'Garagarrilaren 2an kalean izango gara'

Bizkaie! 2021-06-29 12:49   Euskerea berbagai

Nafarroako lan-postu publikoetan hizkuntza eskubideak bazterrean ixten jarraitzea salatu dau
Behatokiak.

Pasa dan zapatuan Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 20 urte bete zituan. Hamarkada bi komunidadeak beharrezko dauen eskubideen aldeko tresna bat eskainiz; hamarkada bi eskubideen parametroa hizkuntza-politiketan kokatuz. Eta ibilbidearen hasieran bertan, 2001eko udan, Behatokiak gora joteko errekursoak aurkeztu zituan Nafarroako Gobernuko deialdi ezbardinetan merezimenduen atalean euskerea baloretan ez zala arrazoituz, frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteak bakotxak puntu 2 eskaintzen zituan bitartean. Bada, gaur goizean Agurne Gaubeka Erauskinek, Behatokiko zuzendariak, eta Paul Bilbao Sarriak, Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusi eta Behatokiko buruak, Nafarroako lan-postu publikoak izan ditue berbagai Iruñean egindako agerraldian.

Kontseiluko Bilbao jn.ak administrazino publikoetan euskerearen ezagutzeak dauen garrantzia nabarmendu dau, herritarrek administrazinoagaz euskeraz hartu-emonak izateko oinarrizko neurria dalako lan-postu publikoetan hizkuntza eskakizunak izatea. Beraz, Behatokiak 20 urte egin dituala gogoan izanda, beharrezkoa iruditu jako orduko ardurak gaur egun berresten dirala mahai gaineratzea: Orain 20 urte salatzen genduzan kasuen adibide errepetiduten dira. Euskerearen ezagutzeak nahitaezko eskakizuna izatetik urrun, puntuazinorik be ez eban eskaintzen eta legeak ezarritako eremu ez euskaldunean, eremu mistoko lan-postuen deialdietan be ikusi izan ditugu azkenaldian; azken urtean ehunka lan-postu bete dira Nafarroan euskerea puntuau be egin barik. Orain 20 urte Nafarroako Gobernuak hizkuntza-politika inbolutiboa apliketan eban bete-betean eta gaur lanpostu publikoei jagokenez, antzeko egoeran gagoz.

Azken urtean, okerrera

Gaubekaren eretxiz, 103/2017 Foru Dekretuaren artikulu batzuk balibakotu zituenetik okerrera egin dau egoereak, izan be, Nafarroako Kontseiluak legeak ezarritako eremu mistoan euskerea baloretea legezkoa zala adierazo arren, euskeraz jakin barik eta puntuau be egin barik, lan-postu publikoak eskuratu ahal izateko deialdiak egiten jarraitu dau Gobernuak. Horren adibide dira, besteak beste, azken urtebetean ogasuneko kudeatzaile, ikertzaile eta teknikarietan, liburutegi arduradunetan, suhiltzaile eta suhiltzaile kaboetan, Nafarroako Unibersidadeko Publikoko lan-postuetan edota Nafarroako Gobernuaren aholkulari juridikoetan egindako lan-deialdi publikoak. Honek guztiak ondorio argi bat dau Behatokiko zuzendariaren berbetan: Langile publiko horreek guztiek herritarrei zerbitzuak emongo deutseen profesionalak izango dirala kontuan izanda, Nafarroako Gobernuko hainbat departamendutan ezingo da ahalbidetu herritarrek zerbitzuak euskeraz ezelako albo-kalte barik jasotea; gainera, gaur egun eskakizunik ez jarteak etorkizunean be izango dau eragina, Gaubekak adierazo dauenez.

