Hiztegia eguneratu eta azken sei hileotan 592 forma barri jaso dira

Bizkaie! 2021-07-12 08:18   Euskerea berbagai

Forma barriak landu dira aurten (queer, nezeser, koronabirus...).

Euskaltzaindiak eten barik osotzen eta barrikusten dau hiztegia eta urtean bitan sareratzen ditu barrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena papelean atara ebenetik eguneratzen dau urtean bitan eta 2021eko lehen sei hilabeteetan eginiko lanaren emoitzak jasoten ditu eguneratzeak.

Azken aldion, 592 forma barri jaso ditu Akademiak bere hiztegian, hain zuzen be, 427 sarrera eta 165 azpisarrera. Era berean, 975 forma moldatu ditu: 875 sarrera eta 100 azpisarrera.

Hiztegia eten barik barrikusten eta osotzen da baina oraingo tarte honetan batez be, forma barriak landu doguz, corpus eguneratutik eskuratutakoak, hau da, egun dabizan berbak, argitu dau Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak. Baina, horregaz batera, sasoi batean baztertutako formak be badagoz. Urkiak holan arrazoitu dau erabagia: Euskaltzaindiak ez erabilteko esan arren, berbok bidea egin dabelako, jenteak erabili ditualako. Beraz, erabilten bada, beharra dagoan seinale izango da. Hori da ezarpena: tarteka, dabilena barrikusi eta, kasurik ez badeuskue egin, guk atzera egin. Gure egitekoa dabilena jasotea baita.

Berba barriak

Berba ugari gehitu jakoz hiztegiari, gitxi batzuk aitatzearren: queer, nezeser, koronabirus, zaurgarritasun, nahasmendu bipolar, asanblada, trajeria, euste, birziklapen, dedio, aurri, txantxiku, ustiaketa, zupatu, telelaguntza, hitzemate, pirateatu, esanbidezko, gobernantza, telelaguntza edo heteropatriarkal.

Miriam Urkia euskaltzain osoak adierazo dauen legez, berba barrien artean badira lehendik baztertutakoak eta orain onartuak izan diranak; Hona hemen hiru adibide: Binario: lehen bitar eta biko erabilteko esaten zan baina orain adiera barria onartu da: Sexu edo genero sistemeari erreparauta, kategoria bi (emakumea eta gizona- dituana).

Biluztu: batez be bizkaieraz eta gipuzkeraz erabilia. Hasiera batean, garbizaleago jokatu zan (biluzi baino ez zan jaso) eta euskalkietako aldaera batzuk isildu edo baztertu egin ziran, baina orain, batzuk berreskuratu egin dira. Eskumalde: Bizkaieraz erabilten da, batez be (eskuinalde baino ez egoan lehendik, baina bizkaieraz eskumea da eta berreskuratu egin da Bizk. markeagaz). Azpisarrera barrien artean be badira barrikuntzak: Esaterako, arreta(-)zerbitzu, gibel gizen, malo-malo, nahasmendu bipolar, kirol(-)lege, ziztuan edo pubis(-)zorri gehitu jakoz hiztegiari.

Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.286 forma ditu (39.800 sarrera eta 9.486 azpisarrera) eta 68.181 adiera (horreetatik 2.368 azpiadierak dira).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu