Arte-instalazino batek ehunka lagunen irribarreak erakusten ditu
2021-07-22 13:46 KultureaBilboko Zazpikaleetako Erronda kalean dago gaurtik aurrera.
Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, Rosa Pardo Zazpikaleak Bilbao alkarteko presidentea eta konposizinoa sortu dauen Silvia Jiménez Puma artistea lagun izan dituala, gaur goizean inaugurau dabe, ohorezko aurreskuaren ondoren, Bizkaiko dendarien eta gizartearen arloko hogei bat ordezkari batu dituan ekitaldian.
Aburto alkateak ekimenaren sustatzailea dan alkartea zoriondu dau, bai eta Alde Zahar osoa be, pandemiak eragin dauen zoritxarraren, bildurraren eta minaren aurrean adierazpenik benetakoena eta egiazkoena dalako. Irribarrea, hurrekotasuna dira danok alkarregaz osasun-krisi honetatik urtetako sinbolo. Urten urtengo dogu eta indartuta gainera, Zazpikaleak eta uria bera sendo, espazio hori munduan inoiz izan ez dan krisi baten amaierearen esentzia dalako.
Pardok azaldu dauenez, arte-instalazinoari esker pandemian galdutako hurrekotasuna berreskuratuko dogu, maskaren atzean ezkutatutako irribarreak, irribarreok oinarrizkoak baitira hartu-emonak izateko, lagunen artean egoteko, baita dendariaren eta bezeroaren artean hartu-emon egokiak lantzeko be. Hori dala eta, Bilboko Zazpikaleetako txoko hau mugarri historiko bilakatu da Bilbon eta Zazpikaleetan: Irribarrea pandemiatik urtetako izan geinken keinurik onena da, izan be, holan alkarregaz egoereari aurre egingo deutsagulako, adierazo dau Zazpikaleak Bilba-ko presidenteak.
Arte-ekimen hau Zure irribarrea eta nirea izeneko kanpainako azken emoitzea da. Kanpaina horrek Bilboko Alde Zaharreko Denda, Ostalaritza eta Enpresen alkarteak (ZazpiKaleak) jarri eban martxan bagilaren hasieran eta, aste honeetan zehar, 600 persona baino gehiagoren irribarreak jaso ditu.
120 zentimetroko zabalerea eta 90 zentimetroko altuerea daben muralok altzairuzko euskarrietan sartuta dagoz eta hiru kontzeptu erakusten ditue:
Lehenengoak Zazpikaleetako dendarien erretratuakaz osotuta dagoanak bihotz bat erakusten dau; bihotz horrek Zazpikaleak Bilboko bihotza dirala irudikatuz. Bigarren muralean, Egin irribarre esaldiaren bidez, kanpaineagaz bat egin gura izan dauen personen erretratuak jaso dira. Eta hirugarrenak, Zazpikaleetako erretratu zaharrakaz osotutakoak, Unamuno Plazako eta Gurutze kaleko Zazpikaleetarako sarrerea erakusten dau.
Ehunka lagunek egin dabe bat kanpaineagaz: Dendari eta bezeroez gan, musikearen, literaturearen, zinemearen, gastronomiaren eta kirolaren arloko hainbat persona ezagunek be erakutsi dabe irribarrea: Gemma Martinez eta Sol Maguna aktorea, Aitor Elizegi Athleticeko presidentea, Eder Aurre diseinatzailea, Toti Martinez de Lezea idazlea, Rafa Rueda kantautorea, Sara Gandara ETBko aurkezlea, Fernando Canales sukaldaria eta Xabier Ochandiano Bilboko zinegotzia dira horreetako batzuk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!