Euskerea Normalizetako Legearen 40. urteurrena aztergai Bilbon

Bizkaie! 2021-06-29 11:03   Euskerea berbagai

Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak mintegia egingo dabe garagarrilaren 15ean. 

2022an beteko ditu 40 urte EAEko Euskerearen Erabilerea Normalizetako Oinarrizko Legeak, erkidegoko hizkuntza politikea arautu dauen lege nagusietako batek. Lau hamarkada geroago legeak egin leiken ekarpena aztertzeko asmoz, mintegia egingo dabe garagarrilaren 15ean, Euskaltzaindia eta Sabino Arana Fundazinoa antolatzaile dirala. Azken honen egoitzan izango da saioa, Bilbon.

Gogoetarako, alkarlanerako eta esperientzien arteko trukerako foroa sortzea da mintegiaren helburua, antolatzaileek azaldu dabenez. Hainbat adituren eskutik, Euskerea Normalizetako Legearen printzipioak, aurrekariak, helburuak eta hutsuneak jorratuko ditue. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskerea bizibarritzeko legeak izan leiken eragina be aztertuko dabe.

Sabino Aranako presidente Mireia Zarateren, Andres Urrutia euskaltzainburuaren eta Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranen berbaldien ostean, aditu bakotxak bere alorrari lotutako azalpenak emongo ditu. Hizlarien artean dagoz, besteak beste, Josu Erkoreka, Joseba Lozano, Iñaki Arruti, Iban Arantzabal eta Sagrario Aleman.

Egitarau osoa hemen

Izena emoteko epea garagarrilaren 13ra artekoa da. Horretarako, 94 405 64 50 telefono zenbakira deitu edo idazkaritza@sabinoarana.eus helbide elektronikora idatzi behar da. Mintegia presentziala izango dan arren, streaming bidez ikusteko aukerea egongo dala aurreratu dabe antolatzaileek. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu