Zein ete da Piriniotako Tenako Bailara ikusgarriko ikuspegirik onena?

Amaia Larruzea 2021-07-27 08:40   Ibilian-ibilian

Pacino menditik panoramika ederra dago.

Hainbat eta hainbat altxor gordeten ditue Pirinioek eta askorentzat Ordesa eta Benasque inguruak dira zoragarrienak, baina horreei uko egin barik, dudarik txikiena be ez dago, Tenako Bailarea Huescak gordeten dauen ingurua ikusgarrienetako bat da. Bertan izan gara eta ezagutzen ez genduzan bertako ikuspegirik onenetako bat ezagutzeko aukerea izan dogu, zein eta Pacino mendia. Inguru horretan 3.000 metroko mendiak eta mendi alpinoak ditugu ezagunen, baina bada 1.965 metroko mendi erraz eta eder bat danon eskura egon daitekeena eta bertatik panoramikarik ederrena atzemon geinkena.

Askotan argazki guztietan ikusten ditugun mendirik garaienak eta ezagunenak ez dabe zertan izan beti politenak edota ikuspegirik onena eskaintzen dabenak; bestelako berezitasunak ditue, zailtasuna, altuerea eta abar, baina badira euren aurrean, txikitasunean, ederrak diran mendiak eta Pacino horren adibide garbia dogu. Metro gitxi falta jakoz 2.000 metrotara heltzeko baina bertatik makinatxu bat osogai izango ditugu ikusgai, berbarako, Lanuzako laku itzela izango dogu begien aurrean gailurrera heldu eta berehala eta azken igoeran murgildu bitartean. Asko gustetan jatan lakua da, bai eguzkia hartzeko edota bainu bat hartzeko hainbat leku dagozalako, baita uretako ekintzak egiteko be.

Bestalde, Sallent de Gallego herriaren gainean altzetan dan Foratata mendi alpino eta ederra izango dogu aurrez aurre eta horren atzean Formigaleko inguru parebakoak eta Midi d’Osseau ederra.

Horreez gan, Partacuako mendi-zerrea be agertuko jaku bestaldean eta horregaz batera, Escarrako urtegi ederra. Telera mendia be izango dogu begien gozamenerako, baita Bubaleko urtegia eta urrutira Guarako mendi-zerrea be. Ikuspegiz aldatzean, Palas eta Balaitus mendi ezagunak be agertuko jakuz, baita Algas, Infiernos eta Tebarray mendiak be.

Bertara heltzeko, A-136 errepidea hartu eta Formigal eta Frantzia aldera jo; Sallent de Gallegora sartzeko sarbidea pasauta, 500 bat metrotara, pista bat topauko dozue ezker aldean auto gitxi batzuk aparketako lekua dago bertan Pacino mendira igon ahal izateko; hor lekurik ez badago, lehenago aparkau beharko dozue eta errepidetik oinez igon bertara. Seinalizauta dago igoerea baina, bestela, beti bezela, track-a behera kargau eta wikiloken ibilbidea jarraitzea da aukerarik onena. Halan da be, bistan dago bidea eta handik baso batera helduko gara, igoerea itzaletan eginez eta behin basoa amaituta, azken metroei aurre egingo deutsegu.

Merezidu dauen igoera gozagarria eta, batez be, merezidu dauen ikuspegi ederra, zein eta Tenako Bailara ikusgarriko ikuspegirik onena!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu