Immigrazinoagaz eta kulturartekotasunagaz lotutako 39 proiektu babestuko ditue Bilbon
2021-07-28 09:15 Pil-pileanBilboko Udalak 35.000 euroko ekarpena egingo dau
Programa horreetatik 28 etorkinen alkarteen funtzionamendua indartzeko dagoz zuzenduta eta 11 Bilbon kulturartekotasuna eta kohesino soziala sustatzeko eta, kasu honetan, 20.000 euro bideratuko dira.
Udalaren helburua kulturartekotasunean oinarritutako gizartearen alde egitea da, bardintasunezko esparruan ezbardintasunei lekua egiteko eta herritar bakotxaren baliabide aniztasuna sustatzeko, azaldu dau Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Bizikidetza, Lankidetza eta Jaietako zinegotziak, izan be, lerro bi horreek barrubatzen dituan Bilboko Udalaren Herritartasunaren eta Aniztasunaren II. Udal Planak, politika publikoak kulturarteko ikuspegitik bideratzea dau helburu, uriko gizarte-kohesinoa indartzeko.
1. Lerroa: Etorkinen alkarteen funtzionamendua
Bilboko Udalak etorkinen alkarteen funtzionamendurako 28 proiektu lagunduko ditu diruz, 15.000 euroko ekarpenagaz. Lehen lerro horren helburua etorkinen alkarteak indartzea eta ahaldundutzea da, Bilboko udalerrian jarduerak sustatuz.
Garrantzitsua da nabarmentzea diruz lagundutako erakundeetatik 10 Bilboko Udaleko Immigrazinoaren Tokiko Kontseilukoak dirala eta 7 erakundek hartuko dabela parte Udalak Ellacuria Fundazinoagaz berbatutako Alkarte Indartzearen proiektuan.
Udalak bideratuko dituan ekarpenak alkarteek funtzionamendu eta mantentze-gastuei, alkarteen oinarrizko jardueretatik sortutako gastuei, garraio-gastuei edo jarduerarako oinarrizko materialak eskuratzeko gastuei aurre egiteko erabiliko dira.
2. Lerroa: Kulturartekotasuna eta gizarte-kohesinoa sustatzea
Bilboko kulturartekotasuna eta gizarte-kohesinoa sustatzeko 20.000 euroko diru-laguntzak emotea onartu da. 11 proiektu horreek, hainbat esparrutatik kulturartekotasunaren alde lan egiten daben hainbat erakundek aurkeztu ditue: etorkinak, ijito herria (emakumeak), kulturea, LGTBI, inklusinoa, etorkinentzako laguntzea eta aterpea.
Bigarren lerro horren helburua kulturartekotasunaren ikuspegia babestea da, udalerriaren integrazinoa, herritartasuna, bardintasuna, bizikidetzea eta kohesino sozialagaz lotutako erronkei erantzuteko. Horretarako, kulturearen ikuspegitik askotarikoak diran persona, talde eta komunidadeen arteko alkarrekintza positiboa eta alkarrizketea bultzatzeko topaguneak sortzen dituen programak aurkeztuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!