeei laguntza teknikoa emotea da, batez be, Onomastika arloan, hau da, industrialdeen, auzo barrien, bizitegi-unidadeen, naturaguneen, parkeen, atsedenlekuen, zerbitzuguneen, katalogautako udal-mendien eta bestelakoen leku-izenei buruzko aholkuak emotea, bai eta lekuan lekuko erakundeok euren lurralde-esparruko toponimia-azterketa luze-zabalagoak egiteko erabili behar diran jarraibide eta erispideei buruz be.
Era berean, udalek eskatzen dabenena, onomastika-arloari buruzko etenbako aholkularitzea emongo jake, batez be, euskal toponimiaren kale eta antzekoen izenak arloan.
Aitatu erakundeek egiten dituen eskaerak modu eraginkorrean koordinau eta bideratzeko, eskaerok EUDELera bialdu beharko dira eta alkarteak bideak ezarriko ditu jasotako eskaerak Euskaltzaindiari birbialtzeko.
Hitzarmen hau 2021eko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean eta esanbidez luzatu ahal izango da urterik urte, gehienez be, lau urtera arte.
Euskaltzaindia izango da lan honetatik sortutako datu-basearen egilea eta horren jaubetza intelektual osoa berea izango da baina Euskerearen Akademiak datu-basea konsultetako sarbide zuzena bermatu beharko deutso EUDELi eta horretarako behar diran neurriak hartuko ditu.
Gorka Urtaran EUDELen buruak hitzarmenaren onurak azpimarratu ditu prentsaurrekoan: Euskaltzaindiagaz eta gainerako erakundeakaz lankidetzea oinarrizkoa da udal-eskumenak jorratzeko eta euskerearen erabileran aurrera egiten jarraitzeko, bai administrazinoaren barruan zein kanpoan be. Gure hizkuntzea personen arteko topagunea da eta, beraz, gizarte osoaren zeregina da euskereari bizirik eustea herri eta uri bakotxeko txoko guztietan.
Andres Urrutia euskaltzainburuak be erakundeen arteko lankidetzearen garrantzia nabarmendu eta adierazo dau hitzarmen honei esker etorkizuneko erronkak bideratzeko oinarri sendoak jarri dirala: Aspaldikoa da EUDELen eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzea. Ekitaldi honek berresten dau ibilbide hori eta premina barriei erantzuna emoten jake, gero eta zeresan eta zeregin handiagoa baitauka euskereak udal eskumenetan, hur-hurreko bizitza euskalduna bermatzeko herritar guztiei. Horra bada, gure hurrengo urteetako helmugea, hitzarmen honek ahalbidetuko dauena.
Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko erispideak
Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko erispideak eskuliburuaren berrargitalpena be aurkeztu dabe erakundeek eta ondoko asteetan EUDEL alkarteko kide diran toki-erakundeetan banatuko da.
Liburua 2019an aurkeztu eban Euskaltzaindiak, mendeurreneko ospakizunen barruan eginiko Onomastika jardunaldian, Gasteizen. Gogoratu behar da Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak euskal izenen ikerketea dauela helburu, bai antroponimoena (persona izenak, deiturak...) bai toponimoena (toponimia nagusia, txikia, exonimia, kale izendegiak, etxe izenak...) be. Izen horreek batu, sailkatu, ikertu eta arautu ondoren, beharrezkotzat joten da Euskaltzaindiak izenen forma zuzenak plazaratzea, euskerearen erabileran eta normalizazinoan eragina izan deien. Liburuaren helburuak zeregin horri erantzuten deutso: urte askotan metatutako eskarmentuari esker, karrika-izenetarako emondako erispideak agertzen dira bertan, izen horreek eguneratzeko, osotzeko eta xeheago deskribiduta berridazteko baliogarriak diranak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!