Euskerearen erabilerearen normalizazinoa berbagai

Bizkaie! 2021-07-12 11:12   Euskerea berbagai

Mintegia garagarrilaren 15ean egingo da.

Euskerearen erabilerea normalizetako Legearen 40. urteurrenaren atarian, jardunaldiak legearen printzipioak, helburuak, bakotasunak eta eraginkortasuna aztertuko ditu, baita hizkuntzea bizibarritzeko egin dituan ekarpenak be.

Euskerea bizibarritzerako bidea aurrera doa gizartearen esparru guztietan baina oraindino be erronka handiak eta askotarikoak datoz eta testuinguru horretan, Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak mintegi bat antolatu dabe euskereak esparru barrietara heltzeko dituan eragozpenak identifiketako. Horretarako, 2022an, 40 urte beteko dituan Euskerearen Erabilerea Normalizetako Legea oinarritzat hartuta, hizkuntzeak gizarte-esparruak irabazten jarraitu daian, lege horrek oraindino be eskaini leikezan aukera eta ekarpenen inguruan hausnartzea da helburua.

Mintegia garagarrilaren 15ean egingo da, goizez (9:15etik 13:30era), Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan, Bilbon. Aurrez aurreko parte-hartzea ezinbestean baieztatu behar da mintegira joan gura izan ezkero; bestela, streaming bidez be lotzea izango da, Fundazinoaren webgunean (www.sabinoarana.eus).

Euskerearen erabilerea normalizetako Legearen 40. urtearen atarian izenburuaren harian, ondokoek emongo deutse hasierea jardunaldiari: Andres Urrutia euskaltzainburuak, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazinoko presidenteak.

Lehen berbaldia Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordearen ardurea izango da eta Euskerea Administrazinoan. Lehen urratsak izenburukoa eskainiko dau. Andres Urrutia euskaltzainburua aurkezle eta moderatzaile-lanetan ibiliko da.

Geroago, Joseba Lozano Herri Administrazinoetan Hizkuntzea Normalizetakoatzeko zuzendariak hartuko dau berbea, Euskerearen Legea eta normalizazino prozesua sektore publikoan izeneko berbaldia eskaintzeko. Jean Baptiste Coyos Akademiaren buruordeak aurkeztu eta ondoko eztabaidan moderatzaile jardungo dau.

Lozanoren ondotik, Lasarte-Oriako Udaleko Euskera Zerbitzuko arduradun Iñaki Arrutik Udaletik Euskerearen Legeari begira gaia jorratuko du. Patxi Saez Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kideak egingo ditu aurkezle eta moderatzaile-lanak.

Hurrengo berbaldia Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak emongo dau, Jakin eta ekin: esan, izan, ozen izenburupean. Mahai horretan, Patxi Juaristi euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko kidea izango da aurkezlea eta moderatzailea.

Hezkuntza-arloan jarraituta, Iñaki Etxezarreta Arizmendi ikastolako zuzendariak Aurrera, beti aurrera  ardatz hartuta egingo dau berba. Gotzon Lobera euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko kideak jardungo dau moderatzaile.

Hedabideei erreparauta, Ibone Bengoetxea EiTB Mediako zuzendariak euskereak ikus- entzunezkoetan emon dituen 40 urteei buruz berba egingo dau, EiTBren ikuspegitik. Erramun Osa Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko idazkari eta euskaltzain urgazleak moderauko dau eztabaidea.

Azkenik, Iban Arantzabal TOKIKOMeko presidenteak Legearen urteak eta hedabideenak eskutik izeneko berbaldia eskainiko deusku. Sagrario Aleman Akademiaren Zuzendaritza batzordeko kide eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko burua moderatzaile lanetan ibiliko da mintegiaren azken eztabaidan.

Mintegian parte hartu nahi dabenek telefonoz (94 405 64 50) edo posta elektronikoz (idazkaritza@sabinoarana.eus) emon leike izena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu