Ibarrolaren 'Guernica' Bilbon

Bizkaie! 2021-07-14 08:46   Kulturea

Obra hori eskuratzea museoaren historiaren jazoera nabarmena izan da.

Bilboko Arte Eder Museoak Agustín Ibarrolaren (Bilbo, 1930) Guernica murala bere bildumara gehituko dau. Euskal artearen eta pintorearen produkzinoaren obra nabarmen hori eskuratzea museoaren historiaren jazoerarik adierazgarrienetako bat izan da.

Obrea Bilbon dago eta orain museoko teknikariei jagoke, pinturearen egoerea aztertu eta ahalik eta ondoen ixtea publikoak ikusi baino lehen. Ezustekorik ezean, irailetik aurrera Bilboko Arte Eder Museoan ikusi ahal izango dogu Agustin Ibarrolaren Guernica murala.

Bilboko Arte Eder Museoak Agustin Ibarrolaren Guernica murala erosi deutso Madrilgo José de la Mano galeriari, 2021eko ARCOmadrid arte-azokan. Artisteak 1977 inguruan egin eban 10 metroko luzerea eta 2 metroko altuerea dituan obra hori, Pablo Picassoren Guernica lanaren (1937) omenez eta sasoi haretan koadroa Gernikara ekartea eta bertan ezartzeko egindako museo barri batean jartea eskatzen eben artista eta intelektual talde baten erreklamazinoaren sinbolotzat.

Obrea sortu zan momentuan, Bilboko Arte Eder Museoaren areto Grisean ezagutarazo eta urte bi geroago barriro aurkeztu eben, kasu horretan Ibarrolaren estilo geometrikoko beste lan bigaz batera, ohikoak zituan langile eta fabriken gizarte-gaiakaz.

Laurogeiko hamarkadearen hasieran, museotik kanpo jarri eben ikusgai Guernica. Ordutik artistearen estudioan egon zan, Oman (Kortezubi, Bizkaia) dauen baserrian eta konserbazino-egoera ezin hobean dago. Orio-pinturea erabiliz, hamabi mihisek osotzen dabe eta Picassoren obrearen motibo figuratiborik ikonikoenetako batzuk ditu irudikatuta, Ibarrolaren sormenezko unibersoaren berezko elementu batzuekaz batera: diktadurako jazarpen-giroaren salaketea eta askatasunen aldarrikapena sinbolizetan daben burdin sare geometrikoak.

Bilboko museoak erosi ondoren, XX. mendeko euskal ondare artistikoaren obrarik garrantzitsuenetako bat berreskuratu da publikoarentzat. Lana, gainera, erakundearen historiagaz lotuta dago eta nabarmen aberasten dau Agustín Ibarrolak Museoaren bilduman dauen ordezkaritzea. Era berean, aukerea emoten deusku obra monumentala ezagutzea sortua izan zan testuinguru artistiko eta sozialean eguneratzeko.

Guernica murala 300,000 €-ko prezioan erosi da, museoaren hiru erakunde sortzaileek (Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak) egindako ezohiko ekarpen bati esker. Lana eskuratzeak Ibarrolaren 1973 eta 1979 arteko margolan biren dohaintzea eragin dau. Pintoreak 1979an museoaren areto Grisean egindako erakusketarako sortutako muntaketa bereziaren parte dira koadro biak; erakusketeak Guernica bera eta urte horreetako beste obra batzuk zituan abiapuntu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu