Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrea oholtzara bueltauko da astegoienean

Bizkaie! 2021-06-30 09:16   Musikea

Areatzan, Elorrion eta Irunen kontzertuak joko ditu.

Musika eskoletako eta konserbatorioetako kideen Big Band-a, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrea, udako lehenengo egunak musikaz alaitzeko prest dago. Egunotan entseguetarako egonaldia egiten dabiz Bilbon orkestrako 28 kideak, eta barikuan, garagarrilak 2, hiru kontzertuko bira txikiari ekingo deutse, Arratiako Areatzan.

Gudarien plazan izango da barikuko emonaldia, 21:30ean. Zapatuan, hilak 3, Elorrioko Musikaire jaialdian joko dau Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestreak (20:00). Azkenik, domekan, Irungo KZ Amaia Antzokian izango da emonaldia, 19:00etan.

Alain Sanchoren zuzendaritzapean, hiru kontzertuotarako beren-beregi sortutako konposizinoak joko ditue, 70 minutuko errepertorioa danetara. Oholtzan, 14 eta 19 urte bitarteko 28 gazte: albokea, bateria, baxua, gitarrea, pianoa, saxofoia, trikitia, tronboia, tronpetea, txalapartea, txistua eta ahotsa. 

Abenduan egin zituan EIJOk 28 kideak aukeratzeko audizinoak, EAEko konserbatorio eta musika eskoletan. Kalidaderik oneneko kontzertuak ziurtatzeko, ikaslerik aurreratuenen alde egin eben hautaproban. 

Errepertorioko sei pieza musikalak sortzeko, goi mailako konpositoreak hartu ditu orkestreak. Miguel Blanco Grammy sarietarako izentau eben eta SGAEren jazz konposizinoaren lehiaketea irabazi eban. Jacky Berecohea hainbat taldetan izan da tronpetista eta konpositore. Carlos Sagi perkusionisteak be SGAEren lehiaketea irabazi eban. Sergi Verges Bartzelonako Conservatori Liceu Big Bandeko zuzendaria da.

Ohiko Big Band erako taldeen doinuak eta euskal tradizinoa buztartzen ditu astebururako atondutako errepertorioak. Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrearen oinarrizko ezaugarrietako bat da nahasketa hori, lantzen dituen instrumentuetan be agirian geratzen danez: saxofoiaren edo gitarrearen alboan entzun geinkez albokea eta trikitia, adibidez. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu