‘Telelanaren oinarrizko glosarioa’ argitaratu dau Euskaltzaindiak
2021-07-27 08:03 Euskerea berbagaiOinarrizko lexikoa dan aldetik, lehen hurreraketea izatea dau helburu lexiko honek.
Gizartea goitik behera eraldatu dau igaztik COVID-19ak eta lan-arloan be eragin nabarmena izan dau birusak. Etxeratze-aginduak behargin asko behartu zituan lehen aldiz etxetik lan egitera, eta enpresek be beharra atontzeko molde barrira egokitu behar izan eben. Horrek lan-arloko araudia barritzea ekarri dau eta
lehendik be gure artean geunkazan bitarteko teknologiko batzuen erabilerea indartu dau beharleku gehienetan.
Eraldaketa horrek sustatutako oinarrizko berba batzuk jaso dira Telelanaren oinarrizko lexikoan, izan be, Euskaltzaindiaren UZEI erakunde atxikiak Euskaltzaindiaren hiztegi arauemoilea (Euskaltzaindiaren Hiztegia) batetik eta Euskalterm terminologia-banku publikoa bestetik, abiapuntu hartu ditu behar horretarako, inguruko beste hizkuntzetako terminologia-banku nagusiakaz batera. Telelanari eta telelaneko baliabide teknologikoei buruzko euskerazko erabilerea be kontuan hartu da, eta arreta berezia jarri jako komunikabideetan jasotakoari.
Era berean, Iparraldean zein Hegoaldean indarrean dagoon behar arloko araudia eta, besteak beste, Beharraren Nazinoarteko Erakundeak urrutiko lanaren eta telelanaren inguruko datu estadistikoak batzeko erabilten dituan gidalerroak be erreferentziatzat hartu dira.
Telelanaren oinarrizko glosarioa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!