'Pandemia osteko lehen jai handia' izateko asmoz dator 2022ko Ibilaldia

Bizkaie! 2021-07-02 08:35   Euskerea berbagai

Abusu Ikastoleak antolatuko dau, Erro, Harri, Har! lemapean.

2022ko edizinorako prestakuntzak martxan dira (argazkia: Ikastolen Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sopela eta Leioako ikastolek Ibilaldiaren lekukoa pasau deutse Abusu Ikastolako kideei, Bilboko auzo horretan egingo dalako 2022. urteko edizinoa. Pandemiak goitik behera baldintzatutako urte biren ostean, 2022koan ohiko egitarau eta parte-hartzera bueltetea espero dabe antolatzaileek. Pandemia osteko lehen jai handia izatea da helburuetako bat, Ikastolen Alkarteak adierazo dauenez. 

Hirugarren aldiz antolatuko dau, beraz, Abusu Ikastoleak Ibilaldia, 1994 eta 2001eko edizinoetan be Herririk handieneko ikastolarik txikiena izan zalako protagonista. 2022ko maiatzaren 29ko hitzordua atontzeko, urte osoko lana egingo dabe, egun bateko jaialdi soil bat baino gehiago dalako. Familia zein lagunakaz, euskeratik eta euskeraz ospatzeko eguna, ikastolea eta euskal kulturea zirrikitu guztietara zabalduz

Pandemia osteko lehenengo jai handi eta normalizadua egiteaz gan, bestelako helburu batzuk be izango ditu 2022ko Ibilaldiak. Izakera herrikoia eta gizarte eragileakaz lankidetzan atondua izatea nahi dabe, euskalduntasuna, euskal kulturea eta ikastolearen eredua ardatz. 

Hezkuntza-komunidade osoaren eta, batez be, gaztetxu eta nerabeen parte-hartze aktiboa bultzatzea izango da beste helburu bat. Horrezaz gan, ikastolearen etorkizuna bermatzeko dirua batzeko be balioko dau jaiak. 

Horren guztiaren oinarrian zeharlerro jakin batzuk dagoz: euskerea bultzatzea, parekidetasuna, genero rolak gainditzea, jasangarritasuna, parte-hartzea eta inklusinoa. Ibilaldira joan nahi daben persona guztien beharretara egokituko ditue ibilbidea eta jarduerak. 

Erro, harri, har leloa eta hiru errotarri agertzen dituan logoa izango dira 2022ko Ibilaldiaren ikurrak. Zentroaren eraikin historikoari egindako keinua da, aspaldi errotea egon zalako han. Abusu Ikastolearen komunidadeko kide ugariren artean diseinau ditue.

Erro, proiektua zuztartu nahi dabelako. Harri, gogor eta sendo eutsiko deutselako ikastolearen eta euskerearen aldeko lanari. Har, hemen zein kanpoan jaiotakoei harrerea egin nahi deutselako, eta hezkuntza-eredu inklusiboa eskaini. 

500 familiako komunidadea

Abusu Ikastolea 1977an sortu eben guraso batzuek, parrokiaren lokal batzuetan. Umeen Hezkuntzea baino ez eben eskaintzen, harik eta, 1993an, eskualdeko ikastetxeak sare publikoan sartzea erabagi eban arte. Orduan, Abusukoak, Ikastolen Alkartearen barruan segitzeko erabagiari eutsi eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzea emoteari ekin eutsan. 

Auzoan bertan zuztartutako ikastolea da harrezkero, urun fabrikea izandako eraikin historikoari eta 2013an alboan eregitako eraikin barriari esker. Gaur egun, 0 eta 16 urte bitarteko 700 ikasle doaz Abusu Ikastolara. 500 familia eta 60 behargineko komunidadea da, kooperatiba eran antolatua. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu