Arantza Etxebarria: 'Esaten dana baino esaten ez dana da inportanteagoa'
2021-07-26 07:55 BarriketanAnder filmaren gidoia bizkaieraz idatzi dauena.
Ander filmak zeresana eragin eban 2009an, LGTBI gaiak modu edegian landu zituan euskerazko lehenengoa izan zalako eta Europa, Amerika eta Asian estreinau bazan be, Espainiako zinema-aretoetan ez ebelako estreinau. Orain, barriz, Harrotasunaren Nazinoarteko Egunaren astearen harian, pelikulearen arduradunek Ander-en gidoiaren bersino elebiduna argitaratu dabe papelean. Amazon plataforman ipini dabe oraingoz.
Euskerazko eta gaztelaniazko bersinoetan irakurri daiteke gidoia argitalpen barrian baina berezitasuna da bizkaiko euskera arautuan dagoala, filmeko alkarrizketa asko bizkaieraz dira eta horregaitik begitandu jaken gidoia be euskalki horretan plazaratzea eta Arantza Etxebarria itzultzailea arduratu da Roberto Caston zuzendariak idatzitako gidoiko berbak euskeraz ipinteaz.
1.- LGTBI gaiak modu edegian landu zituan euskerazko lehenengoa izan zan Ander. Berlinalen estreinau, Art Cinema Saria irabazi eta jaialdi horretan erakutsitako euskerazko lehenengo pelikulea izan zan. Zergaitik ez eban harrera onik izan Euskal Herrian?
Harrera ona izan eban Euskal Herrian, ikusi ahal izan zan lekuetan, hori bai. Baina ez zan maila komertzialean estreinau. 2009ko krisiak bete-betean harrapau eban, zinema-areto askok arazoak zituen, banatzaile askok be negozioak bertan behera itxiko zituela planteau eben. Azken baten, suberte txarra egon zan tartean. Igual ez ziran atrebidu zinta elebidun bategaz, LGTBI gaia tratetan ebana, komedia ez zana. Estreinau izan bazan, Euskal Herrian erantzun bikaina izango eban, baina ez zan horretarako aukerarik egon.
2.- Berlinen eta Zinegoak be estreinau ondoren, mundu zabalean ibilbide oparoa egin eban Ander-ek. 150 jaialditan erakutsi eta 27 sari irabazi zituan eta kritiken artean, Fassbinder handiagaz be konparau izan dabe Caston...
Bai, sano kritika onak izan ditu pelikuleak han-hor-hemen. Aparteko sensibilidadeko personea da Caston. Gizakien arteko hartu-emonak eta sentimenduak erakusteko aparteko gaitasuna dauka nire eretxiz. Pelikulea grabau zanean zehetasun guztiei erreparau eutsen. Carlos Louredak be halan dino gidoiaren sarreran: zuzendaritza-beharra hobetuezina izan zan.
3.- Zelan subertau jatzun Ander filmaren gidoia mendebaldeko euskalkian idazteko aukerea?
Labayruren bitartez heldu jatan pelikulan parte hartzeko aukerea. Bildurragaz izan bazan be, baietz esan neban. Bildur nintzan, holako esperientzia baten ez nebalako sekula parte hartu. Baiezkoa esateko arrazoiak izan ziran pelikulan bizkaierearen alde egiten zala eta grabazinoak etxe inguruan zirala. Figurante batzuk ezagunak dira eta familiakoren bat be agertzen da eszenaren baten.
4.- Itzultzaile zabiz BFAn baina burukominak emongo eutsuzan gidoia euskeratzeak. Zeintzuk izan dozuz arazo nagusi itzulpen lanean?
Alde batetik, pelikulea ahozko erregistroan grabau zan. Baina gauza bat da gidoiak dinoana eta beste bat grabazinoaren momentuan aktoreek egiten dituen bat-bateko aldaketak. Aktore batzuk ez ziran kapaz mendebaldeko euskeraz berba egiteko eta berez eurena egiten eben, normala dan moduan.
Anekdota moduan, eszenaren bat barriro grabau behar izan genduan mendebaldeko euskerakoa ez zan berbaren bat entzuten zalako.
Bestetik, gidoia papelean atarateko argi neukan bizkaiera estandarra erabili behar zala. Hasieran apurtxu bat konbentzidu behar izan nituan testua ezin zala bardin-bardin itxi, idatzirako moldatu egin behar zala.
5.- Gidoiaren idazketea amaituta, inoren orrazketarik edo behar izan dozu?
Holakoetan askotan pasetan dan moduan, gidoiaren idatzizko bersinoa atzorako egin behar zan derrigor. Inprentan zain egozan. Zorionez, bizkaiera arautua badaukagu, baita bizkaierazko hiztegia be. Lan horreek ezinbesteko erreferente izan dira behar hau txukun egin ahal izateko.
6.- Gidoia bizkaiera idatzita dauela gogoan hartuta, Euskal Herriko zinema-aretoetan ikusiko ete dogu Ander?
Penea da grabau zanean hemengo zinema-aretoetara ez ailegetea, lehen aitatutako arrazoiakaitik. 2009. urtean grabau zala kontuan hartuta, ez dot uste gaur egun zinema-aretoetan ipiniko dabenik, hamarkada bat baino gehau pasau da-eta, ziklo bereziren baten ez bada...
7.- Ander filmak baserritarren inguruan kokatutako gizon biren arteko maitasun istorioa dakar, Josean Bengoetxea donostiarra eta Cristhian Esquivel perutarra protagonista dituana. Gustau jatzu? Ze kritika egiten deutsazu Ander filmari?
Pelikulea hunkigarria da. Esaten dana baino esaten ez dana da inportanteagoa eszena askotan.
Isilaldiek alkarrizketek besteko pisua dabe. Maitasuna da gai nagusia baina ez gizon biren artekoa bakarrik, beste maitasun mueta batzuk be agertzen dira pelikulan. Eta zeharka beste gai batzuk be badagoz, besteak beste, bakardadea, bildurra, esperantzea, tristurea, ulertezintasuna. Sentimendu unibersalak, hain zuzen be.
8.- Zinemazaleek Filmin eta Amazon lako plataformak erabilten ditue pelikulak ikusteko eta jakin dogunez, milazak dira holakoetan Ander ikusi dabenak...
Datu hori inportantea da. Gaur egun asko erabilten dira holako plataformak serieak eta pelikulak ikusteko. Lehen zinema-aretoetan egotea zan inportanteena. Zinema-aretoetatik pasetan ez zana ia-ia existidu be ez zan egiten. Gaur egun badagoz zinema-aretoetatik pasetan ez diran filmak eta egundoko arrakastea edo erantzuna lortzen dabenak.
9.- Jaurlaritzearen Berdindu programeak lagundutako proiektua da baina zeintzuk dira programearen berezitasunak?
Berdindu, sexu eta genero aniztasunagaz zerikusia daben gaiei buruzko informazinoa eta arretea emoten dauen zerbitzu publikoa da eta guretzako sano positiboa izan da babes hori izatea. Hezkuntza-komunidadeagaz, eragile sozial eta profesionalakaz, komunikabideakaz eta, oro har, gizarte osoagaz be lan egiten dauen programea da, LGTBI fobia ezabatzeko eta LGTBI personen eskubideak eta askatasunak gauzatzeko egon daitekezan trabak kentzeko.
10.- Itzultzaile ogibideari eutsi ala zinemearen munduan segiduko dozu?
Ander izan da zinemearen munduan izan dodan esperientzia bakarra, esperientzia sano positiboa eta aberasgarria izan zan. Inoiz holako beste zeozer subertau ezkero, bildur barik emongo neuke baiezkoa.
Itzulpengintzan eta euskerearen normalizazinoan egin dot nire ibilbidearen zatirik handiena. Ez dakit biharko egunak zer ekarriko deustan, baina arloa edozein izanda be, euskerearen inguruan segiduko dot beharrean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!