Kultura eta Sormen Industriak bultzatzeko estrategia barria aurkeztu dabe

Bizkaie! 2021-07-01 13:37   Kulturea

Sektoreko klusterra sortuko dau Eusko Jaurlaritzeak, goi mailako ikastegiakaz alkarlanean.

Bingen Zupiria eta Jokin Bildarratz salburuak, estrategia barria aurkezten (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kulturearena eta sormenarena ekosistema estrategikoa dala adierazo dau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, arlo horretarako estrategia barria aurkezteko Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian. Horregaitik, beharrezkotzat jo dabe Hezkuntza Sailak berak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Kultura eta Sormen Industriak (KSI) bultzatzeko pausu sendoak egitea.

Estrategia barruaren parte izango da KSIgune klusterra, beste sektore batzuetan dagozanen antzeko erakundea. Unibersidadeetan, goi-mailako zentroetan eta ikerketa-zentroetan sortutako jakintzearen transferentzian dagozan hutsuneak konpontzea izango da kluster barriaren zereginetako bat.

Kulturearen Euskal Behatokiaren arabera, 2019an Kultura eta Sormen Industrien parte ziran EAEko 16.122 enpresa eta 48.161 behargin. 

Hamabost alorretan banatzen dira KSI sektoreko jarduerak, Jaurlaritzeak azaldu dauenez: sei, kultureari lotuak (kultura-ondarea, ikusizko arteak, musikea, edizinoa eta inprimatutako bitartekoak, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak) eta sormenaren arloko beste bederatzi (artisautzea, arkitekturea, publizidadea eta marketina, bideo-jokoak, eduki digitalak, diseinua, modea, hizkuntzearen industriak, gastronomia).

Sektoreko eragile horreen guztien, erakunde publikoen eta unibersidadeen arteko topagune izango da aurrerantzean KSIgune klusterra. Europan lehiakorragoak izateko, ikerketa eta barrikuntza gehiago sortzeko eta etorkizunera begira profesional gaituagoak izateko, Bingen Zupiria Kultura sailburuaren esanetan. Innobasque, Tecnalia eta Gaia be klusterraren parte izango dira.

EAEko zentro nagusietan KSI sektoreagaz lotutako prestakuntza, ikerketa eta transferentziarako guneak identifiketea izan da lehenengo pausuetako bat. EHUn, Deustuko Unibersidadean, Mondragon Unibersidadean, Musikenen, Tecnunen, IDarten, IED Kunsthalen, Dantzertin eta Digipenen dagoz halakoak.

Identifikazino horri esker, KSIagaz lotutako eskaintzearen mapea egin dabe: lau unibersidadetan eta goi mailako bost zentrotan, 111 prestakuntza-gaitasun (53 gradu, 49 master eta 9 doktoretza-programa), 44 ikerketa-talde eta 5 institutu eta katedra dagoz.

KSIgune klusterrak hiru zutabe nagusi izango ditu: lehena, gaitasunen mapa hori eguneratzea aldian-aldian; bigarrena, KSI enpresen erronkak plazaratzea, ikasleek proiektuen bidez urtenbidea topau deien; hirugarrena, sektorearen beharretara egokitutako prestakuntzea bultzatzea.

Klusterragaz batera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak BDCC-Basque District of Culture and Creativity (Euskadiko Kultura eta Sormen Barrutia) jarriko dau martxan garagarrilaren 8an. Sektoreko enpresei hainbat tresna eta zerbitzu eskainiko deutsez, bertoko eta nazinoarteko merkaduan lehiakorragoak izateko eta horregaz politikak garatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu