Manu Aurrekoetxea: 'Alkarregaz ekinez ez dago ezinik'

Koldo Isusi Zuazo 2021-07-12 08:07   Barriketan

Txumuluxueta Alkarteko arduraduna.

Ekin Alkarregaz - Kultura Lokalaz - Dimako lultur alkarteen ekarpena liburua aurkeztu barri dau Txumuluxueta Alkarteak Dimako Udalaren babesari esker. Herri txikia da Dima, 1440 biztanlekoa, baina 25 kultur alkarte inguru dituana, jarduera soziokultural aberatsa. Esangura horretan, Txumuluxueta Alkarteak 25 urte bete ditu eta urteurren hori erabili dabe herriko ganerako kultura alkarteakaz asmoen trukaketea eginez, zeozelako erradiografia kulturala egiteko.

Azalpenak Manu Aurrekoetxeari eskatu eta gustora emon deuskuz.

1.- Bizi dogun egoera kulturalaren erradiografia egiteko eskaerea gustora hartu eben alkarteek. Hausnarketa horreetatik guztietatik zeozerk harritu zaitu?

Bai. Ekarpenak mamintsuak eta oso interesgarriak izan dira, lehendik banekian bakotxaren jarduerea eta jarrerea zeintzuk ziran baina nabarmenduko neuke parte hartu daben alkarteetako ordezkariek izan daben nasaitasuna jentaurrean berba egin eta euren eretxiak emoteko. Apal baina harrotasunez zabaldu ditue euren eretxi eta jarrerak eta horrek harritu nau.

2.- Ekarpen danak liburura batzea zelan otu jatzuen?

Txumuluxuetaren 25. urteurrenaren harian, herriko alkarteakaz ospatu gura izan dogu eta zer hoberik ekarpen horreek guztiak okasinorako atondutako liburura batzea baino. Hiru mahai-inguru egin genduzan eta horreetan esandakoetatik, egindako gogoeta eta bihar-etzirako eginkizunak eta enparauak jorratu ondoren, geure irakurketea egin genduan eta hor azaldutako erradiografia kulturala formato fisikora eroatea begitandu jakun; edizino lanak, ideak bateratzen, testuak zuzentzen eta hasi ginan eta azkenean asmau gendula uste dot, upealako harrerea izan dauelako liburuak. Idatzita geratu dira Dimako alkarte batzuen jarduera eta helburuak eta pozarren gagoz. Alkarteek sekulako lana egin dabe eta hori eskertzekoa da: ez dodaz ahaztu gura Amaia Goti, liburuaren azalaren arduraduna, Maitane Izaren erretratuak eta Nahia Aurrekoetxeak egin dauen testuen zuzenketa eta orrazketea eta Gotzon Aurrekoetxearen edizinoa.

3.- Zorionak Manu, Txumuluxueta Alkartearen 25. urteurrenean. Zeintzuk dira zuon egitekoak?

Eskerrik asko. Tarte luze horretan gorabeherak bizi izan ditu alkarteak, zuzendaritzako karguetan aldaketak, momentu on eta txarrak baina gogoan izan Dimako lehenengo alkartea izan zala gurea eta behar bat egoalako sortu zan, jarduerei aterpe juridikoa eta formala emon behar jakon eta parte-hartzaileon egituraketea be asmo inportantea zan. Orain 25 urte egiten genduzan ekintzon artean, San Juan sua, berbaldiak, Txumuluxueta izeneko pelota taldea be hortxe sortu zan.

Orain, barriz, hiru arlotan gabiz: alde batetik, Jentilak Diman egitasmoaren barruan, mitologia gaiak eta holakoak, Balzolan eta herrian antzerkia, jantzak eta beste osogai batzukaz ikuskizun berezia egiten dogu; bestetik, Memoria Historikoa, Dimako Udalagaz batera ekin geuntsan orain urte batzuk artea be memoriaren altzora ekarriz eta Dima bonbardeau ebeneko sasoia gogoratzeko ahaleginak be egin doguz. Hirugarren ardatza, barriz, Europaren barruan, ondarearen gaia nabarmenduko neuke, urrian Aldundiak atontzen dituan jarduerokaz batera, auzo-eskolen gorabeherak jorratu genduzan.

4.- Dima herri txikia izan arren, kultura arloan sano aberatsa da eta Abeltzainen Alkartearen zein Andraizea alkartearen ekarpenak be batu dozuez. Zergaitik dauka horrenbeste indar alkartegintzeak?

Herri bizia gara, 25 alkarte ditugu eta Diman 1440 herritar gara, herritar bakotxa alkarte bakarrean, birritan eta hirutan be egon daiteke eta hori oso positiboa da; indar handiko herria da Dima eta arratiar be sentiduten gara eta zeozeren, eskualdearen parte izate horrek aukera barriak sortarazoten ditu eta Arratiako alkarte eta herritarrakaz leitekeana da bide bat zabaltzea.

Alkarteei jagokenez, alkarteen bidez gizartea, herria egituratu, partaidetza kulturearen alde egiten dogu eta jentea gustora dago; datu lez baino ez bada be, esango deutsut gu baino hamar aldiz handiagoa dan Azpeitiko esperientzia oso interesgarria dala guretzako eta hango alkarte kopurua bardin antzekoa da, guzurra emoten dau baina egia da.

5.- Dimesten proiektuaren hasierea hizkuntza proiektuagaz batera doa eta, esangura horretan, euskerearen arnasgune izatetik erabileran atzera egin dauen herria da Dima. Guzurra emoten dau...

Datuk hotzak dira, gogorrak baina sektoreka erabileran gorabeherak dagoz, Dima herri euskalduna da baina beti gabiz aldatz gora eta jokera hori beste herri batzuetan be igarten da, erabilerea da sustatu behar doguna.

6.- Rock musikearen ganeko kontuak azaldu ditu The Impresentables eta beste talde batzuetan ibilitako Dabid Ibarrak. Antza laster ikusiko dau argia atontzen dabizen Opera Rock musikalak be...

Familiakoa dot Dabid eta arlo musikalaren irakurketa polita egin eban mahai-inguruan, musikazaleei eta gazteei Dabiden ekarpena irakurteko esango neuskie. Ez ahaztu lehenengo diskoa kaleratu eban Dimako The Impresentables taldeko abeslaria be badala, rock sensibilidade handiko mutila da eta Barandiaranen kultura marko nagusiagaz egiten dauen buztarketea oso interesgarria.

Horrezaz gan, Lubakiak izenburuko opera rock musikala jorratzen be badabiz, Dabid bera, Iñaki Akesolo eta beste batzuk eta seguru nago gazteen artean erantzun bikaina izango dauela.

7.- Antzazti museo etnografikoa be badago Diman, herrian eta kanpoan be interesa biztu dauena. Etxea, emakumea eta emakumearen gorabeherak jorratzea da asmoa baina zer topauko dau bisitariak?

Antzazti Museoaren meritua eta indarra nabarmenduko neukez. Elena eta Kristina dira museoaren ardurea dabenak eta bikain egiten dabe euren lana. Artaunen dagoan baserri bat da, paraje zoragarrian eta bertan euskal etxe bat topauko dogu, antxinako egiturako gelak eta lanabes, erreminta eta aparejuak. Plan polita izan daiteke Artaun eta inguruko mendiak ezagutu, museoa bisitau eta han inguruan bazkaldu.

8.- Erretratu partidea be batu dozuez liburura eta liburu txikia baina mamintsua egin dozue...

Bai, hori da jenteak autortu deuskuna. Liburua polito geratu da, txikia, xumea da baina gauza duina egin gura genduan, kalidadekoa eta Dimako Udalaren babesari esker, gauza itxurosoa egin dogu, erraz irakurtekoa eta alkarte ezbardinen ekarpenak diranez, orain zati bat, geroago beste bat eta irakurri daiteke.

Lege gordailua, ISBN eta horreek danak be ez doguz ahaztu eta kritika positiboak baino ez doguz entzun.

9.- Ondorioen artean, zer egin alkarregaz, zer bakarka, dana Diman, inguruko herrietan... Itaunok badabe erantzunik?

Lehen be zeozertxu esan deutsut. Eredu kulturalaren bila gabiz eta itaunok gogoetea, ardurea eragiten dabe eta hori ez da txarra, ibilian-ibilian joango gara ikasten, zer dagoan ondo, nondik nora jo behar dogun eta noiz bakarka eta noiz taldeka egin behar dogun. Itaunok erantzun bat baino gehiago ekarriko ditue eta alkarbanatze horrek indartu egingo gaitu.

10.- Alkarregaz ekinez ez dago ezinik da liburuko azken esaldia...

Ez da txarra. Gustoko lanean aldatzik ez dakar esaera zaharrak eta egia da, batasunak indarra dakar eta mesederako bada, aurrera. Mahai-inguruotan neu ibili naz moderatzaile eta amaieran eskatu neutsen berba bakarra erabilteko euren ekarpena laburbatzeko eta hor berba bi izan ziran nagusi: ekin eta alkarregaz eta horrexek erabili genduzan liburuari izenburua ipinteko.

11.- Liburua herrian zabaldu, saldu, ze esperantza dozue?

Liburua ez dogu egin saltzeko esperantzeagaz, aurkezpenera etorri ziranei liburu bana eskaini geuntsen, gure bazkideek be eroan eben eta alkarteei be liburuak emotea da asmoa. Udaletxean eta badago aukerea liburua eskuratzeko baina gure idea ez da liburua saltzea, liburuak eragindako kostua Dimako Udalak pagau dau eta gura geunke irakurleen artean banatzea, ez daitela apaletan geratu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu