'Ikus-entzunezkoetan euskerearen erabilerea bermatzeko kuotak ezarri behar dira'

Bizkaie! 2021-07-09 12:13   Euskerea berbagai

Azken boladan barra-barra dabil ikusentzunezkoak euskeraz egoteko aldarria.

Igazko abenduan aurkeztu eban Espainiako Gobernuak Ikus-entzunezko Lege Orokorraren aurreproiektua. Orduan ekarpenak egin ez arren, oraintsu Gobernuak dokumentu barri bat jarri dau mahai gainean eta gizarte eragileek dokumentuari ekarpenak egiteko aukerea izan dabe: Gobernuak bigarren zirriborro horretan berezko hizkuntzen erabilerea bermatzeko neurriak txertatzeko aukerea izan badau be, holakorik ez dau egin eta, beraz, barriro be gurea lako hizkuntzei ezelako tarterik ez egitea erabagi dau, Paul Bilbaok, Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusiak zehaztu dauenez.

Euskerearen erabilerea bermatzeko kuotak

Zoritxarrez, berezko hizkuntzei jagokenez, Espainiako Gobernuak lehen aurreproiektuko bakotasunei aurre egiteko proposamenak izan bazituan be, ez deutsee horreei erreparau eta, bigarren aurreproiektuan, barriro itxi dau euskerearen erabilerea babes barik: Hizkuntzen erabilereari lotzen jakonean gaztelania EDO gainerako hizkuntza ofizialean erabilerea ezartzen dau; beraz, pasau daiteke ikus-entzunezko guztiak gaztelaniaz egotea. Kontseiluko bozeroailearen eretxiz, aukera ona litzateke legeak euskerearen eta gainerako berezko hizkuntzen erabilerea ezartzea: Horrexegaitik, hizkuntzen erabilereari buruzko artikulu guztietan EDO juntagailua ETA juntagailuagaz aldatzeko eskatzen dogu, bai eta kuota zehatz batzuk agintzeko be, horixe baita geurea lako hizkuntzen erabilerea bermatzeko bide bakarra».

Hainbat artikulutan eskaera zehatz hori egiteaz gan, ekarpenetan jaso da Legeak Estaduko hizkuntza-aniztasuna propio sustatu behar dauela, egoera gtxituan dagozan berezko hizkuntzetan arreta berezitua jarriz. Kontuan hartuta zein egoera bizi daben hizkuntza gitxituek ikus-entzunezkoen eremuan, beharrezkoa begitandu jaku legearen printzipioetan berariaz jasotea, azaldu dau Bilbaok.

Gainera, printzipioei jagokenez, euskerea (eta gainerako berezko hizkuntzak) audioan edo testu idatzian interes orokorreko edukitzat hartzeko eskatu dau Kontseiluak, ekarpenetan proponidutako sustapen-neurriei eta betebeharrei ahalik eta babes handiena emoteko: Oso garrantzitsua da legeak betebeharrak modu esplizituan jasotea euskerea ez erabilteko zirrikituak erabili ez deiezan, adierazo dau.

Alkarlanean idatzitako dokumentua

Abenduan aurkeztu eban Espainiako Gobernuak Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren lehen zirriborroa eta orduan Kontseiluak ez eban izan aukerarik ekarpenik egiteko: Egia esan, ez genduan denpora nahikorik izan. Halan da be, orain beste hainbat eragilegaz gure proposamena konpartidu dogu eta, beraz, Kontseiluaren izenean joan arren, hainbat erakunderen ekarpenak eta babesa ditu, besteak beste, Behategia, Hekimen, Tokikom, Euskaltzaleen Topagunea eta Pantailak Euskarazena. Bilbaoren arabera, azken boladan barra-barra dabil formatu desbardinetako ikusentzunezkoak euskeraz egoteko aldarria eta honen bidez dinamika horri ekarpena egin nahi izan deutsagu, zeozelako babes juridikoa lortzeko».

Udagoienean, alderdiakaz bilera-errondea

Udagoienean dau asmoa Espainiako Gobernuak legearen eztabaida Diputaduen Kongresura eroateko eta Kontseiluko ordezkariaren arabera, orduan ikusiko da euskerearen ikuspegitik egin jakozan ekarpenak onartuko dituen al ez: Dana dala, aurreratu geinke galizierearen eta katalanaren aldeko gizarte eragileek be ekarpenak egingo dituela eta guk egindakoetatik hur egongo dirala. Horrexegaitik, asmoa dogu udagoienetik aurrera alderdi politikoakaz bilera-erronda bateratua egiteko gure ekarpenak bere egin eta eztabaidan defendidu deiezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu