Euskaldunen lekukotzak Ameriketan, 'Basque Way' erakusketan
2021-07-06 08:11 Euskaldunak munduanBilboko Itsasmuseumen, garagarrilaren 16ra arte.
Azken mendeetan euskaldunen eta Amerikaren arteko loturea estu-estua izan da, askok Atlantikoa zeharkatu dabe bueltako txartel barik. Milaka kilometroko kontinente haretan euskaldunek itxitako arrastoa dokumentau eta erakusketa baten batu dabe David Quintas argazkilariak eta Martin Ibarrola idazleak, Basque Way izenburupean.
Bilboko Itsasmuseumen aurreko zabalgunean ikusi leiteke erakusketa literario-fotografikoa, garagarrilaren 16ra arte. Kubo handietan batu ditue argazkiak eta testuak: Amerikara joandako euskaldunen testigantzak, bederatzi herrialdetan sakabanatutako hamabi istorio. Etxekoak egiten jakuzan izenak, ohiturak eta eraikinak, baina Euskal Herritik milaka kilometrora.
Itsasmuseumek azaldu dauenez, ohiz kanpokoak eta apartekoak ziran bizitzen gomutea omentzeko ahalegina da. 20.000 km-ko ibilbidean, euskerazko idazkunetan, errepide bakartien seinaleetan, galdutako herrien izenetan, antxinako migratzaileen saltokietan, lauburudun hilarrietan, beste bandera batzukaz bat egindako ikurrinetan eta euskal udalerrien izena daben matrikuletan agiri da arrastoa.
Izen-abizienez ezagutzen doguzan euskaldunen abentura, gorabehera eta bizipenen barri be emoten dau erakusketeak. Nazien artean infiltrau eta espia lanetan ibilitako José Laradogoitia Mentxakaren ibilerak ikusi geinkez Itsasmuseumeko kuboetan, baita Estadu Batuetan zesta-puntearen izar bihurtutako Guillermo Amuchastegirenak be.
Helburu zintzoak eta lorpen txalogarriak topauko doguz, baina baita historia ilunagoak be, adibidez, esklaboen salerosketan edo indigenen kontrako burruketan sartutako euskaldunenak. Bizi-bizi dagozan gomutak batzuk, ia ahaztuta dagozanak beste batzuk, David Quintas argazkilaria 2003 eta 2019 urteen artean ibili zan hori guztia argazkietan jasoten.
Memoria hori guztia Euskal Herrira bueltan ekarri dau Basque Way-k. Gasteizen ikusi ahal izan zan erakusketea, Bilbora ekarri baino lehen. Ondoren, Gipuzkoa aldera be eroango dabe. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak dira babesle nagusiak, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzeagaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!