Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bileran Iñigo Urkullu izan da buru

Bizkaie! 2021-07-14 10:38   Euskerea berbagai

Eraldaketa digitala, hazkunde kualitatiboa eta kultura-diplomazia dira jorratzeko dagozan gaiak.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaileak eta Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak be parte hartu dabe ekitaldian. Larrazak Etxepare Euskal Institutuan azken urtean egindako jardueren barri emon dau, baita datozen hileotarako jarduera nagusien barri be.

Lehendakariaren agurraren ondoren eta aurreko bilerearen aktea jakinarazo ondoren, Institutuko zuzendariak urteko kontuak eta 2020ko kudeaketa-txostena azaldu deutsee patronatuko kideei. Era berean, 2021-2024 Arlo Estrategikoak eta aurten gauzatzen dabizen eta 2021eko bigarren seihilekoan jarraituko daben bidea be aurkeztu dira. Alde batetik, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak 2020ko txostena aurkeztu deutse patronatu kideei eta horren harian nabarmendu dau igazkoa ez zala urte samurra izan, baina asko ikasteko balio izan deutsela. Larrazak adierazo dauenez, COVID-19a dala eta munduan zehar aurrez aurre egin izan ez genduzan jarduerak, bai irakaskuntzakoak bai kulturearen sustapenekoak, online bideratu genduzan edo atzeratu, betibe gure helburuari eutsita: jarduerei aurrez ezarritako baldintzatan eustea, etorkizunean egin ahal izateko.

Egoera sanitarioak baldintzatu ditu bai euskal kulturearen nazinoarteko proiekzinoa, bai irakaskuntza eremua be eta Etxepare Euskal Institutuak euskerea eta euskal kulturea mundu osoan ikasten daben ikasleei alternatibak eskaintzearen alde egin da. Institutuak irakaskuntza sare bi ditu: mundu osoko unibersidadeen bidez eskainitakoa eta euskera eskolak euskal etxeetan eskaintzen dituan Euskerea Munduan programea. Pandemiak eragindako egoerea gorabehera eta Institutuaren ahaleginari esker, irakaskuntza-sare bi horreetako ikasleek prestakuntza jaso ahal izan dabe.

Bestalde, Irene Larrazak Institutuaren 2021- 2024 bide-orriaren arlo estrategiko barrien barri emon deutse Patronatuko kideei: Koordinazinoa eta lankidetzea nazinoarteko jarduerea daben gobernu-organo eta sailakaz, bai eta kultura-erakundeakaz eta kultura-sektoreko eragileakaz be.

Era berean, eraldaketa digitala, hazkunde kualitatiboa eta kultura-diplomazia dira jorratzeko dagozan gaiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu