Hizkuntza eskubideak jasoteko eskaerei uko egin deutse Espainiako Gobernuak

Bizkaie! 2021-07-16 11:15   Euskerea berbagai

Kontseilua Madrilen ordezkaritzea daben alderdiakaz hartu-emonetan jarriko da.

Igazko bagilean ekin eutson Espainiako Gobernuak Eskubide Digitalen Gutuna idazteari eta urtearen amaieran ekarpenak egiteko aukerea zabaldu eban. Euskerearen normalizazinoaren aldeko 26 eragilek osotzen daben Euskalgintzearen Kontseiluak 2020ko abenduaren 4an aurkeztu zituan ekarpenak eta horreen prestakuntzan Puntueus Fundazinoa eta Elhuyar izan zituan bidaide Kontseiluak. Era berean, azken proposamenagaz bat egin eben galizierearen eta katalanaren aldeko zenbait eragilek, Plataforma per la Llengua, Obra Cultural Balear eta A Mesa pola Normalización Lingüísticak.

Kontseiluaren ustez, Espainiako Gobernuak beste aukera bat galdu dau askotan aldarrikatzen dauen bardintasuna bermatzeko eta azken hileotan euskaldunakaz eta beste hizkuntza gitxituetako hiztunekin erakusten dauen jarrerari lotzen jakola uste dau: Hizkuntza-eskubideen bermea ahalbidetuko edo kontuan hartuko ez daben dokumentuak bardintasunaren kontrakoak dirala esan behar jako Gobernuari, adierazo dau Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, izan be, Kontseiluko bozeroaileak gogoratu dau Gobernuak Gutuna idazteko baebala kontuan hartzea aro digitaleko hizkuntza-bardintasunari buruzko 2018ko irailaren 11ko Europako Parlamentuaren ebazpen bat eta horri be erreparau behar eutsola: Eskubide digitalak hizkuntza-eskubideak be badira eta, beraz, Gutunak propio jaso behar zituan eta holaxe jakinarazoi geuntsan, adierazo dau Bilbaok.

Kontseiluak helarazotako ekarpenetan hizkuntza-erispideak kontuan hartzeko eskatzen jakon honako esparruetan: bardintasunerako eta diskriminazino-ezarako eskubidea ingurune digitalean, herritarrek bitarteko digitalen bidez parte hartzeko eskubidean; hezkuntza digitalerako eskubidean; herritarren eskubide digitalak administrazino publikoakazko hartu-emonetan; garapen teknologikorako eta ingurune digital jasangarrirako eskubidean; ingurune digitalean osasuna babesteko eskubidean; eta, azkenik, adimen artifizialean.

Gobernuak ez dau ezer kontuan hartu eta lehen zirriborroaren antzera sano diskriminatzailea da aurkeztu barri daben behin betiko bersinoa. Hizkuntzen auzia eta hizkuntza-eskubideak alboratzea erabagi dau, bai prozeduretan bai edukietan be, azaldu du Kontseiluak.

Bilbao oso kritiko agertu da Gobernuak egiten dituan adierazpenakaz: 250 ekarpen izan dirala dinoe eta prozesu parte-hartzailea izan dala. Halan da be, hizkuntza gitxituei eta hizkuntza-eskubideei jagokenez, inora ez joian postontzi batera bialdu genduzala gure ekarpenak.

Azken buruan, hurrengo egunotan Kontseilua Madrilen ordezkaritza daben alderdiakaz hartu-emonetan jarriko da eta Gobernuari jarrera horri buruzko galderea egin deiotsela eskatuko deutse: Jakin gura dogu zergaitik edegiten dituen partehartze-prozesuak, ondoren, miloeka hiztunen, miloeka herritarren alde lan egiten dogun eragileon ekarpenei uko egingo badeutse gaineratu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu