Ignacio Zuloagaren Arrateko santutegirako multzoaren zaharbarritzea aurkeztu dabe
2021-07-13 09:22 KultureaIrailaren hasieran multzoa bere jatorriko lekura bueltauko da, hau da, Arrateko santutegiko aldare nagusira.
Artistea jaio zala 150 urte beteko dirala-eta, Bilboko Arte Eder Museoak, Ignacio Zuloaga Museoagaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiagaz alkarlanean, proiektu bat aurkeztu dau, Ignacio Zuloaga euskal pintoreak (Eibar, Gipuzkoa, 1870- Madril, 1945) Eibarko Arrateko Ama Birjinearen santutegiko erretaularako egindako lau mihiseak konserbau, zaharbarritu eta ezagutarazoteko. Mihiseak 1904an pintau zituan Zuloagak, Sevillan, eta haren nazinoarteko erantzun bikaina oinarri izan ziran zenbait artelanen elementu eta modelo berak ditue. Punturok XX. mendean izandako gorabeherak azalduz, berbaldian pintorearen ibilbideko ekintzarik misteriotsuenetako bat argitzeko saiakerea egingo da.
Lau mihise horreek Ignacio Zuloagak Eibarko (Gipuzkoa) Arrateko Ama Birjinearen santutegiko aldare nagusi barrokorako pintautako debozinoko multzo baten parte dira. Pintoreak Ama Birjinearen irudia dagoan ganbaratxuaren alde banatan jarri zituan; Sortzez Garbiaren tailu gotikorantz doazen erromesen eta fededunen eszenak ikusi daitekez hareetan. Zuloagaren beraren ekimenez pintau ziran –antza, Ama Birjineari berbea emon eutson egingo zituala, bere alaba Lucíaren osasuna hobetzen baeban–, 1904an, artisteak Sevillan egindako egonaldirik emonkor eta bikainenean.
Sasoi haretan eibartarra finkatzen ebilen estiloaren ezaugarri nagusiak atzemon daitekez pinturatan. Estilo haregaz, nazinoarteko figurazinoan iraultzea eragiten ebilen Zuloaga; artista dohainak erabili zituan figuren esentzia fisiko eta psikologikoa jasoteko. Hodei adierazkorren aurrean agiri dira figura horreek, sinbolismoaren eta naturalismoaren arteko erdibidean eta antzerki-giro nabarmenean. Zuloagak berezkoa dauen atzealde-figura binomioaz gan, aitatzekoak dira kolore argitsuak, batez be urdin, arrosa eta moreak; tonu horreek ohikoak dira Zuloagaren 1903 eta 1905 arteko lanetan eta bizitasun aparta dabe hemen. Pinturek gorabehera asko izan zituen eta artisteak pare bat aldiz zaharbarritu behar izan zituan. Azkenekoz, Espainiako Gerra Zibilean, aldaretik kendu eta denporaldi baterako Bilbora ekarri zituenean. Orain, Bilboko Arte Eder Museoan egindako zaharbarritze-lan luze baten ostean –museoa baita espezialistarik handiena Zuloagaren lana zaharbarritzen–, lau mihiseek jatorrizko itxurea dabe barriro. Museoko Alfabetoaren O (Otredad/Bestetasuna) aretoan aurkeztu ondoren, irailaren hasieran multzoa bere jatorriko lekura bueltauko da, hau da, Arrateko santutegiko aldare nagusira.
Zaharbarritzeari jagokonez, 2019an egindako ikusizko lehen analisiek agirian itxi eben puntura geruzeak aldaketa handia izan ebala, hain zuzen be, koloreak efloreszentzia zurixka nabarmenak zituan eta horreek multzoaren konposizinoa eta kromatismoa eraldatzen zituen. Degradazinoaren azterketa teknikoek berretsi eben orbanen zergatia saponifikazinoko prozesu kimiko bat zala. Orioaren aglutinatzaileko zenbait gantz-azido eta pigmentu batzuetan dagozan metal-partikulak alkarregaz buztartukeran jazoten dira aldaketok; erreakzinoa, azkenean, kolore-geruzan azaltzen da eta xaboiak edo gatz metalikoak eratzen ditu.
Tratamendua hasteko, erretaulatik lau pinturak kendu eta museora eroan zituen eta bertara
heldutakoan, azterketa teknikoak egin ziran X izpiak eta erreflektografia infragorria erabiliz eta agirian
geratu ziran obretako bitan izandako konposizino-aldaketak eta euskarriko eta materia piktorikoko beste
eraldatze batzuk. Kalte biologikoa geldiarazo eben anoxia-prozesu baten bidez (hau da, oxigenoa guztiz
kenduz, modu kontrolatuan) eta, ondoren, disolbagarritasun-probak egin zituen, gatz metalikoetan,
gainazaleko estratuan eta barnizetan esku hartzeari begira. Jarraian, mihiseei tratamendu bat emon
jaken presino bajuko mahaian, deformazinoak zuzentzeko eta materia piktorikoa egonkortzeko.
Azkenik, koloreak berrosotu eta barnizak emon zituen.
Donostiako gotzaindegian izan dira Harkaitz Millan, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputadua; Enrique Laborde Suárez-Zuoaga, Pedrazako Ignacio Zuloaga Fundazino Museoko (Segovia) patronoa; Miguel Zugaza, museoko zuzendaria; Javier Novo, museoko Konserbazino eta Ikerketa koordinatzailea; eta Maria Jose Ruiz-Ozaita, museoko Konserbazino eta Zaharbarritze departamentuko burua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!