Busturialdeko gune arkeologikoak bisitau ahal izango dira udan
2021-07-06 08:35 KultureaBesteak beste, Forua orain dala 2.000 urte zelakoa zan ikusi ahal izango da modu birtualean.
Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri dau Ibilbide Historikoak programea, erromatarren sasoiko edo lehenagoko arrasto arkeologikoak ezagutzeko. Busturialdea-Urdaibai eskualdean antxinako herri eta gotorleku ugariren aztarnak dagozala aprobetxau dabe egitarau potoloa atontzeko, garagarrilean eta abuztuan. Irailean, Zin-bidea ezagutzeko txangoak egingo ditue.
Aurtengo egitarauan nobedade handi bat dago, Foruko herrixka erromatarrari lotua. Gune arkeologiko hori lehenago be bisitau ahal izan da, baina aurtengo bisitetan errealidade birtuala erabiliko dabe, herritarrek esperientzia bikainaz gozau deien.
Berez, bisita mistoa izango da: batetik, aztarnak betiko modura ikusi eta, ganera, tablet edo gailu mobikor baten laguntzaz, errealidade birtualean ikusi ahal izango da Foruko ingurua zelakoa zan orain dala ia 2.000 urte.
Hiru puntutan erabili ahal izango da errealidade birtuala. Lehenengoan, II.-IV. mendeetan metala lantzeko tailer bat ikusiko dabe bisitariek, baita IV. mendeko etxe bat be. Bigarren geldialdian, I. mendeko kanpamendu militarrean sartuko dira. Azkenik, I.-II. mendeetako etxe bateko patioan agertuko da publikoa.
Foruko bisitak garagarrilaren 7, 11, 14, 21, 24, 28 eta 30ean eta abuztuaren 4, 8, 11, 15, 18, 25 eta 28an izango dira.
Beste aukera bat Arrolako kastroa edo gotorlekua ezagutzea da. K. a. IV. mendeko aztarna arkeologikoak 2019tik bisitau leitekez errealidade birtuala erabilita. Ibilbidean, jenteak gotorlekuko hormak, harriak eta abar ikusi leikez, eta tableta erabiliz orain dala 2.500 urteko itxurea berreskuratuko dau inguru guztiak. Aireko argazkiak eta orduko etxe baten 360 graduko ikuspegia be emoten ditu programa birtualak.
Arrolako kastroa garagarrilaren 9, 10, 16, 18, 23, 25, eta 31n eta abuztuaren 2, 9, 14, 16, 22, 23 eta 29an ikusi ahal izango da.
Ibilbide Historikoak programearen barruan, Ereñozarreko tontorreko aztarnak, Tribisburuko nekropoli erromatarra eta Katillotxuko ibilbide megalitikoa be badagoz. Bisita guztiak gidatuak dira, eta informazino gehiagorako edo izena emoteko, ibilbideak@bizkaia.eus helbidera idatzi behar da.
Irailerako be Bizkaiko historia ezagutzeko beste plan bat ipiniko dau martxan Bizkaiko Foru Aldundiak. Erdi Aroan Bizkaiko Jaunak foruak zin egiteko egiten eban ibilbideko geldialdiak ezagutu ahal izango dira, Bilbon hasi eta Bermeon amaituta, Gernika geraleku nagusi dala. Bideko monumentuak eta Zin-bideagaz daben loturea azalduko ditue bisita gidatuotan.
Iraileko bisiteak helburu nagusi bi ditu: Bizkaiko historia ezagutarazotea eta foruen inguruko jakingarriak gizarteratzea, herrialdearen sistema politikoaren giltzarrietako bat diran ezkero.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!