Musika Hamabostaldiak Xabier Erkiziaren lan bat emon deutso dohaintzan San Telmo Museoari

Bizkaie! 2021-07-28 12:07   Musikea

Donostiako Musika Hamabostaldia 2021, abuztuaren 1etik 27ra.

Susana Soto, Xabier Erkizia eta Patrick Alfaya | Ikusi handiago | Argazki originala

San Telmo Museoak eta Musika Hamabostaldiak hitzarmen bat sinatu dabe, jaialdiaren programazinoaren barruan museoan musika-jarduerak atontzeko lankidetzea ezartzeko eta bideratzeko. Urtero San Telmo Museoan eskainiko dan kontzertu, berbaldi edo bestelako jarduera multzoa adostuko da, kultur sustapena bultzatzeko, udako eskaintzea aberasteko eta artista gazteei laguntzeko. Gainera, hitzarmenean jasoten danez, urtero, jaialdiak obra baten dohaintzea egingo deutso museoari, aldez aurretik adostuta.

Hitzarmena sinatu dan urte honetan, Musika Hamabostaldiak Donostiako Cibrián Galeriari erositako Xabier Erkiziaren ikus-entzunezko instalazinoa emon deutso dohaintzan museoari: Zubiak dira zauriak, zauriak dira orbainak, orbainak dira izenak (2016-2020). Instalazinoa: Bideoproiekzinoa, oihala, soinua. 60’. Obrea museoko ekitaldi aretoan egongo da ikusgai, abuztuaren 3tik 31ra, martitzenetik domekara, 10:00etatik 20:00etara eta sartzea doban izango da.

Egileak adierazo dauenez, ibai baten jatorriari buruzko maila sozialean zein kulturalean onartzen ditugun hainbat ulerkeraren inguruan egindako ikerketa prozesu baten ondorioa da instalazino hau. Kasu jakin honetan, lanean Urumea ibaiaagertzen da, Gipuzkoako ipar-ekialdea buruz buru gurutzatzen dauen ibaia, Basakabiko gainetik hasi, Ezkurra eta Leitza artean (Nafarroa), Donostian, Gipuzkoako uriburuan, itsasoratzen dan arte. Lan honek Urumea ibaia zeharkatzen daben zubi guztietan egindako soinu grabaketak erabilten ditu langai nagusi. Ondorioz, artelanak oinarri dauen artxiboa, minutu luzeko laginakaz osotua dago, eta horreetako bakotxak soinuzko bibrazinoak jasoten ditu (zubien azpiegituran edo zubien barruan egindakoak). Grabaketon bidez zubi horreek jasaten daben trafikoa eta aktibidadeak agertzen dira, kokatutako guneetan daben indar arkitektonikoa agirian itxiz. Soinu jasoketa honen bidez eta honi zubien izenei buruzko ikerketa sakon bat gehituz, artelan honek paisajearen nozinoaren naturea bera dudan jarten dau, paisajearen ikuspegi esperimental bat praktikan jarriz.

Donostiako Musika Hamabostaldia 2021, abuztuaren 1etik 27ra


Egitarau murritzagora egokitu behar izan eben 2020ko edizinoaren ondoren, 2021eko Musika Hamabostaldiak berezkoa dauen anbizino handiko egitaraua berreskuratu dau eta, beraz, abuztuaren 1ean hasi eta abuztuaren 27an amaituko dan 82. Musika Hamabostaldiak ikuskizun eta mueta guztietako ekintzen egitaraua (75 guztira) eskainiko dau, orkestra handi eta nazinoarteko bakarlariei barriro be harrerea eginez eta jarduera sinfoniko-korala berreskuratuz, jaialdi donostiarraren genero bereizgarria dana eta aurreko edizinoan presentzia txikia izan ebana.

Hamabostaldiaren edizio honek jantza egitaraua sendotzeko apustua egin dau, igaz ikusleen aldetik babes handia jaso ondoren. Organo Zikloak, Antxinako Musika Zikloak eta Musika Garaikideko Zikloak be ohiko oholtza eta dinamikak berreskuratuko ditue eta jaialdiak produkzino propioaren alde egingo dau, umeentzako ikuskizun handi baten erabateko estreinaldiagaz eta berariaz organo eta musika garaikideko zikloetarako sortutako lau obra barrigaz.

Kursaal Auditorioan egingo dira aurten ikuskizun handi gehienak, Orchestre Philharmonique du Luxembourgen kontzertu bikotxagaz abuztuaren 1ean eta abuztuaren 2an. Luxenburgotar orkestreak, Gustavo Gimeno zuzendari valentziarra gidari dauela, Yuja Wang pianistea izango dau lagun, egungo nazinoarteko musika klasikoko izar ukaezina, Musika Hamabostaldian debutauko dauena. Wang bere belaunaldiko pianista bikainenetakotzat joten dabe eta Donostian bere izakera moldakorra erakutsiko dau alkarren artean sano ezbardinak diran kontzertu biri helduz: Liszt konpositorearen birtuosismo ikaragarriko 1. kontzertua eta askoz klasikoagoa dan Mozarten 20. kontzertua. Orchestre Philharmonique du Luxembourgek Dvorák konpositorearen Zortzigarrena eta Beethovenen Bosgarrena sinfonia ezagunak be interpretauko ditu.

Informazino gehiago, egitaraua eta sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu