Ander Andikoetxea, June Gallastegi eta Gaizka Ostaikoetxea dira irabazleak

Bizkaie! 2021-07-01 12:28   Euskerea berbagai

Azken urteotan 380 gazte getxotarrek egin dabe azterketa teorikoa euskeraz.

Getxoko Udalak, beste urte batez, Gidabaimena Euskeraz kanpainea sustatuko dau, Bizkaiko hainbat udalakaz alkarlanean, Alkarbide, Euskera Zerbitzuen Bilgunearen, Eudelen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen zein udalerriko hainbat autoeskolen kolaborazinoari esker. Kanpainea 17 eta 23
urte bitarteko gazteentzat da, gidabaimenaren azterketa teorikoa euskeraz egin deien animetako.

Ekimenaren hamabigarren urtea da aurtengoa eta horreetan guztietan 380 gazte getxotarrek egin dabe azterketa teorikoa euskeraz: Udalak gazteei eskaintzen deutseen diru-laguntzen bitartez erabilerea sustatzea da asmoa, baita derrigorrezko hezkuntzea amaitu ondoren, euskereagaz hartu-emonetan jarraitzeko eta, era berean, gidabaimena euskeraz egin ahal izateko dagoan diskriminazinoari aurre egitea be, hori nahi daben gazteek zailtasunez betetako bidea izaten dabelako, adierazo dau Irantzu Uriarte Euskera zinegotziak.

Aurreko edizinoetan legez, Udalak 100€-ko diru-laguntzea emoten segiduko dau azterketa teorikoa egiten daben gazteei eta 100€-ko hiru txartel zozketatuko ditu erregaia erosteko. Udalak gazteei kanpainearen barri bialduko deutse, 200 esku-orri eta kartel banatuko ditu eta informazinoa zabaldu gizarte sareen bidez.

Kontuak kontu, udal webgunean (www.getxo.eus/eu/euskara) hiztegitxu bat eta test batzuk jarriko ditu interesa daben lagunentzako. Erregaia erosteko txartelen zozketea 20 gazte getxotarrek jaso eben 2020an, gida-baimenaren azterketa teorikoa euskeraz egin ondoren. Udalak horreen artean zozketatu ditu erregaia
erosteko 100€-ko hiru txartel eta horreek Ander Andikoetxea, June Gallastegi eta Gaizka Ostaikoetxea gazteentzat izan dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu