Luis Pareten koadro biren mailegua aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2021-07-19 07:45   Kulturea

Gondra Barandiarán Fundazinoak eta Bilboko Arte Eder Museoak lankidetza-hitzarmen bati esker barritu dabe euren arteko konpromisoa, Bilboko alkate eta Bilboko Arte Eder Museoa Fundazinoko presidente Juan Mari Aburtok eta Gondra Barandiarán Fundazinoko presidente eta museoaren Patronatuko kide Guillermo Barandiaranek sinatu dabelako aitatu lankidetza-hitzarmena.

Gondra Barandiarán Fundazinoak eta Bilboko Arte Eder Museoak, besteak beste, kultura eta hezkuntza-jarduerak sustatzea eta jorratzea dabe helburu. Oinarri sendo horri eutsiz, Fundazinoak prestakuntza-beken programa bat finantzietan dau 2014tik. Zazpi edizino izan ditu eta dagoeneko berrogeita hamar gaztek jaso dabe babesa eta lan-merkatuan sartu aurretik beren ezagutzak museoan landu izan ditue. Dagoeneko martxan da zortzigarren edizinoan hautatu eta museora urrian helduko diran bekadunei egingo jaken harrerea.

Aitatu hartu-emonak barritzeko sinatutako hitzarmenak argi erakusten dau osasun-egoera ezin hobean dagoala. Lankidetza estu eta aberasgarria da, dagoeneko zazpi urte baino gehiago iraun dauena eta akordioaren protagonista diran fundazino bien eginkizunari bikain egokitzen jakona, balio sozial handia sortzen dauelako prestakuntzearen eta hezkuntzearen bidez. Gizarte libre eta kohesionatu baten etorkizuna ziurtatzeko, beharrezkoa da lankidetza garrantzitsu honek jasoten dituanen moduko programak lantzea. Instituzino biek ondo zehaztutako eginkizuna dabe, hain zuzen, balio soziala emotea eta horixe da konpromiso honen bokazinoa: Alde batetik, beka-programa bat dauka, personen prestakuntzea eta lanbide-garapenean inbertiduten dauena eta persona horreen espiritu kritikoa sustatzen dauena eta, bestetik, 2017tik, museografian espezializautako udako ikastaroen programa bat dauelako nazinoarteko aditu ezagunen parte-hartzeagaz.

Kontuak kontu, akordio hau sinatzeak sendotu egiten dau Gondra Barandiarán Fundazinoaren eta Bilboko Arte Eder Museoaren arteko lankidetzea eta jarduteko arloak ezartzen ditu erakunde biak 2021-2024 aldian alkarregaz lan egiteko.

Luis Paret. Koadro garrantzitsu biren ohiz kanpoko mailegua

 

BBK-k babestutako eta Bilboko Arte Eder Museoak eta Eleiz Museoak alkarlanean atondutako Luis Paret Bilbon. Arte sakratua eta profanoa erakusketea dela-eta, artista madrildarrak Bilbon egon zanean egindako obra garrantzitsu bi aurkeztu ditue: Lehenengoa, Bilboko Arenalaren bistea, Londresko National Gallerytik dator eta aukera parebakoa da Bilboko Arte Eder Museoaren bilduman 1996tik pintautako eremu bereko beste panoramika bategaz batera ikusteko, Paretek 1784an pintau ebanetik.

Londresetik datorren Bilboko Arenalaren bistea lanean, artistearen abilezia kromatikoa nabarmentzen da, urdinaren erabilera sinfoniko bikainaz egina. Argia hartzeko modu arduratsua be nabarmentzen da, arreta berezia jarten baita iluntzeko argiak sortutako efektuetan. Alderdi horreek hamaseigarren mendeko naturearen ikuspegi nostalgikora eta sublimearen kontzeptura hurreratzen dabe obra. Gainera, Paretek margolari bidaiariaren espiritu erromantikoa erakusten dau zehetasunetan, eguneroko jarrerei eta eszenei adi, baina pintoreskismo barik; ezaugarriok, zeozelan, rococo betearen espiritutik aldentzen daben arren, holako obra enblematiko batean (portuko bistea), Paretek oraindino be irudikatzen dituan personaien –normalean arrantzale eta nekazari gazteen–
fisionomiek eta jarrerek François Boucherren (1703-1770) edo Antoine Watteauren (1684-1721) baserritar eta artzainengan dabe aurrekaria.

Balio artistiko handiko irudikapen hori be oso garrantzitsua da historiaren ikuspegitik, izan be, Paretek Bilboko Arenalaren bista fidagarria jaso eban, zorroztasun topografiko handiz, sasoi haretan merkataritzarako eta sozializazinorako oinarruizko gunea baitzan. Zuhaizti ugariko pasealekuak orduko
uribilduaren erdigunera joten dau: Arenaleko etxeak, Quintana jauregi zaharra eta, atzealdean, San Agustin komentu desagertua, gaur egun udaletxea dagoan lekuan egoana. Eremuaren deskribapen bikaina dala-eta, lana testigantza bakana da, ez baitago Paret baino lehenagoko adibiderik kalidade eta modernotasun honetako ikuspegiakaz. Berezitasun garrantzitsu hori, gainera, protagonista lanpetuakaz osotzen da –bilbotarrak, emakumezko bilbotarrak, ia ez baitago horreen eguneroko irudikapenik–, bai portu eta merkataritza-jarduerako berezko lanetan, bai, ostera, jarrera nagi eta kontenplatiboetan.

Erakusketan igarten da Pareten lan ederra, Bilbo oinarri eben lan guztietan; modernidadea da haren artearen bereizgarrietako bat eta, gehienbat margolan intimoenetan antzemoten da, adibidez, Prado Museo Nazionalak mailegatutako María de las Nieves Micaela Fourdinier, margolariaren emaztea lanean edo harekgaz pendant egiten dauen obran – bien euskarria kobrezko xafla beretik baitator–, lehen aldiz batzen baita orain, Paretek 1783an biak pintau zituanetik: uribilduan jaiotako María eta Ludovica artistearen alaben erretratua. Neskatoak, lau eta urte bigazrekin, hurranez hurran, landare-agertoki batean dagoz, goialdean zutabe klasiko bat dabela. Alaba nagusiak pandero bati eusten deutso eta gaztea, barriz, txakurtxo bategaz olgetan dabil. Paretek emaztearen erretratuan erabili eban leiho bera erabilten dau ore eta oihalen marko aberats bat osotzeko eta elementu horreek aukerea emoten deutse birtuosismo teknikoa erakusteko, ehundura eta distirak buztartuz. Azken batean, Paretek Bilbon egindako lanak rococo estiloaren
erakusgarri leialak dira, pintura-mueta informala, neurri handi batean biziteko poza erakusteko atxakia bilatzen ebana.

Ondokoak izan dira jentaurreko aurkezpenean: Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea eta Bilboko Arte Eder Museoa Fundazinoaren Patronatuko presidentea; Guillermo Barandiarán, Gondra Barandiarán Fundazinoko presidentea eta museoaren Patronatuko kidea; eta Miguel Zugaza, museoaren zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu