GBasque District of Culture and Creativity (BDCC) sortu dabe
2021-07-08 12:35 KultureaHelburua da Kultura eta Sormen Industriei kudeaketea eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea.
Basque District of Culture and Creativity (BDCC), Euskadiko Kultura eta Sormen Barrutia, aurkeztu dabe gaur goizean Zorrotzaurreko La Terminal Kultura eta Sormen Industriako fabrikan, antxinako Estanpazino eta Galdaragintzako lantegi zaharrean, kulturak birsortzeko dauen ahalmenaren ikur. Aurkezpenean, parte hartu dabe Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaileak, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzearen zuzendariak eta Leire Bilbao Barrikuntzearen Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak. Basque District of Culture and Creativity Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren, SPRI Taldearen eta Innobasqueren arteko lankidetzaz sortu da. Gainera, Gaia, Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazinoaren Industrien Alkartea, arduratuko da BDCCren zerbitzu guztiak eskaintzen eta plataformea jorratzen hurrengo urteetan.
Kultura eta Sormen Industriak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta langile independenteen % 9,9 dira eta, bertan 45.365 persona inguru lanean dabiz, enpleguaren % 5,31 ingurua. Sektore horretara 15 azpisektore batzen dira eta horreetatik sei kulturakoak dira (arte eszenikoak, ikusizko arteak, ikus-entzunezkoak, edizinoa eta inprimaketa-bitartekoak, musikea eta kultura-ondarea) eta bederatzi, barriz, sormenekoak (arkitekturea, artisautzea, eduki digitalak, diseinua, gastronomia, hizkuntzearen industriak, modea, publizidadea zein marketina eta bideo-jokoak).
BDCC Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzako Plana 2030ean (PCTI 2030ean) hartzen da kontuan, Euskadiko espezializazino adimentsuko estrategiaren (RIS3 Euskadiren) jarraibideei lotuz. Estrategia horretan, Eusko Jaurlaritzeak identifikau dau kultura eta sormen-industriak aukerarako lurraldeetako bat dirala Euskadin hazkundea eta enplegua sortzeko. Plataforma barri honen helburua da Kultura eta Sormen Industriei (KSI) lotutako enpresen kudeaketa profesionalizetan eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea.
Sektorearen profesionalizazinoa
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazo dauen bezela, barrutia ekonomia eta finantza-erispideak ezartzea sustatuko dauen eremu bat izango da, betibe talentuan, esperimentazinoan eta originaltasunean oinarritutako sektore honen berezitasunak errespetauta. Kultura eta Sormen Industriako enpresetan dagoeneko identifikautako erronkei erantzuna emotea, berbarako, ekintzailetzea sustatzeko beharra, negozio-planak hobetzea eta horreen enpresa-dimensinoa egokitzea, jaubetza intelektualaren babesa erraztea, nazinoartekotzen eta merkatu barrietara sartzen laguntzea, transizino digitala arintzea, talentua erakartea, atxikitzea eta hari prestakuntzea emotea edo jarduerak babesteko laguntza eta zerbitzuei buruzko informazinoa areagotzea. Horretarako, Basque District of Culture and Creativityk interneteko programak eta tresnak batu ditu, sektoreko eragileakaz lankidetzan sortuak; beraz, industria horreetako enpresek eta profesionalek beren negozioetako askotariko alderdiez gogoetea egin ahal izango dabe, modu didaktikoan eta praktikoan. Bada, BDCC plataformak hauxe eskainiko dau:
· Informazino eta orientazinorako zerbitzuak, sektoreko profesionalei arretea emoteko prest egongo diran personen lantalde bati esker.
· Era autonomoan erabili daitezan sektorearen eskueran jarritako tresnak, interneten hartu daitekezan aplikazinoen formatua dabenak.
· Enpresak administrazino publikoen laguntza-programetara bideratzea.
· Eragile adituen eta sektoreko erakunde espezifikoen zerbitzu-eskaintzea; BDCCgaz ibiliko dira lankidetzan enpresen multzoari eragiten deutseen gai zehatzen edo problematikoen inguruan.
· Informazino eguneratua, baita newsletterra be.
· Etenbako prestakuntza edegia, Kultura eta Sormen Industrien osotasunak dituan zeharkako erronkei erantzuna emoteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!