Pandemia jente nagusiaren begietatik, fanzine baten
2021-07-02 09:41 KultureaEHUko Arte Eder Fakultadeko ikasle Jara Roset eta Marta Lorenzana dira egileak.
Etxean edo egoitzetan luzaroan itxita egon ziranez, gizarteak ez daki edadekoek zelan bizi izan zituen pandemiaren momenturik gogorrenak: zein zan euren egunerokoa, ze ardura zituen, gogoetak... Horregaitik, EHUko Arte Eder Fakultadeko ikasle bik jente nagusiaren begiradea batu dabe, fanzine formatuan. Logelan izeneko argitalpena eskuragarri dago.
Jara Rosetek eta Marta Lorenzanak, proiektu grafiko-plastikoaren egileek, Erandioko IMQ Igurco Unbe egoitzako egoiliarren ikuspegia batu dabe fanzinean. Erabili eta botetako argazki-makinak emon eutsezen edadekoei, euren eguneroko bizitzearen irudiak hartzeko. Ganera, egoiliarren ahozko testigantzak, iruzkinak eta gogoetak batu ditue.
Konfinamenduan bizi izan diran egoiliarren esperientziei ahotsa emon nahi izan deutsegu, azaldu dabe Rosetek eta Lorenzanak. Fanzine formatua aukeratu dogu sarri estigmatizadua izan dan errealidadea kontetako eta protagonistakandik hurrago dagoan ikuspegia emoteko.
Argazkiakaz batera sartu dituen testigantzetan danetariko historiak dagoz, askotan bakardadeari lotuak: 100 urte bete nebazan konfinamenduan. Nire familia ezin izan zan ni ikustera etorri, hegaldia bertan behera itxi ebelako, dino edadeko batek fanzinean.
IMQ Igurco Unbe egoitzearen laguntzinoa izan dabe ikasleek proiektua gauzatzeko, EHUgaz sinatutako hitzarmenari esker. Erresidentzia horretako terapeutea dan Nahia Zaramillok dinoanez, beharrezkoak diran murrizketak eta segurtasun-neurriak gorabehera, hainbat topaketa egin doguz ikasleen eta edadekoen artean martian eta apirilean.
Pandemiaren sasoiko esperientziak, emozinoak, sentimenduak eta zainketak jorratu doguz. Fanzinea emozino eta esperientzia horreen erregistro artistikoa eta belaunaldien artekoa da. Protagonistek ederto balorau dabe ekimena, ikasleen sensibilidadea eta sorkuntzearen mundurako leihoa.
EHU eta IMQ Igurco Unbe lehenagotik be alkarlanean ibili izan dira, belaunaldien arteko topaketak eta gazte eta zaharren sormena bultzatzeko. 2018an hasi zan lankidetzea, eta, pandemiak oztopoak ipini dituan arren, belaunaldien arteko ezagutzan sakontzeko aprobetxau dabe Jara Rosetek eta Marta Lorenzanak, fanzinearen bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!