Donostiako 56. Jazzaldiak Chucho Valdés eta La Locomotora Negra sarituko ditu
2021-07-05 08:53 MusikeaJazzaren munduan egin daben ibilbide luzea autortuko deutse.
Musikearen zaleek ederto ezagutzen dituen izen bi aukeratu ditu Donostiako 56. Jazzaldiak aurtengo edizinoko sariak emoteko. Ibilbide luze eta oparoa dabe bai Chucho Valdés kubatarrak eta bai La Locomotora Negra talde kataluniarrak be. Esker ona adierazoteko sariak izango dirala azaldu dabe jaialdiko antolatzaileek.
Dionisio Jesús Valdés Rodríguez, Chucho Valdés (Quivicán, Kuba, 1941) pianoa joten egin da ezagun, baina konposizinoan eta musika-irakaskuntzan be ibilia da. Bebo Valdés aitaren ondoan ekin eutsan ibilbideari. 1964an lehenengo diskoa argitaratu ebanetik, proiektu eta kolaborazino ugaritan entzun ahal izan dogu, eta zortzi Grammy Sari emon deutsez.
Orain dala ia hogei urte, 38. Jazzaldiak Bebo Valdés saritu ebanean, aita-semeak entzun ahal izan genduzan Donostiako oholtzan alkarregaz. Oraingoan, Chucho Valdési egokitu jako saria, 56. edizinoan.
La Locomotora Negra taldeak mende erdi egin dau oholtzan, big band formatuan jazz doinuak zabaltzen. Aurten oholtzak itxiko dituela iragarri dabenez, Jazzaldiko arduradunek saria emotea erabagi dabe, kataluniarren ekarpena autortu eta esker ona adierazoteko.
Beste alde batetik, Getxoko 44. Jazzaldiak taldeen lehiaketako sarituen barri emon dau. Lehenengo saria Michelangelo Scandroglio Quintet taldeak irabazi dau; bigarrena, Victor Jimenez & Friends-ek. Bakarlarien saria Andreu Pitarchentzat izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!