Hamalau ikaslek 'Artekan' erakusketea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2021-07-06 13:55   Kulturea

Garagarrilaren 16ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzarrak erakundean.

Garagarrilaren 16ra arte, Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Arte Eder Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzinoa masterra egiten dabizen 14 ikaslek euren azkenengo lanak erakutsiko ditue Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen erakusketa-aretoan, Artekan izenburupean. Kontzeptu horrek mundu bien artean jarten dau zeramikea: artea eta historiaurreko garaietatik daukan funtzionaltasuna.

Buztinen eta prozedura zeramikoen aukera mugabakoak aztertzen dituan proposamen personal sorta bat batzen dau erakusketeak, alkarrizketa iradokitzailean oinarrituta. Leioako campusean emoten dan graduau osteko ikastaroko bederatzigarren promozinoko (2020-2021) kideak dira protagonista: Ainhoa Arzallus Goñi, Alex Ruiz Errera, Antonio López Caro, Carmen Piñón Loureda, Celia Martínez Moreno, Edu Valls Sánchez, Eguzkiñe Egaña Corta, Eva Kareaga Cortacans, Garazi R. Itza, Ismael Buenaga Fuente, Naiara Otaegi Sánchez, Nerea Castaño Gonzalo, Paula Huarte Cosin eta Tamara Sadia Mancebo.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak inaugurau dau gaur erakusketea, mahaiko kideakaz, artista gehienakaz eta Carmen Marín masterraren arduradun eta erakusketearen komisarioagaz batera, Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilboko erdigunean daben erakusketa-aretoan: Erakusketea oso interesgarria da eta material horren adierazkortasuna eta berezitasuna aldarrikatzen dau; izan be, agirikoa da zeramikea, adierazpen artistikorako bide moduan, etxeko edo dekorazinoko erabilera ezaguna baino harago doala.
Urtero erakusketa honek sormen handiagaz eta obra guztiz desbardinakaz harritzen gaitu, zeramikazko material honen aberastasun handia erakutsiz, azaldu dau Otaduik.

Zeramika Masterraren bederatzigarren promozinoko 2020-2021 ikasturtearen azken jarduera moduan atonduta, Artekan erakusketeak sortzaile gazteen ardura tematiko eta estetiko personaletara buztina zelan egokitzen dan erakusten dau, Carmen Marinek azaldu dauenez.

Aurkezten diran lan batzuetan, zeramikeak bere prozesuan emoten dituan gaitasun plastikoak aztertu dira; beste batzuetan, mineralen ezaugarri fisikoak behartu dira, keinuari edo suari erantzutean, zoria piezea osotzen daben faktoreen artean sartuz. Eta, masterreko arduradunaren berbetan, ikusleek materialen eta tekniken arteko buztarketan alkarrizketa barrien hedapena ikusi ahal izango dabe, adierazpen-potentzial handiko kontraste ezohikoak eragiten dituenak, baita artearen eta diseinuaren alderdiak batzeko lanak be, barruko arkitekturearen eta zeramikearen arteko loturea barriro ikusiz.

Erakusketeak planteamentu personalen moltsoa dakar eta bertan, batzuek modernidadeak sortutako eta artista garaikideek azkenengo hamarkadetan jorratutako arazoen inguruan hausnartzea eskatzen dabe,
naturearen eta kulturearen arteko hartu-emonen eta horreek gizabanakoaren identidadearen garapenean daben inplikazinoaren inguruan. Eta beste batzuek, barriz, erregistro guztiz desbardin batean, esplorazino
formalean topetan dabe euren bultzada sortzailea.

Erakusketea Bizkaiko Batzarr Nagusiak erakundeak EHUko Arte Eder Fakultadeagaz orain hamarkada batetik dauen akordioaren parte da, Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko.  Artekan erakusketea garagarrilaren 16ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado Amezaga kalea, 6 – Beheko pisua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik
barikura. Sartzea librea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu