Kostaldeko kutsadureagaitik Bandera Baltzak emon ditu Ekologistak Martxan-ek
2021-06-29 13:23 Pil-pileanMuskizen, Zierbenan, Zumaian eta Txingudin dagoz kasurik larrienak.
Kostaldeko kutsadurea eta ingurumenaren kontrako jarduerak salatzeko txostena plazaratu dau Ekologistak Martxan erakundeak. Lekurik kaltetuenei zein proiekturik kutsatzaileenei Bandera Baltzak emon deutsez, eta tartean dagoz Bizkaiko bi eta Gipuzkoako beste bi.
Muskizko Petronor-en fabrikeari emon deutso Ekologistak Martxan-ek 2021eko kutsadureari jagokon Bizkaiko Bandera Baltza. 1970eko hamarkadatik, enpreseak gero eta lur zabalagoa hartzen dauela, eta horrek kutsadura gero eta larriagoa eragiten dauela salatu dau alkarte ekologisteak. 2013an edegitako kokea lantzeko plantearen kalteez be ohartarazo dau.
Txostenaren arabera, Petronorreko lantegia legez kanpokoa da, eta Europako herrialde gehienetan onartezina izango litzatekeen kutsadura-mailea eragiten dau. Hortaz, instalazino osoa bota eta ingurua garbitu behar dala dino.
Kudeaketa txarraren Bandera Baltza, bestetik, Bilboko Portua handitzeko lanei emon deutse Ekologistak Martxan-ek. Zierbenako Punta Sollanan 46.000 metro koadroko beste eremu bat eregiko dabela dino txostenak, eta, berez, handitze horrek legearen barruko ingurumen-kaltea eragingo dauen arren, aurretik egindako handitze guztiakaz batu behar dala azpimarratzen dau, portuko azpiegiturearen benetako inpaktua ezagutzeko.
Gipuzkoan, Zumaiako itsasadarra dragetako lanak salatu ditue, kutsadurearen ataleko Bandera Baltza emonda. Urola ibaia ingurumen arloan baliotsua dala dino txostenak, eta berau babesteko neurriak eskatu. Ganera, dragearen hondakinak Mutriku aldean botetan dituela salatu dau, eta, beraz, kaltea han be sufriduten dabela.
Azkenik, kudeaketa txarrari jagokon Bandera Baltza, Gipuzkoan, Txingudiko Badian, Irunen, egin nahi daben urigintza-planari emon deutso Ekologistak Martxan-ek. Lehendik be azpiegitura ugariren presinoa dauen eremua da (trenak, autobideak, eraikinak, lantegiak...). Gehiago eregi ezkero, hegazti ugariren pasabide dan itsasadarra jagoteko helburua arriskuan egongo litzateke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!