Ahozkotasuna ikertzen eta zabaltzen Mintzolaren lekukoa hartzeko proponidu deutse Euskaltzaindiari

Bizkaie! 2021-07-27 11:15   Euskerea berbagai

Mintzola Fundazinoaren ibilbidea amaitutzat emon dabe.

Bertsogintzaz harago, ahozko gainerako diziplinetan gehiago sakondu eta eragiteko beharrak bultzatuta, azken urtebete honetan bere helburuen eta egitekoaren inguruko gogoetea egi dau Mintzola Fundazinoak. Prozesu horren ondorioz, patronatuko kideek aho batez erabagi dabe ibilbidea amaitutzat emon eta ahozkotasunari buruzko ikerketa eta zabaltzeko lanaren lekukoa Euskaltzaindiak harru daian proponidutea.

Hartutako erabagiak Ahozko Lantegiaren eta Bertsozaleren proiektuak maila fisikoan banatzea dakar eta, Mintzolako kide diran erakunde eta eragileek holan adostuta, ahozkotasunaren lanketea beste modu baten bideratzea ekarriko dau. Euskal Herriko Bertsozale Alkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Villabonako Udala, UPV/EHU eta Kutxa Fundazinoa bat etorri dira Mintzola Fundazinoak euskereari eta euskal kulturgintzeari egindako ekarpena azpimarratzeko momentuan, urte honeetan guztietan hamaika ikerlan eta proiektu sustatu baititu. Aldi berean, eragile guztiek bere esker ona adierazo deutse urte honeetan guztietan Ahozko Lantegian lanean ibilitako persona eta eragile guztiei, izan teknikari, aditu, ikertzaile, herritar nahiz erakunde.

Oraintsu egindako batzarrean patronatuko kideek, beraz, fundazinoa desegin eta Ahozko Lantegiaren jarraipena Euskaltzaindiaren esku ixteko proposamena hobetsi dabe. Azken honek baiezkoa emon ostean, inplikautako eragileek euskerazko ahozkotasunaren ikerketeari eta dibulgazinoari jarraipena emon asmoz,
prozesu bat abiarazoko dabe irailetik aurrera, errelebo horren inguruko baldintzak modu egokian eta adostuan gauzatu ahal izateko.

Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zan. Bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketeari eta ahozkotasunari loturiko diziplinen arteko alkarreragina bultzatzea izan dau helburu azken urte honeetan guztietan, gizartearen premina barriakaz uztartuz eta, era berean, diziplina horreekk indartuz. Horretarako, bertsolaritzearen ikerketan sakontzen eta, horreetan landutako hausnarketak gogoan, euskeraz dabizen beste ahozko kultur sorkuntzetara eta nazinoarteko beste kantu inprobisatuetara zubiak eregiten saiatu da azken hamarkada honetan.

Euskerearen bizibarritzeak alkarlana eta ekarpena behar dauela pentsaurik, urte honeetan guztietan Mintzola Fundazinoko kideak alkarlanerako prest agertu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu