Gastronomia-ekintzailetzarako aro barria
2021-07-08 12:06 Jan edanakHelburua da Basque Culinary Center ekintzailetzearen mundu-mapan sartzea.
Zentroaren 10. urteurrenagaz eta erakundearen plan estrategiko barriagaz batera, Basque Culinary Center-ek gastronomia-ekintzailetzarako aro barriari ekin eta Culinary Action! programearen plangintzea berrantolatu dau. Programa horrek estrategia barria dakar, egun sektorearen erronkei aurre egiteko eta horretarako, eregitakoa finkatu, hazi eta nazinoartekotzearen alde egiten dau.
Erakundeko gastronomia-ekintzailetza arloak salto kualitatibo eta kuantitatiboa emon eta startup studio lez finkatu da, nazinoarteko erreferentziazko ekosistemea sortzeko lan eginez, hainbat ekimen eta proiekturen bidez talentu ekintzailea eta startupak erakarteko.
Basque Culinary Centerreko Zuzendari Nagusia dan Joxe Mari Aizeagak adierazo dauenez, Culinary Action!-en estrategia barri honen bidez, Basque Culinary Center-ek beste bultzada bat emon deutso ekintzailetza eta negozio barriak sustatzeko jarduereari, gastronomiaren ikuspegi integralagaz eta nazinoarteko dimensinoa bultzatzeko helburuari eutsiz. Aldatzen dagoan mundu honetan, espiritu barritzaile eta ekintzailea, gastronomiaren 360 graduko ikuspegia eta talentua garrantzitsuak dira testuinguru horretan.
2014tik, Basque Culinary Centerrek ekintzailetzea sustatu eta gastronomiari eta elikadureari lotutako negozio barriak sortzea bultzatu dau, hemen eta munduan. Ondorioz, ekintzaileak, ikasleak, enpresak eta industria, baita gizartea be, erakarri ditu espazio bakar batera, sektorean talka sozioekonomiko erreal bat sortzeko. Hori guztia posible izan da BCC Innovationek, gastronomiako teknologia-zentroak martxan jarritako Culinary Action! ekintzailetzarako programeari esker.
Basque Culinary Centerreko Garapen Orokorreko zuzendaria dan Asier Aleak honako hau adierazo dau: Aro barri honetan Culinary Action! formatu hibrido eta nazinoarteko proiekzino eta estrategiagaz dator mundura, foodtech ekosistema global nagusietan aktore iraunkorra izateko helburuagaz eta bere startup estudiora talentua erakarriz.
BBC Innovation gastronomiako zentroak lagunduta, Basque Culinary Centerreko garapen orokorreko sail barria Culinary Action! Startup Studio bilakatu, gastronomia sektoreko barrikuntza eta ezagutzako lider eta partnerren sare orokorra finkatu eta 50 mentore baino gehiagoko nazinoarteko taldea be izango dau, gastronomiaren etorkizuneko ekintzaile, proiektu eta ideak sustatzen laguntzeko, hurrengo elikadura-iraultzako protagonista izan daitezan.
Culinary Action! programearen beste barrikuntzetako bat CA! On the road ekimena da eta horretan, 2021eko irailetik aurrera, roadshow formatuko mundu mailako ekimenen lehenengo seriea egingo da, foodtech startupetara bideratuta egongo dana; geldialdi bakotxean, lekuan lekuko startupen arteko lehiaketak egongo dira eta horreetan izena emoteko epea datorren astean edegiko da. Hitzordu danak batu egingo dira Europan formatu horretan egingo dan lehenengo foodtech lehiaketako irabazleakaz 2022. urtearen hasieran Donostian egingo dan final handian.
Culinary Action! programeak tailer edegi digital gehiago egingo ditu eta asmoa da eztabaidea sustatzea, sukaldari, ostalari, produktore eta beste ekintzaile batzuen kasu arrakastatsuetan oinarrituta.
Era berean, hainbat ekimen sendotuko ditu, horreen artean Ekintzaileen Nazinoarteko Foroa, urtero gastronomiako ekintzaile nabarienak hautatu eta batzen dituena.
Culinary Action! Hazi Fundazinoaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntza eta babes instituzionala dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!