Lehentasunezko eremuetan bost proiektu bultzatuko ditu Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2021-07-02 13:20   Kulturea

Meatzaldea, Ezkerraldea eta Oarsoaldea dinamizetea da asmoa, kulturearen, ondarearen eta sormenaren bidez.

Labe Garaia, Sestaon (argazkia: euskadi.eus) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultureagaz eta ondareagaz lotutako bost proiektu bultzatuko ditu, egoera ahulean dagozan eskualdeak dinamizetako plangintzearen barruan. Eusko Jaurlaritzeak 180 miloe euroko inbersino berezia egitea erabagi eban maiatzean, eta hortik 11,8 miloe erabiliko dira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aukeratutako bost proiektuotan. 

Aurten bertan hasiko dira bost proiektuak martxan jarteko lanak, 2023an amaitzeko asmoz. Eskualde bakotxeko udal eta eragileakaz alkarlanean bultzatuko ditue egitasmoak. 

Ekonomiaren, enpleguaren eta gizarte-garapenaren arloei begiratuta EAEko eskualde ahulenak diranetan egingo dira proiektuak, ondarearen eta kulturearen bidezko dinamizazinoaren bila. Hain zuzen be, Bizkaiko Enkarterri, Meatzaldea eta Ezkerraldea; Arabako Aiaraldea; eta Gipuzkoako Oarsoaldea dira eremuak, baina horreetako hiruretan batzen dira bost proiektuak, hau da, Ezkerraldean, Enkarterrin eta Oarsoaldean. 

Bost proiektuak honeek dira:

- Orkonera (Meatzaldea/Ezkerraldea): EAEko Industria-ondare higigarriaren gordailuak, Orkonera izenpean Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatua, 2.000 objektu baino gehiago gordeten ditu. Barakaldoko Udalak Lutxana auzoko pabilioiak laga deutsaz Jaurlaritzeari, herritarrek gordailuko ondarea bisitau ahal izan deien. 

- Sestaoko Labe Garaia (Meatzaldea/Ezkerraldea): Berez Espainiako Gobernuarenak dira Labe Garaien inguruko lurrak, baina Jaurlaritzea arduratuko da lekua urbanizau eta irisgarritasuna hobetzeaz. Labe Garaia, ostera, Espainiako Gobernuak barriztauko dau. Azpiegitura industrial horrek 2005etik dauka monumentu kategoria.

- Zallako Artisten Zentroa (Enkarterri): Talentu artistikoa eta sormena sustatzeko espazioa egingo dabe, horretarako Guata izeneko eraikin industriala egokituta. 

- Albaola Itsas Faktoria handitzea (Oarsoaldea): Museoaren azpiegiturea handituko da eta leku gehiago egongo da itsasontziak hartzeko zein ontziolako lanetarako. Eraikinaren jasangarritasun eta eraginkortasun energetikoa be hobetuko dabe. 

- Errenteriako Artisten Barrutia (Oarsoaldea): Agustindarren eskola zaharrean edegiko dabe, sormenaren eta kulturearen arloko enpresei bultzadea emon, kalidadezko lanpostuak sortu eta inbersino pribadua erakarteko. Hiru solairu eta 1.200 metro koadroko eremua izango da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu