'Gernikako Arbolea'-ren alde
2021-06-29 13:35 Musikea76 euskal idazlek, Gernikako Arbolea ereserkiaren alde, idatzi eta sinatu dabe.
2020ko abuztuan, Iruñan, musikari talde batek egin eban proposamena eta ordutik hainbat atxikemendu jaso ditu kantari, musikari, abesbatz, banda eta orkestrako zuzendari, historiagile zein kultur erremuko hainbat eta hainbaten artean Gernikako Arbolea Euskal Herria/Baskoniako ereserki bihurtzeko aldarrikapenak.
Gernikako Arbolea gerra karlisten sasoian sortu zan eta bai karlistek, baita liberalek be abesten eben. Hegoaldeko euskaldunen zein iparraldean be zabaldu zan eta munduaren beste aldera joandako euskaldunek be hartu eben sorterriaren ereserkitzat. Abesti hori gauza izan zan luzaroan euskaldunen bihotzak bateratzeko: Espainia monarkikoaren aldekoak nahiz euskal herriaren independentzia espero ebenak, Frantzia errepublikanoa nahi ebenak nahiz komunista edo anarkista internazionalistak.
Pentsau eikean Gernikako Arbolea zala euskaldunen berezko ereserkia. Baina orain berrogei urte, instituzionalizazino barrian, beste ereserki batzuk ofizialdu ziran eta apurka-apurka baztertu egin zan Gernikako Arbolea.
Euskal Autonomia Erkidegoak Eusko Abendearen Ereserkia hartu eban ereserkitzat 1983an eta Nafarroako Komunidade Foralak Korteetako ereserkia aukeratu eban 1986an. Hirugarren lurralde euskalduna, Euskal Alkargoa, ereserki ofizial barik dago oraindino. Baina aurreko biak be Euskal Herriaren zati batekoak dira. Euskaldunok baditugu gure herrialde guztietan errotu eta zabaldutako abestiak: Agur Jaunak, Eusko Gudariak, Txoriak txori eta beste batzuk, baina herri ereserki tradizinoa eta onarpen orokorra Jose Maria Iparragirren Gernikako Arboleak izan dau.
Mila literatur aitamen batu daitekez Gernikako Arbolaz. Miguel Unamunok sarritan nabarmendu eban askatasunaren arbolea munduan zabaltzearen idea. Félix Urabayenek idatzi eban, euskal lurraldeetan, baserririk urruneneko baserritarrik ilunenak be ezagutzen ebala abesti ikaragarri hori.
Roberto Arltek Aguafuertes vascas liburuan Gernikako Arbolea euskaldunen Marsellesa izentau eban; Martha Gellhornek The heart of another ipuin liburuan kontau eban Chicagoko Rainbo Garden frontoian entzun ebala, hango pelotariak eta gero senarra izango eban Ernest Hemingway ezagutu zituanean: euskaldunen ereserkia harrotasunez, errespetuz eta minez abesten zeben.
Euskaldunek zatiketa historia luzea bizi izan dogu, zoritxarrez. Geure arteko burruka aldiak be bai. Alkarbizitza baketsu eta onuragarria ez da berezkoa, behin eta barriro eregi beharrekoa baino. Gure zabalera zatituaren, aniztasun kulturalaren eta proiektu politiko diferenteen gainetik, komunidade bat dogu, eta sinbolo komun eta adostuak izatea komenidu jaku. Horregatik proponiduten dogu euskaldun danon ereserkitzat Gernikako Arbolea. Musikari-talde handi batek egindako hasierako proposamena historialari ezagunek eta kultura-eragile ugarik babestu dabe eta euskal idazleok be bat egin nahi dogu adostasun sinboliko horren alde:
- Joxean Agirre
- Maribel Aiertza
- Jon Alonso
- Martín Anso
- Pello Añorga
- Joxe Agustín Arrieta
- Ignacio Amestoy Eguiguren
- Iñaki Arranz
- Joseba Aurkenerena
- Eneko Barberena
- Pablo Barrio
- Marie Jose Basurco
- Koldo Campos Sagaseta de Ilurdoz
- Antonio Casado de la Rocha
- Jean-Louis Davant
- Arrate Egaña
- Iñaki Egaña
- Juan Martin Elexpuru
- Idurre Eskisabel
- Kris Etxabe
- Eneko Barberena
- Jose Ramón Etxeberria
- Xabier Etxeberria Garro
- Luzien Etxezaharreta
- Fátima Frutos
- Aintzane Galardi
- Lander Garro
- Garazi Goia
- Ione Gorrostazu
- Miren Gorrotxategi
- Mikel Hernández Abaitua
- Iñaki Irazabalbeitia
- Joxe Iriarte Bikila
- Joxe Mari Iturralde
- Irati Jimenez
- Edorta Jimenez
- Josu Jiménez Maia
- Colette Larraburu
- Anjel Lertxundi
- Eukene Lizeaga
- Patxi López de Tejada
- Toti Martínez de Lezea
- Luis Martínez Garate
- Ainara Maya
- Jon Maia
- Xabier Mendiguren
- Antxine Mendizabal
- Jesus Mari Mendizabal Bizargorri
- Inazio Mujika Iraola
- Iñaki Odriozola
- Jesús Mari Olaizola Txikilu
- Markel Ormazabal
- Txomin Peillen
- Alvaro Rabelli
- Paddy Rekalde
- Eider Rodríguez
- Andoni Salamero
- Miguel Sánchez Ostiz
- Rubén Sánchez Bakaikoa
- Joseba Sarrionandia
- Xabier Soubelet
- Pako Sudupe
- Mikel Soto
- Mikel Taberna
- Garbiñe Ubeda
- Joseba Mikel Ugalde
- Rafa Ugalde
- Patxi Zabaleta
- Markos Zapiain
- Edu Zelaieta Anta
- Esther Zorrozua
- Koldo Zuazo
- Iñaki Zubeldia
- Maddi Zubeldia
- Puri Zugasti
- Joseba Zulaika
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!