Luzien Etxezaharreta: 'Literatura idatziak beti izango dau lekua euskal jendartean'
2021-07-05 08:01 BarriketanMaiatz aldizkariko kidea.
Maiatz literatura aldizkariak 40 urte bete ditu (1981ean sortu eta 1982ko hasieran heldu zan lehenengo zenbakia). Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko euskerazko letren erreferente nagusietako bat da, bertako orrialdeetatik pasau diralako Ipar Euskal Herriko idazle belaunaldi ugari eta atzerriko autoreen itzulpen finak. 1980ko hamarkadearen hasieran Maiatz sortzea erabagi eben gazteetako bat da Luzien Etxezarreta, gaur egun be proiektuaren lemazainetako bat.
Iraultzea ekarri eban Ipar Euskal Herriko literaturara Etxezaharreta eta enparauen ekimenak, izan be, ordura arte, eleizeari eta balio tradizionalei lotua zan hango sorkuntzea. Euskeraz irakurteko ohiturea zabaltzeko be ezinbestekoa izan da lau hamarkadotan. Aldizkariaren 72. zenbakia argitaratu barri, aspalditik argitaletxe eta kultur eragile be bihurtua, idazteko gogoz dagoanak Maiatzen atea zabalik dauela dino Etxezaharretak.
1.- Zelako osasunez heldu da Maiatz 40 urtera?
Osasun onean dabil Maiatz urte berezia iragan arren. Ohizko lanetan jarraitzen dogu, aldizkaria eta liburuak argitaratzen. Zailtasuna dogu igaz eta aurten gure Maiatzaldiagaz, hau da, idazle nafarrakaz dogun hartu-emon bereziagaz, Baiona eta Iruñearen artean. Alkar lana gatxa izan da Covidagaitik.
2.- Aldizkariaren zenbaki barria atera dozue, ze eduki dakarz?
Ohizko irudia dauka Maiatz 72 aldizkari barriak: poesia, saiakerea, itzulpen eta nobela laburrak. Betiko lekua emoten deutsagu itzulpengintzeari, aurten Mario Benedettiren poemen bidez. Covidaren itzala sentiduko da, eta baita aktualidadea be, adibidez immigraduen arazo larria.
3.- Zer ekitaldi egin dozuez urteurrena gogoratzeko?
Barriketaldi bat egin dogu maiatzaren 27an Baionako Euskal Museoan urtemugea aitatuz, 40 urte euskerazko literaturea sortzen gaiaren inguruan. Urtean zehar beste bilera publiko batzuk egingo doguz, sorkuntzearen inguruan, jente gaztea idaztera bultzatuz. Bistan da, bazkari handi bat be egingo dogu urte amaieran, jentea batu eta baikortasuna etorkizunerako erakutsiz.
4.- Orain dala 40 urteko giroa desbardina zan euskal munduan. Zelan gogoratzen dozu Maiatz sortu zaneko sasoia?
Giro berezia izan zan 1981ean, kultur munduak Frantziako gobernu aldaketearen ondorioz arnasa barria hartu eban. Euskerearen alde jardunaldi handia izan zan udazkenean Baionan, irakaskuntzea eta komunikabideak euskeraz jarteko eta unibersidadean euskereari lekua emoteko. Jente gaztea (40 urte gitxiago genduzan eta) ginan, emakumeak ordu arte ikusten ez ziranak, edo jente barria unibersidadean ibilia eta ez soilik Eleizearen seminarioetan ordu arte lez. Literaturzaleak ginan, hizkuntza ugaritako literaturearen jaube eta, ez da ahaztu behar, Hego Euskal Herriko kultur munduaren giroan kaleratzen ziran hainbat literatur aldizkariren miresle.
5.- Zer barritasun ekarri zituan Maiatzek?
Iparraldean espazio libre barria sortu eban, danei edegia, bertako jenteari bere idatziak kaleratzeko aukerea emoteko. Gogoratzekoa da Herria astekaria zala orduko leku bakarra zeozer argitaratu nahi izan ezkero.