Behatokiko arduradunak Osasunbideako lan-postuak aitatu ditu, beste hainbat deialdiren artean, lehen mailako arretea eta larrialdietako medikuetan, fakultatiboko espezialistetan zein psikologo klinikoetan ez dira hizkuntza eskakizunak ezarri; ondorioz, ezinezkoa da osasun atentzino egokia eta herritarren osasuna behar bezela bermatu: Euskereak puntuak emon bakarrik ez, euskereak eskakizuna beharko leuke izan Osasunbideako zerbitzu guztietan eta Nafarroa osoan. Kontuan izan behar da gainera, zerbitzu zentralak, ospitaleak eta legeak ezarritako eremu mistoan kokatuta dagozala eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuak euskerazko zerbitzuak eremuka banatzeak, Nafarroako herritar guztien eskubideak kaltetzen dituala.

Hiru irakurketa dekretu barriaz

Nafarroako administrazinoan euskerearen erabilerea arautzen dauen dekretu barriaren inguruko filtrazinoak be izan ditu berbagai Gaubekak: Euskereak ez leuke legeak ezarritako eremu ez euskaldunean puntuauko eta eremu mistoari jagokonez, herritarrei zuzeneko arretea eskaintzen deutsen lan-postuetan eta Osasunbideako fakultatibo lan-postuetan baino ez litzateke puntuagarria. Nafarroako Gobernuko lehendakariak berak argi adierazo dau legeak sekula ez dauela ezarritako eremu ez euskaldunean euskerea kontuan hartuko, nahiz eta Nafarroako Kontseiluak (Foru Erkidegoko organo aholku emaile gorenak) berak euskerea Nafarroako lurralde osoan atzerriko hizkuntzen gainetik balorau behar dala adierazo.

Hiru irakurketa egin ditu Behatokiko zuzendariak dekretu barriaren oinarri horreen harian: Herritarren eskubideak bermatzeko nahitaezko ezagutzea ezarri eta puntuau be gura ez izateak administrazioagazko hartu-emonetan bertoko hizkuntzea erabili nahi daben personak bazterrean ixtea dakar. Bigarrenik, dekretu honek zerbitzua kokatzen dan eremuaren arabera eta herritarra bizi dan eremuaren arabera, Nafarren arteko bereizkeria eta bazterkeria sustatuko ditu. Eta azkenik, eremu mistoan, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu gehienak eskaintzen diran eremuan, lanpostu batzuetan bakarrik euskerea puntuagarria izatea sustatzea iruzurra egitea da herritarren hizkuntza eskubideen bermearen aurrean, izan be, Gaubekak adierazo dauenez, euskereari deialdi batzuetan puntuazinoa emon arren, euskeraz jakin barik be ia puntuazino berbera lortu ahal izango da.

Justizia eta bardintasuna

Ezinbestekotzat jo dau Behatokiko zuzendariak euskereari Nafarroa osoko hizkuntzatzat hartzea eta eremu guztietara zabaltzea. Eta horretarako, Gaubekaren eretxiz, oinarrizkoa da Gobernuko administrazinoak berak eskaintzen dituan zerbitzuetatik hastea, izan be, errealidade soziolinguistikoa justizia eta bardintasun printzipioak ardatz hartuta eregi behar da, euskera gitxiago dauenari ateak zabalduaz, aukerak biderkatuaz eta oztopoak gainditzeko tresnak eskainiz eta ez gaur egungo ustezko errealidadean oinarrituz, danok baitakigu egungo errealidade hori hamarkadetan euskerearen biziraupen eta bizibarritzearen kontrako erabaki eta eszenatokiek baldintzatu dabela.

Manifestazinoa garagarrilarean 2an

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak Agurne Gaubekak egindako irakurketea osotuz, datorren barikuan egingo dan manifestazinorako deialdia egin dau: Kalera urtetako momentua da. Eskubide-murrizketarik onartuko ez dogula salatzeko kalera urten behar dogu. Justizia, bardintasuna eta kohesinoa ardatz izango dituen gizartearen alde eta herritar guztiei hizkuntza-eskubideak bermatzeko araugintza eraginkorraren alde, garagarrilaren 2an kalean izango gara. Manifestazinoa arratsaldeko 18:30ean, Iruñeko Baluarteko Plazan hasiko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu