Euskerea bultzatzeko 1,3 miloe euroko deialdia zabaldu dau Jaurlaritzeak
2021-06-30 08:33 Euskerea berbagaiGaurtik, laguntzinoak eskatu leikiez euskalgintzako eragileek.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskalgintza izeneko diru-laguntzinoen deialdia zabaldu dau, euskerearen sustapenerako, eta normalizazinorako proiektuei bultzadea emoteko. Gaur, bagilak 30, hasita, hile biko epea dago eskabidea egiteko.
Aurtengo deialdian 1,3 miloe euro banatuko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, eta 2021ean egingo diran jarduerak laguntzeko erabiliko ditue.
Deialdia bera, hainbat ataletan banatuta dator:
A moltsoa: 750.000 euro emongo ditue euskerearen erabilerearen aldeko ekimenak babesteko, batez be gazteei begirako eremuetan. Aurten lehenengoz, euskerearen erabilera soziala eta ahozko komunikazinoa beren-beregi lagunduko dira, eta kontuan izango da Covid-19agaitik ume eta gazte askok euskereagaz kontaktua izateko eremuak galdu dituela, hor be eragiteko.
Bestetik, kiroletako begirale eta entrenatzaileen prestakuntzea bultzatuko da eta alor horretako euskerazko materiala sortu, gazteei zuzendutako eskaintzea euskalduntzeko bidean.
B moltsoa: 125.000 euro, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibetera bideratutako ekimenetarako.
C moltsoa: 50.000 euro, euskeraz ez dakien jentea, bertokoak zein etorkinak, gure hizkuntzara hurreratzeko egitasmoetarako.
D moltsoa: 300.000 euro, ingurune digitalean euskerea bultzatzeko. Euskerazko edukiak zabaltzen dituen webgune ez-komertzialek eta gazteentzako euskerazko eskaintza digitalek eskatu leikie.
E moltsoa: 35.000 euro, familia barruko transmisinoa bultzatzeko.
F moltsoa: 40.000 euro, euskereari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu daben jardunaldietarako.
G moltsoa: 50.000 euro, euskeraz irakurtea bultzatzen daben ekimenei laguntzeko.
Eusko Jaurlaritzeak azaldu dauenez, igazko deialdian 107 egitasmo lagundu zituen deialdi honen bidez, besteak beste, Arabagara Euskaldunon Alkargunearen Kuadrillan mintza, Ttakun Kultur Alkartearen Gaztekluba eta kuadrilategi, EDE Fundazinoaren Asteburuetan jolas, txango eta solas eta Bizkaiko Urtxintxa Astialdi Eskolearen Familian euskaraz jolasean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!