6.- Eleizatik aparte, idea aurrerakoiak... Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko gizarteak zelan hartu eban Maiatz hasieran?
Eragin ahula izan eban euskeraz gitxi irakurten eban jendartean, baina jente gazte batek atseginez eta baikortasunez hartu eban pausua, aldizkariaren lehen zenbakia 1982ko zezeilean unibersidadean aurkeztu genduanean.
7.- Aldizkaria sortu eta urte gitxira, argitaletxe izatera be pasau zan Maiatz. Hor hutsunea egoala nabaritu zenduen?
Urrats naturala izan zan idazle barriek irauteko gogoa hartu ebelako. Baina 1984 urtean Itxaro Bordaren liburuagaz hasitako saila apala izan zan, ez gendualako diru-laguntzinorik eta orduko euskaltzale ospetsuen estimu handirik.
8.- Ehun liburu baino gehiago argitaratuak, eta euskerea nagusi, erderazko testu batzuk be kaleratu dozuezan arren. Zer behar dau idazle batek Maiatzen bere obrea argitaratu deien?
Kontaktuan jartea lehenengo! Maiatz alkarte librea da, jentearen errespetuzko arau ohikoak jagon eta euskeraz kalidadez idatzi ezkero. Euskera batuaren bidean jarriak gagozan arren, euskalkiak onartzen doguz, altxorrak diralako gauzak adierazoteko orduan, eta jenteagaz bat egiteko zubi naturalak.
9.- 40 urtean une gatxak izan ditu Maiatzek?
Ez dogu hainbeste arazorik izan, nahiz eta miseria batzuk izan doguzan. Gure arteko batzuek irakaskuntzearen bidea hartu eben, baina beti irauteko idazleak izan doguz eta gure liburu eta aldizkarien kalidadea hobetuz joan da. Krisiak gainditzeko, berba egitea, pazientzia eta iraupena izan dira bertute beharrezkoak.
10.- Gaur egun badira euskerazko proiektu gehiago, orain zein da Maiatzen funtzinoa euskal literaturearen munduan?
Ez dogu espantu berezirik, baina literatura idatziak beti izango dau lekua euskal jendartean. Uste dogu Iparraldeko nortasun eta euskalkien aberastasunak preminazkoak dirala euskal literatura orokorrarentzat. Hemen sortu zan euskal literatura klasikoa deitzen dana, baita kazetaritzea be, Eskualduna astekariagaz. Bestetik, Frantziako kulturearen alde baikorrak sartu dira hemengo produkzinoan.
11.- Euskerea apal dabil Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean, baina azkenaldian ikusi dogu gizartean zein politikan badala hizkuntzearen aldeko gogoa. Maiatzek zer ekarpen egin leike mobimendu horretan?
Maiatzen lekua besteen ondoan egotea da, danok alkarregaz dogu euskerearen bizia finkatuko eta loratuko. Esperantza xumea baina indartsua dogu euskereari ekarriko deutsaguzala emoitza ederrak ondoko urteetan. Hizkuntza baten bizirako literatureak leku handia izan dau edonon, eta hemen be izango dau.
12.- Belaunaldi aldaketarik izango da Maiatzen? Gazteak batu jatzuez?
Euskal kultur sorkuntzan belaunaldi barriek euren lekua beti hartu dabe. Gazteek, kulturatik aparteko zailtasun asko ditue, ganera konsumo jendarte honetan ez dira libre izatera bultzatuak. Belaunaldi aldaketak pixkanaka egiten dira, alkarren lana estimatuz eta, betiko lez, jente gazteari deia eginda: hartu eskuetan zuen etorkizuna!
Maiatzegaz bat egiteko:
2 Passemillon karrika
F 64100 BAIONA
Tel 00 33 637 12 06 14
maiatz@hotmail.fr
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!