'Luis Paret Bilbon'

Bizkaie! 2021-07-07 09:12   Kulturea

Garagarrilaren 14, 15 eta 16ko jardunaldiotan izena emoteko epea zabalik.



1779. eta, gutxienez, 1787. urteen artean, Luis Paret pintore madrildarra Bilbon bizi izan zan, Karlos III.ak agindutako erbestearen zati bat beteten. Jatorriz frantziarra zan Micaela Fourdinier emazteagaz bizi izan zan urian eta hemen izan zituen abala bi, María eta Ludovica. Denpora horretan, heldutasunez betetako obrea sortu eban, besteak beste, erlijino-gaietako enkarguak, konposizino alegorikoak eta paisajeak. Orain, Bilboko Arte Eder Museoak eta Bilboko Eleiz Museoak atondutako Luis Paret Bilbon erakusketan ikus daitekez lan horreek, BBKren babespean.

Erakusketa berezi horrek aukerea emon dau Arte Jardunaldiak atontzeko; Arte Eder Museoko auditoriumean egingo dira, garagarrilaren 14an, 15ean eta 16an , Gondra Barandiarán Fundazinoaren laguntzeari esker.

XVIII. mendeko pintorerik onenetako batek urian egindako egonaldiari buruzko ezagutzea sakontzeko askoz, puntako zenbait espezialistak eguneratu egingo dabe Paret Bizkaian egon zan boladeari buruzko informazioa eta, aldi berean, orduko testuinguru sozial eta artistikoa aztertuko dabe: Biografia eta obrea, arkitekturea, modea, dekorazino-arteak, bezeroak eta eguneroko bizimodua izango dira jorratuko diran aztergaietako batzuk.

Honako honeek hartuko dabe parte: Manuela Mena (artearen historialaria), Julen Zorrozua Santesteban (Euskal Herriko Unibersidadeko Artearen Historia Saileko irakasle titularra), Javier Novo González (Bilboko Arte Eder Museoko Konserbazino eta Ikerketa koordinatzailea), Aingeru Zabala Uriarte (Historiaren Errege Akademiako kide urgazlea), Amelia Leira Sánchez (ikertzaile independentea), Alejandro Martínez Pérez (ikertzailea eta Pareti buruzko espezialistea), Alberto Santana Ezkerra (Historialaria. UNED-Bergarako Artearen Historiako irakaslea), José Luis Merino Gorospe (Bilboko Arte Eder Museoko Antxinako Artearen konserbatzailea), María Jesús Cava Mesa (Deustuko Unibersidadeko –Bilbo– Historiako katedradun emeritua), Raquel Cilla López (Bilboko Eleiz Museoko Bildumen arduraduna), Javier González de Durana (Artearen historialaria), Gudrun Maurer (Prado Museo Nazionaleko XVIII. mendeko Margolaritzearen eta Goyaren Arloko konserbatzailea).

Informazio gehiago eta izen-emotea hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu