Markina-Xemeingo Leartiker da Basque Research Technology Alliance-n sartu dan lehen eragilea

Bizkaie! 2021-07-09 08:24   Pil-pilean

Euskadiko ikerkuntzearen erreferente izan gura dau Europan.

Markina-Xemeinen kokatutako Leartiker Zentro Teknologikoa Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide barria da. 17 eragile zientifiko-teknologiko batzen dituan lankidetza-egitura honek Euskadiko ikerkuntza-potentziaren erreferente izan gura dau Europan.

Joan dan maiatzean Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Euskal Sarearen (ZTBES) eskutik lortutako Foku Anitzeko Zentro Teknologiko izentapenari esker, Leartiker Euskadiko I+G+b esparruan erreferentziazko zentro bat izatera heldu eta BRTA aliantzan sartuta pausu sendoa emon dau, izan be, zentro teknologikoak azken urteotan izandako aparteko hazkundearen adierazgarri da.

Leartikerren atxikimendu-hitzarmenaren ekitaldi ofiziala gaur Mendaron (Gipuzkoa) dagoan BRTAren egoitzan izan da, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua, Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusia eta Amaia Egia Leartikerreko zuzendari nagusia bertan zirala.

Leartiker, batetik, jorratzen dituan proiektuen transferentzia teknologikoaren indize altuagaitik nabarmentzen da eta hau gure inguruko enpresei eskaintzen deutsen hurrekotasunari esker da eta, bestetik, haren nazinoartekotze-maila handia be nabarmentzekoa da. Leartiker BRTAn sartzea gure Aliantzaren dibersifikazinoa eta espezializazinoa bultzatzeko barri bikaina da eta euskal enpresen lehiakortasuna handitzeko eta euren osogai barritzailea bultzatzeko ziurtatu dau Buenok.

Bestalde, Amaia Egia Leartikerreko zuzendariak adierazo dauenez, BRTAgaz bat egitea sano inportantea da Leartikerrek garapen teknologikoaren alde egin dauelako, euskal enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko oinarrizko tresna legez eta hori lortzeko ezinbestekoa da, gurea lako prestakuntza eta espezializazino handiko gizatalde baten konpromisoa, lekuan lekuko lankidetzan oinarrituta, betibe nazinoartera bideratutako begirada globalagaz; BRTAko kide barriko zuzendari nagusiak aukera hau aprobetxau dau lantaldeari eta instituzinoei eskerrak emateko: Ibilbide oparoa izan dogu eta honaino heltzeko bidelagun izan ditugun enpresa eta instituzinoak nabarmendu eta zelan ez, gure lantaldearen konpromisoa. Lan taldea, enpresea eta instituzinoen, batez be Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzea, babesari esker gagoz hemen.

Amaieran, Arantxa Tapia sailburuak egin dau berba: Leartikerreko giza talde osoak egindako ahalegina azpimarratu gura dot; lantalde oso kualifikatuak eta motibatuak hau guztia posible egin dau. Inportantea da Bizkaian zelan dagoen sustraitua, Lea Artibaiko eskualdean eta bertako enpresa Ertain eta Txikiei eskaintzen deutsen hurrekotasuna eta zerbitzu- bokazinoa, prestakuntza-zentro lez daben jatorriari leialak izanez. Bere jatorrizko garapenak, polimeroak eta elikagaiak, egun BRTAn dogunaren osogarriak dira. Leartiker gehituta, BRTAk indar gehiago lortu dauela esanez amaitu dau bere aurkezpena Sailburuak.

Eusko Jaurlaritzearen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta SPRI Taldearen bitartez euskal administrazino publikoak emondako bultzeadari esker 2019an sortu zanetik, Leartiker da Basque Research Technology Alliance-n (4 ikerketa-zentrok, CIC BioGUNE, CIC NanoGUNE, CIC BiomaGUNE eta CIC EnergiGUNE eta 13 zentro teknologikok, Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Leartiker, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicomh-ek osotzen daben aliantza bat da, euskal enpresa-sarearentzako urtenbide teknologiko aurreratuak jorratzeko) sartu dan lehen eragilea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu