Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak 30 urte bete ditu
2021-07-15 08:06 KultureaOspakizunak garagarrilaren 18tik 31ra izango dira.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak dauen erakusketa iraunkorraz gan, edade guztietarako jarduerak aurreikusi ditue, besteak beste, herri kirolak, olgetak, Iñaki Gonzalo biologoak gidatuko dauen bisita botanikoa eta Lilibertsoren eskutik bertsoak eta Maddalen Arzallusen eta Ereintza Jantza Taldearen jantzak be izango dira.
Efemeridea ospatzeko Museoaren edukiaren zati bat lorategietara atarako dabe jantzaz eta musikaz hornidutako jaian amaituko dan Erromeria luze baten bidez.
Euskal Herria Museoaren 30 urteen balantzea positiboa da, Gernika-Lumoko Museoaren jarduerak izan dauen jarraipen eta babesagaitik. Aldi baterako 110 erakusketa baino gehiagok osotu dabe erakusketa iraunkorraren gaia eta horreetatik 50 inguru produkzino propiokoak edo beste museo edo kultura-erakunde batzuekaz alkarlanean egindakoak izan dira.
Euskal Herria Museoak programazino artistikoaren kalidade handia erakutsi dau, baita jarduera, berbaldi eta tailer eskaintza zabala be. Holan, Euskal Herria Museoa Bizkaiko eta Euskal Herriko historia, ohitura eta kulturea zabaltzeko prozesuan ikur bihurtu da. Nabarmentzekoa da Museoak Bizkaiko herritarrentzat eta bisitarientzat egiten duaen harrera-lana, batez be udan.
30. urteurrena ospatzeko ekitaldiak
Garagarrilaren 18an, 12:30ean, eskualdeko emakume talde bat Museoko lorategian batuko da herri kirol erakustaldia egiteko.
Garagarrilaren 20, 22, 27 eta 29an, 17:00etan, Museoak bere edukia ezagutzeko aukerea eskainiko deutse familiei lorategian jarduera didaktikoak eginez. Martitzen eta eguen arratsaldetan euskal kulturea, kartografia eta inguruko arbolak ezagutzeko olgeta eta tailer dibertigarriak egingo dira, baita pintura tailerrak be: Euskal kulturearen olgetea, Kartografia, Basoak historian eta Zu margolaria. Jarduera guztiak euskeraz eta gaztelaniaz egingo dira.
Garagarrilaren 23an, 18:00etan, udako ibilaldia egingo da. Udako bisita botaniko honen bidez Iñaki Gonzalo biologoak Euskal Herria Museoko lorategia eta Europako Herrien Parkean dagozan ehun urtetik gorako arbolak erakutsiko ditu.
Horrezaz gan, garagarrilaren 30ean, 19:00etan, Museoan bertso saioa izango da: Lilibertso taldeak bertsoak inprobisauko ditu Museoaren hiru hamarkadetako ibilbidea laburbatzeko.
Azkenik, Museoaren 30. urteurreneko ospakizunak garagarrilaren 31n amaituko dira, 18:00etan, Gu Agustina-gaz. 2013an, Euskal Herria Museoak euskal erraketisten figurea ikertu eban aldi baterako erakusketa baten bidez eta horren harian dator ikuskizuna, Errenteriako Ereintza jantza taldearen musika, bertso eta koreografiaren bidez emakumeak euskal pelotaren jokoan dauen zeregina erakutsiko da. Maddalen Arzallus bertsolariak ahotsa jarriko deutso Agustina Otaola erraketisteari ikuskizun bizi eta dinamiko honetan.
Ekitaldietara joateko gomendagarria da aldez aurretik hitzordua hartzea, 946 255 451 telefonora deituz edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz.
Euskal historiaren 30 urte
Gernika-Lumoko uribilduaren monumentu-gunean, Batzar Etxearen eta Gernikako Arbola sinbolikoaren ondoan, Euskal Herria Museoak 1991ko garagarrilaren 31n edegi zituan ateak, eraikina kokatuta dagoan inguruaren esangura emozional, historiko eta politikoa ezagutarazoteko helburuari eutsiz. Bizkaiko Foru Aldundiak 1733ko Montefuerte edo Alegria jauregia eta bere lorategi idilikoak eskuratu zituan 1982an eta zaharbarritze eta egokitze lanetan urteak emon ondoren, 1991n Euskal Herria Museoa eta Europako Herrien Parke bihurtu ziran gozamen publikorako. Ordutik hona, hogeita hamar urtez jarraian, Euskal Herria Museoak bere zereginari eutsi deutso, haziz eta batez be sasoi ezbardinetara egokituz.
Bildumea eta konserbazinoa
Bizkaiko Foru Aldundiaren ondare-funtsak eta erakusketea osatzen daben erosketa barriez gan, bilduma partikularretatik datozen piezen dohaintzak eta lagapenak oinarrizkoak izan dira museoko erakusketa iraunkorra aberasteko eta osotzeko.
Euskal Herria Museoak 30 urteotan egin dauen beste lan bat, ez hain publikoa baina bai oinarrizkoa, ondarea jagotea da, etorkizuneko belaunaldiek gozau deien.
Zabalkundea, programazinoa eta jarduerak
Euskal Herriko historia eta kulturea ezagutzera emoteko ondarearen dibulgazino lan garrantzitsua azpimarratu behar da. Horretarako jarduera-programak diseinau dira, azken hiru hamarkadetan inguruneko hainbat publikori, turismo-jokerei eta kultura-eskaereari egokituta.
Aldi baterako 110 erakusketa baino gehiagok osotu dabe erakusketa iraunkorraren gaia, eta horietatik 50 inguru ekoizpen propiokoak edo beste museo edo kultura-erakunde batzuekin alkarlanean egindakoak izan dira. Garrantzitsua da emakumea protagonista daben erakusketak gogoratzea: Dora Salazar, Gemma Intxausti, Sonia Rueda, Lide Kaltzada, Mabi Revuelta eta Merche Periz eta nabarmentzekoa da 2013an, erraketistak ezagutzera emonez Euskal Herria Museoan sortu eta produzidutako "Emakumea eta euskal pelotea" erakusketea.
Era berean, Xabier Sáez de Gorbea euskal arte adituaren "...ren Gernikak-Los Gernika de..." lan bikain eta aberasgarria aitatu daiteke, Gernikako Bonbardaketearen inguruan Museorako beren-beregi sortutako lana, izan be, lanon artean Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea lako artistenak erakutsi dira.
Derrigor azpimarragarriak dira azken urteetan egindako erakusketa bi: "José Arrue barrutik" eta 2022ko urtarrilera arte Museoan ikusgai dagoan "Hemingway & Euskal Herria".
Aldi baterako erakusketei eta erakusketa iraunkorrari lotuta, bisitari-profil guztiei zuzendutako milaka jarduera eskaini dira. Erakusketa iraunkorrerako, aldi baterako erakusketetarako edo lorategirako bisita gidatuak, ikasle, familia eta edade txikikoentzako proposamen didaktiko sendoak eta arte, historia eta arkeologiako adituek eskainitako berbaldi tematikoak erabagigarriak izan dira Museoaren ondarearen barri emoteko orduan.
Gainera, musika-kontzertuak eskaintzen dira lorategian eta atikoan eta programa bateratuen bidez parte hartzen da Ondarearen Europako Jardunaldietan, Museoen Nazinoarteko Egunean eta Museoen Europako Gauean lako ekitaldietan, izan be, 2008tik, euskal gastronomiak be aparteko garrantzia izan dau jarduerotan.
Lankidetzak
Euskal Herria Museoa Bizkaiko Foru Aldundiaren museo eta toki interesgarrien sarean dago, Arrantzaleen Museoa, Santimamiñe, Txakolingunea, El Pobal BurdinolEa, Muñatones Gaztelua, La Encartada Fabrika-Museoa edo Arkeologi Museoagaz batera.
Museoaren jarduna beti izan da alkarlana eta izango da inguruko kultura eta turismo-eragile askogaz, lurralde-lotura sendoa sortzeko eta komunidadea osotzeko. Hona hemen lankidetza horren adibide batzuk: Gernikako Turismo Bulegoa, Bakearen Museoa, Segundo Olaeta Musika Eskolea, Kultur Etxea, Batzar Etxea, Jai-Alai frontoia, udalerriko ikastetxeak, Bird Center, Lilibertso, Euskal Akuarelisten Alkartea, Otsolur, Euskal Herriko Unibersidadea, Deustuko Unibersidadea, Zaragozako Unibersidadea, Aranzadi Fundazinoa, Gustavo de Maeztu Museoa, San Telmo Museoa...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!