Kirolean hartu-emonak euskeraz
2021-07-23 13:50 Euskerea berbagai2021-2024 urteetarako plana aurkeztu dau Eusko Jaurlaritzeak.
Eusko Jaurlaritzeak Kirolean Euskerea Sustatzeko 2021-2024 Plana aurkeztu dau gaur Donostian. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak, Ikaskuntzearen eta Hezkuntza Barrikuntzearen zuzendari Amaia Agirrek eta Euskal Kirol Federazinoen Batasuneko kudeatzaile Leire Gerenabarrenak parte hartu dabe prentsaurrekoan.
Eusko Jaurlaritzearen XII. Legegintzaldiko Gobernu Programeak batzen dauenez, hizkuntza-eskubideen erabateko bermerantz aurrera egitea eta euskerea gure bizitzako eremu guztietan erabili ahal izatea ahalbidetzea da 2020-2024 aldirako helburuetako bat. Eremu sozioekonomikoa eta lan-eremua, ingurune digitala eta aisialdia eta familia-transmisinoa dira hurrengo urteetako erronka handiak euskerearen normalizazinoa lortzeko. Eta aisialdian eta formalak ez diran eremu funtzionaletan euskerearen erabilerea zabaltzeko gakoa da kirolaren arloa. Kirola da EAEko gazteen sozializazino-eremu nagusienetakoa, kirolak egiten dau eskola eta kalearen arteko zubilana. Eskola eremuan euskaldundutako gazte belaunaldi barrien eskolaz kanpoko jarduera nagusia da eta horrek estrategiko bilakatzen dau euskerazko erabilera ohiturak finkatzeko bidean. Hori dala eta, kirolean euskerea sustatzeko planaren helburua 18 urte bitarteko gazteen euskerearen erabileran eragitea da eta horretarako EAEko eremu soziolinguistiko desbardinak kontuan hartu eta lekuan lekuko helburu eta ekintzak finkatuko dira.
Gaur aurkeztutako planak kirolean dabizen 18 urte bitarteko gazteen entrenatzaileen prestakuntzan eragin gura dau entrenatzaile-ikasketak euskeraz bultzatuz. Horrezaz gan, jokalarien hizkuntza-aktibazinoan eragiteko estrategiak emongo jakez modulu berezituen bitartez, izan be, entrenatzaileak dira gazteen ohitura linguistikoen gidariak eskolaz kanpo eta beharrezkoa da gidariok bidelagun izatea euskerearen erabilerearen aktibazino bidean. Halan da be, epaile, kirol talde, kirol federazino eta gurasoenartean be eragiteko helburua dauen plana da.
2021-2024 urteetarako planak formazinoan hiru kirol lehenesten ditu: futbola, errugbia eta saskibaloia. Futbola da EAEn lizentzia kopuru handiena dauen kirola, errugbian, adituen eretxiz, beste kirol federatu batzuetan baino barruratuago dago euskerearen erabilerea eta saskibaloia EAEn hirugarren kirol praktikatuena da eta genero-bardintasunaren ikuspegitik aukera parebakoa eskaintzen dau, fitxa guztien % 43 emakumezkoenak baitira.
Halan da be, kirol praktikearen errealidadea desbardina da lekuaren eta herriaren arabera eta plan honek errealidade horreek guztiak barrubatzen ditu.
Kirolean euskerea sustatzeko planak lau oinarri nagusi ditu:
- Trebakuntzea: planak prestakuntza integrala eskaintzen dau. Kirolean erreferente diran entrenatzaile eta epaileak euskeraz trebatuko dira holan gazteen euskerearen erabilerea modu naturalean handitu ahal izateko. Lehentasuna oinarrizko mailetan, kategoria bajuenetan dabizen entrenatzaile eta epaileak izango dira horreek baitira hizkuntza-ohituretan eragiteko aukera gehien dabenak.
- Erabilerea: gazteek entrenatzaile, epaile eta beste jokalariakaz dituen hartu-emonetan euskerearen erabilerea indartu gura da. Gaur egun euskera gehien entrenatzaile-jokalari hartu-emonetan erabilten da eta gitxien jokalarien arteko hartu-emonetan.
- Barrikuntzea: entrenatzaile eta epaileen trebakuntza prozesuetan teknologia barriak txeratuta eta eduki interaktiboen alde egin gura da: e-learning irakaskuntzea, entrenatzaileen lana erraztu leiken material eta kirol-metodologien inguruko tresna digitalak eta alkarrekintzan oinarritutako webguneak, besteak beste.
- Sustapena: planaren helburuetako bat aktibazinoa da, ez bakarrik gazteena eta kirol arloarena gizarte osoarena baino. Kirolarena arlo estrategikoa da euskerearen erabilerea modu aktiboan bultzatzeko aldi berean gizartearen espilu eta erreferente be badalako. Klubetan euskerearen erabilerearen aldeko kontzientzia piztea eta klubek euskera planak sustatzea lortu nahi da.
Lankidetza
Kirolean euskerea sustatzeko plana lankidetzatik landu eta sortutako plana da. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak Hezkuntza Sailaren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien, udal teknikarien, futbol, errugbi eta saskibaloi federazinoen, Euskal Kirol Federazinoen Batasunaren, kirol-aholkularitza enpresen, Real Sociedad, Athletic Club eta Eibar Futbol taldeen Fundazinoen eta euskalgintzearen sektorearen lankidetzea izan du gaur aurkeztutako plana lantzeko.
Danen ekarpenak eta eretxiak hartu dira kontuan dokumentu barria idaztean eta aurrerantzean be erakunde eta eragileakaz alkarlanean egingo dira hainbat ekimen eta proiektu, plana gizarteratzeko euren parte hartzea be ezinbestekoa dalako. Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburua planaren garapenerako akordioak lortzea da. Planaren arrakastarako ezinbesteko faktorea da kirol arloko erakunde eta eragileen arteko alkarlana eta akordioak lortzeko gaitasuna. Erakundeen arteko akordioak eta sektoreagaz, kirol-federazinoakaz eta kirol klubakaz alkarlana sustatzea ezinbesteko faktoreak dirala azpimarratu dau Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.
Aurrekariak
2019an, Hizkuntza Politikako sailburuodetzeak kirol esparruan esku-hartzeko beharra ikusi eban eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzeak kirolaren esparruak euskera aldetik zituan bakotasunak azpimarratu zituan. Guraso askoren eretxia be batu zan kirola euskerarako irabazteko asmoa adierazoz, izan be, ume askok eskolan baino ez dabe erabilten euskerea. Egoera horren aurrean Kultura eta Hizkuntza Politika sailak ordura arte euskeratik kirol arloan egindakoa aztertu eta hutsuneak antzematen hasi zan. Lankidetza horren emoitzea da gaur aurkeztutako “Kirolean euskerea sustatzeko 2021-2024 plana”.
Kanpainea
Gaur aurkeztutako plana indartzeko helburuz Kultura eta Hizkuntza Politika sailak kanpaina berezi bat jarri dau martxan Euskerea Bihotzetik Ezpanetara lemapean. Holan, kirolean, jokalarien artean, entrenatzaile eta jokalarien artean edo eta epailearen eta jokalarien artean hartu-emonak euskeraz emotea posible dala erakusten dau komunikabideetan datozen hileotan ikusgai egongo dan kanpaineak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!