Gaztelugatxen bide zirkularra egiteko 3.891 erreserba egin ditue
2021-07-02 12:09 KultureaUdagoienaren hasieran islatxora eta ermitara doan bidea be edegitea aurreikusi dabe.
Bisitariak Gaztelugatxera bueltauko dira, kokaleku hori apurka-apurka edegiteko prozesuaren barruan ezarritako Urizarreta eta Ermu arteko ibilbidea egiteko baina, aldez aurretik, erreserbea egin behar da. Edukierea mugatua izango da (906 persona eguneko).
Erreserba horreek 12.600 personak egin ditue eta gehienak (11.640) Espainiatik datoz, Madriletik (2.238), Bartzelonatik (1.728) eta Valentziatik (847). Beste herrialde batzuetatik datozenen artean, gehienak Frantziatik (316 pertsona) eta AEBetatik (113) datoz.
Datozen egunetarako erreserbea egin dabenek ibilbide zirkularra egin ahal izango dabe Urizarreta eta Ermu artean, sarbideak zarratzea eragin eban lur-jausiaren eremura heldu barik; eremu horretan, teknikariek azken hileotan egindako azterketan segurtasun-neurriak hartu dira.
Edegiko dan bigarren sektorea egonkortzeko lanak dagoeneko hasi dira eta, beraz; beraz, garagarrilaren amaieran, bisitea Ermu eta Lurgorri artetik be igaroko da eta udagoienaren hasieran islatxora eta ermitara doan bidea be edegitea aurreikusten da.
Bisita instituzionala obretara
Oraintsu Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Jagoteko diputaduak, Amaia Antxustegik, Gaztelugatxen egiten dabizen lanak ikuskatzeko bisitea egin eban Amets Jauregi Bakioko alkateagaz, Aritz Abaroa Bermeoko alkateagaz eta Idoia Platas Bermeoko alkateordeagaz batera.
Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarea Jagoteko Zerbitzuko buruagaz batera, Ermutik sartzeko bidea egokitzeko lanak egindako eremuan ibili ziran; gune hori naturalizau egin da asfaltoa kenduz eta bertan, mendi-hegaleko lurpeko ura bideratzeko hainbat lan eginez. Horrezaz gan, mendi-hegala eusteko elementuak be jarri dira, balizko lur-mobimentuak geldiarazoteko. Inguru horretan, gainera, eukalipto-aleak kendu eta hostozabalen espezie autoktonoak landatu dira.
Erakunde instituzionalak, era berean, Lurgorritik sartzeko bidera arte joan ziran, in situ ezagutzeko geologo-taldeak egindako azterketen ostean tarte hori segurtasunez edegi ahal izateko hartutako neurriak. Talde horrek mobimentuak igarri zituan inguru horretan be Gaztelugatxeko mendi-hegalaren egoerea aztertu ebanean, babestutako inguruaren beste aldean urtarrilean izandako lur-jausiaren ostean. Neurri horreek lurpeko ura bideratu eta lurra egonkortzeko elementuak ipintea dabe ardatz eta biotopo babestu honetan paisajean integrau behar dirala kontuan hartuta diseinau diranez, neurriok inpaktu gitxikoak izan behar dabe, moldagarriak eta ezegonkortasunaren bilakaerara egokitzeko modukoak. Horrezaz gan, inguruko bideetatik makina astunak ahalik eta gitxien igaro daitezala bermatuko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!