Ezbaikaria, Mikel Laboaren 'Lekeitioak' oinarri dituan mintegia

Bizkaie! 2021-07-06 09:38   Kulturea

Garagarrilaren 7, 8 eta 9an San Telmo Museoan eta 10ean, Tabakaleran.

Ezbaikaria mintegia Tabakalerak bultzatutako Komunikazino-Inkomunikazino erakusketearen babesari esker egin da. Erakusketa honek Mikel Laboa (1934-2008) euskal kantautorearen Lekeitioak lana dau oinarri eta lan esparru ezbardinen gurutzaketea proponiduten dau, aitatu binomioa ardatz hartuta, izan be, herri kultura eta abangoardien arteko banaketea gainditu eta iraupen luze eta askotarikoak diran ardura formal eta bihurketak azalarazoten dituen artefaktuak baitira Lekeitioak: tradizinoaren eta tradukzinoaren arteko olgetea, soinu eta musika-erregistro askoren arteko nahasketea edo hizkuntzearen eta keinuen bihurduren azterketea.

Mende erdia baino gehiago igaro da Ez dok Amairuko kideek Baga, biga, higa sentikaria izeneko ekimena aurkeztu ebenetik; izena Joxean Artzek jarri ei eutson, ikus-entzuleen sentimenduetan eragitea ebalako helburu ikuskizunak.

Ikuskizuna baino entzunkizuna dala esango geunke Ezbaikaria, arrazoia eta gogo-bizia (arrazoiketea) aurrez aurre ipini nahi dituan eztabaida eta kritikarako lekua. Komunikazinoak estatus sakratua hartu dau hainbat eremutan. Personen eta herrien arteko topaketearen tontorra, hezkuntzearen esentzia eta demokrazian parte hartzeko bitarteko egokia dala esaten da. Baina komunikazinoa ez da hizkuntzeagaz nahastau behar. Gardentasun egarri asegatx batetik harago doa, asko baitira hizkuntzan ezagutzen ez ditugun gauzak. Beraz, hizkuntzearen entzumenak beti engainetan dituan ideei gerra deklaratzetik hastea komenidu da, gitxi baitira ikuspegi kritikoa eregiteko bidean topau daitekezan ziurtasunak.

Ezbaikariak arrazoi argiko autobide irristakorren ordez dudaz betetako bidezidorrak jarteko eskatu dau, gerrea askatu nahi dau eta entzun agurearen zuhurtzia, gaztearen amorrua, kantuaren errimea, artistearen gehiegikeria eta astoaren irrintzia.

Lekeitio eta Gernika. Berbea eta hotsa. Komunikazinoa eta inkomunikazinoa. Herrikoia eta elitistea. Ni eta danak. Hizkuntzearen gerrak kontauezinak dira. Ezbaikariaren lehen edizino honek horreetako batzuetan sartzea eskatzen deusku.

Egitaraua

San Telmo Museoa

Garagarrilak 7: 18:00-19:00: Iñaki Segurola eta Beñat Muguruzaren arteko alkarrizketea: Quousque Tandem / Sed Quia Sua (Oteiza hil behar izan dogu, bizi eitean euskeratik) EU

Garagarrilak 8: 18:00-18:50. Berbaldia. Marta Boccos Garcíaren Lekeitio 5. Komunikazinoa Inkomunikazinoa. Mikel Laboa (Artista Medikua) EU

19:00-19:50 Berbaldia (Gonbidatua online). Elixabete Ansa Goikoetxea Garraxia eta kantuaren tarte interstiziala EU

Garagarrilak 9: 18:00-18:50. Berbaldia. Lenguaje y poética del responder. Hizlaria: Hugo Savino ES

19:00-19:50 Berbaldia. Los exiliados de la lengua: poesía y guerra. Hizlaria: Germán Labrador ES

Tabakalera (Z Aretoa)

Garagarrilak 10: 18:00etan, berbaldia-irakurketea, Interpretazioaren kontra, Olatz Otaloraren eskutik EU

19:00etan, Antifascist Experiment and the Gesture of Language, Esther Leslie EN

20:00 Kontzertua. Jon Mantzisidor, Fernando Ulzion eta Dani Parkinson Round Midnight

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu