'Emakume bizkor eta eraginkorrak Bilbon (1800-1936)'

Bizkaie! 2021-07-13 07:59   Kulturea

Emakumeek gizartean daben zeregina aldarrikatzen da liburuan.

Ezkerretik eskumara, Joseba Agirreazkuenaga, Mikel Urquijo eta María José Villa. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU | Ikusi handiago | Argazki originala

Joseba Agirreazkuenaga, Mikel Urquijo eta María José Villa Euskal Herriko Unibersidadeko irakasleek zuzendu eta editautako Emakume bizkor eta eraginkorrak Bilbon (1800-1936) liburua, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu dauena, Unibersidade Argitalpeneko XXIV. Sari Nazionalen irabazleetako bat da, hain zuzen be, Gizarte eta Lege Zientzien arloko monografiarik onena dala nabarmendu dabe: Emakumeek gizartean daben zeregina, kasu honetan Bilbo uriaren eremuan, itzalpetik atarata, denporan zehar aldarrikatzeagaitik, azpimarratu dau epaimahaiak. Espainiako unibersidade eta ikerketa-zentroek 2020an argitaratutako 200 lan baino gehiago lehiatu dira ezarritako hamabi kategorietan.

Emakume bizkor eta eraginkorrak Bilbon (1800-1936) 'Biography & Parliament ikertaldeak egindako ikerketearen emoitzea da. Liburuak euskerazko eta gaztelaniazko bersinoak ditu eta hiru ataletan egituratzen da. Lehenengoan, sarreran, proiektuaren garrantzia eta esparru teorikoa azaltzen dira. Bigarren atalak hiru kapitulu monografiko ditu, Bilbon 1800etik 1936ra bitartean emakumeek bizi eben egoerea hiru ikuspegitatik aztertzen dabenak: politikea, lana eta hezkuntzea. Hain zuzen be, Maria Jose Villak 'Emakumea eta politika Bilbon (1900-1936)' gaia aztertu dau; Arantza Parejak Emakumeak eta lana Bilbo garaikidean (1800-1936) kapitulua idatzi dau eta Karmele Perezek, Begoña Bilbaok eta Gurutze Ezkurdiak Emakumeen goi-mailako prestakuntzea: Bilboko Eskola Normala.

Azken atalak Bilbon abangoardian dagozan hamar emakumeren biografiak eta bizitza ibilbideak batzen ditu: Bizenta Mogel Elgezabal (Azkoitia, 1782-Bilbo, 1854), euskerazko lehen idazlea; Casilda Iturrizar Urquijo enpresaria eta filantropoa (Bilbo, 1818-1900); Juana Whitney Dove maistra eta ekintzailea (Niza, 1857-Lizarra, 1945); Benita Asas Manterola (Donostia, 1873-Bilbo, 1968), mobimentu feministearen aitzindaria Espainian; Adelina Méndez de la Torre (Castropol (Asturias), 1871-Bilbo, 1960), maistra, pedagogoa eta Bilboko Maisu-maistren Eskola Normaleko zuzendaria; Virginia González Polo (Valladolid, 1873-Madril, 1923), sindikalista, politikaria eta emakumeak PSOEn parte hartzearen bide-urratzailea; Ticiana Iturri Landajo (Portugalete, 1904-Bilbo, 1969), Medikuntzan doktorea eta Bizkaiko Medikuen Alkargoan kolegiautako lehen emakumea; Marcelina Elesgaray Arrospide (Busturia, 1877-Bilbo, 1962), zerbitzaria, sukaldaria eta ekintzailea; Sorne Unzueta Landeta ‘Utarsus' (Bilbo, 1900-Urduliz, 1998), idazlea, olerkigilea, Emakume Abertzale Batza; eta Haydée Agirre Doradel (Santurtzi, 1906-Bilbo, 1998), Emakume Abertzale Batza, EAJ-PNVko propagandista nabarmena.

Liburua UPV/EHUren eta Bilboko Udalaren arteko Emakumeak Bilbo Garaikidearen Historian lankidetza eta ezagutza-transferentzia proiektuaren harian sortu zan eta saritutako liburuaz gan, erakusketa ibiltari bat be atondu eben. Erakusketa horri buruzko material didaktikoak atondu zituen, bisitetan eben ikastetxeek ikasgelan bardintasuna, feminismoa eta antzeko gaiak landu eiezan. Erakusketea Bilbo, Portugalete eta Bakion ikusi ahal izan da orain arte.

Proiektuaren helburua emakumeak Bilboko historian ikusgai jartea da. Hari nagusia XIX. eta XX. mendean zehar uribilduaren barruan eta uritik kanpo protagonismoa hartu eben emakumeen biografiak dira. Holan, Bilboko historia bat egiten da, emakumeen eragin eta presentzia aktiboa daben alkarte eta erakundeena. Gizarte-maila desbardinetakoak eta kontrakoak ziran emakumeen bizitza-istorioak hautatu ditue, baita emakumeen hezkuntzeagaz eta lanagaz eta lan-munduan, pribatuan (etxeko zerbitzuan) eta publikoan (lantegietan, meatzeetan, bulegoetan) daben presentziagaz lotutako guztia be, azaldu dau Joseba Agirreazkuenaga Historia Garaikideko katedradunak eta egileetako batek.

Proiektuan, Joseba Agirreazkuenaga, Mikel Urquijo eta María José Villagaz batera UPV/EHUko ondoko irakasle eta ikertzaileek hartu dabe parte: Eduardo Alonso Olea, Begoña Bilbao Bilbao, Karmele Pérez Urraza, Gurutze Ezkurdia Arteaga, Sara Hidalgo García de Orellán, Juan Gondra Rezola, Jon Kortazar eta Arantza Pareja Alonso.

Unibersidade Argitalpeneko XXIV. Sari Nazionalak datorren zemendiaren 18an emongo ditue, Valentziako Unibersidadean egingo dan UNEren (Espainiako Unibersidade Argitzaratzaileen Batasuna) Batzar Nagusian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu